Ingurumena

Ingurumenaren aldeko ekintzaile bat hil dute tiroz Guatemalan

Diana Isabel Hernandez larunbatean hil zuten Monte Gloria komunitatean. 2017an eta 2018an komunitatearen alde ari ziren liderren kontrako 39 zenbatu dituzte, eta Elkartasunaren aldeko Aliantza GKEak salatu du egoera okertu egin litekeela herrialdean irailaren 5ean ezarri zuten setio egoerarekin.

Diana Isabel Hernandez ingurumenaren aldeko ekintzailea. BERRA
jon ordonez garmendia
2019ko irailaren 16a
09:53
Entzun

Diana Isabel Hernandezek 35 urte zituen, eta Ingurumen koordinatzaile zen Guatemalako Guadalupeko Andra Maria parrokian, Suchitepequez departamentuan. Larunbatean Monte Gloria komunitateko prozesio batean ari zen parte hartzen, eta tiroz hil zuten, gaur Elkartasunaren aldeko Aliantza gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez. Komunitate horretan bizi zen Hernandez.

"Ingurumenaren babesa bultzatzeko ekintzetan parte hartzen zuen, eta bere biziaren zati handi bat eman zuen basoberritze komunitariorako bertako espezieen sentsibilizazioan eta horiek lehengoratzen, eskualdeak dituen ingurumen arazoei aurre egiteko; batez ere, ur eskasiari", azaldu du Elkartasunaren aldeko Aliantzak. Hernandezen hilketaren ostean ohartarazi dute Guatemalan hilabete hasieran ezarritako setio egoeran ugaritu egin daitezkeela giza eskubideen kontrako erasoak.

GKEak salatu du Hernandezena "hilketa koldar bat" izan dela, eta gaineratu du 2017an eta 2018an komunitatearen onerako lanean ari ziren liderren kontrako 39 eraso izan direla, eta ez dituztela argitu. Horregatik, Hernandezen hilketa argitzeko ikerketa sakon bat egin dezatela eskatu du, "ez dadin geratu, beste asko bezala, zigorrik gabe".

Guatemalan bizi den egoera "kaotikoa" dela esan du, batik bat irailaren 5ean setio egoera ezarri zenetik. Izabal, El Progreso, Zacapa, Alta Verapaz, Baja Verapaz eta Peten departamentuetan kalera atera da armada, hain zuzen, GKE horren arabera, enpresa proiektu erraldoiek gatazka sozial handiak eragin dituzten lekuetan; proiektu horren artean daude konpainia hidroelektrikoak, meategiak edo nekazaritzarekin lotutako negozioak.

Elkartasunaren aldeko Aliantzak uste du setio egoerak eta soldaduen presentziak abusuak erraztuko dituela. "Gobernuak hiru militarren aitzakia erabili du Izabalen setio egoera ezartzeko eta erresistentziei eraso egiteko, liderrak harrapatu eta baliabideak ustiatzeko", esan du Julio Gonzalez Madreselva Kolektiboko kideak; Elkartasunaren aldeko Aliantza GKErekin egiten dute lan. Gonzalezek nazioarteko gobernuak Guatemalakoari presio egitera deitu ditu, droga trafikoaren arazoa giza eskubideak urratu gabe konpon dezan.

Suchitepequez departamentua Guatemala hego-mendebaldean dago. Oihan tropikala da hangoa, baina zuhaiztiak ia galduta daude gaur egun, eta soilik leku jakin batzuetan mantentzen dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.