Venezuelako Komunen ministrordea

Albanys Montilla: «Iraultza bolivartarraren eraikuntzan inoiz ez dugu bake egoera bat bizi izan»

Montillak azaldu du «boterea goitik eta behetik hartzea» dela proiektu komunalaren nahia. Alegia, lurraldea metodo komunalaren bidez eraikitzea, formula asanblearioan, baina boterea hartzeko prozesuan alderdi politiko indartsu bat lagun duela.

Albanys Montilla, ostegunean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Albanys Montilla, ostegunean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2026ko apirilaren 25a
04:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Albanys Montilla Venezuelako Komunen ministrordea (Barquisimeto, Venezuela, 1997) Euskal Herrian da. Hainbat ekintzatan parte hartuko du hurrengo egunetan; esate baterako, Astigarragan (Gipuzkoa) izango da gaur, Euskal Herriaren eta Venezuelaren arteko elkartasun topaketa batean —elkartasun ekitaldia 13:00etan izango da, Astigarragako frontoian—. Batez ere proiektu komunalaren nondik norakoak azaldu ditu. Venezuelako egoera politiko berriaz ere mintzatu da, eta, haren ustetan, orain da «inoiz baino hobeto antolatzeko eta kontzientzia politikoa izateko» garaia.

Zer desberdintasun daude estatu komunalaren eta ohiko instituzioen artean?

Estatu komunala apustu bat da. Proiektu politiko hau desberdina da gainerakoen aldean, lurraldearen beraren beharren araberakoa baita. Gobernua ez da behar horietara iristen, botere zentraletik oso urruti baikaude. Hortaz, arazoa ez da konponduko gu geu antolatu ezean, behar horiek asetzea eta irtenbideak topatzea lortuko duen proiektu bat diseinatu beharra baitago.

Jendeak bere eguneroko arazoak konpondu behar ditu. Hasieran norbanakoarenak dirudite, baina, bizilagunekin batzar batean biltzen zarenean, konturatzen zara arazo bera daukatela denek, eta horrek antolatzera eramaten zaitu.

Urtarrilaren 3an AEBek Nicolas Maduro presidentea atxilo hartu ostean, nola dago proiektu komunala?

Trumpek erasoa egin eta berehala, kasik esan zuen chavismoak agintean jarraituko zuela, Venezuelan ez dagoelako gobernantza sortzen duen beste eredu politikorik. Berak chavismoa izan zuen hizpide, baina, benetan, chavismotik edo alderditik haratago mintzatu zen Trump. Eraiki dugun eredu sozial eta politikoaz ari zen, komunala antolatzeko moduaz.

Gobernuak etorri eta joan egiten dira, baina herriak bertan jarraitzen du. Eta antolatutako herria bada, bere lurraldearen beharrei erantzuteko gai dena, iraun egingo du. Hortaz, proiektua indibidualtasun batean oinarritzen ez denez, jarraitu egiten du Venezuelan, egoera dena delakoa izanda ere.

Nola ikusten duzue Venezuelako egoera politikoa gaur egun?

Gure ikuspegitik, gerra ekonomikoa eta psikologikoa hor egon da aspalditik. Alegia, inoiz ez dugu bake egoera bat bizi izan iraultza bolivartarraren eraikuntza prozesuan.

Eta zein da zuen rola orain, jokaleku horretan?

Gobernantzako bake baldintzak eta eredu autonomo bat oinarri hartuta, lurraldearen eraikuntzarekin jarraitzea. Hemen herri bat dago, mundu berri bat eta eskubideetan oinarritutako gizarte bat sortu nahi dituena. Eredu bat eraikitzen jarraitu nahi dugu, munduko edozein herrik merezi eta behar duen askatasunarekin. Esate baterako, errepublika aske bat, herrialde bat izateko eskubidea duena.

«Herriak ulertu behar du aberastasunengatik lehiatu nahi dugulako gertatu dela Trumpen esku hartzea»

Baina zer aldatu da urtarrilaren 3az geroztik?

Argi dago gaur egun funtsezko gauzetako bat dela gure presidente Nicolas Maduro eta gure diputatu Cilia Flores askatu ditzatela exijitzen dugula. Venezuelako herria minduta dago bahiketa latz horren ostean, jakina. Baina herriak ulertu behar du Trumpen esku hartzea guk beste eredu bat eraiki nahi dugulako gertatu dela; aberastasunengatik lehiatu nahi dugulako. AEBek argi utzi dute gure petrolioa soilik inporta zaiela, eta bereganatu egingo dutela kosta ahala kosta. Baina, ordutik, indar handiagoz ari gara aberastasun horiengatik lehian. Herriak argi dauka orain dela inoiz baino hobeto antolatzeko eta kontzientzia politikoa izateko garaia.

Nolakoa izan behar du oposizioaren eta zuen arteko harremanak?

Komunen legeak dio erabakiak herritarren batzarrean hartzen direla. Horrek esan nahi du berdin diola zein den zure korronte ideologikoa edo zure militantzia. Venezuelarra edo Venezuelan bizi den atzerritarra zarenez, bizi zaren lurraldean erabakiak hartzeko eskubidea daukazu. Daukagun legerik aurreratuenetako bat da, eta prozesu politenetako bat, inposaketak hausten baititu. Komunetan uste dugu eztabaidatu egin behar dugula, eta eraikiko dugun eredu berri hori zein den erabakitzeko eseri egin behar dugula eta bakoitzaren proposamenak entzun.

Delcy Rodriguez dago agintean orain. Zer-nolako harremana duzue harekin?

Gauza bat da komuna, eredu politiko gisa, eta beste kontu bat da alderdia, hauteskunde tresna gisa. Bi gauza dira. Boterea goitik eta behetik hartzea da gure nahia, eta iruditzen zaigu funtsezkoa dela lurraldea metodo komunalaren bidez eraikitzea, formula asanblearioa erabiliz. Baina, era berean, funtsezkoa da alderdi politiko indartsu bat izatea, boterea hartzeko prozesuan ariko dena.

Izan ere, nola izango duzu herri mugimendu indartsu bat, edo tokiko erakunde bat, gobernu zentrala aurka baduzu? Edo gobernuak jazarri egiten badizu? Bi alde horien artean komunikaziorik ez badago, horrelako proiektu batek ezin du aurrera egin. Chavez komandantearekin, Nicolas Maduro presidentearekin eta orain Delcy Rodriguezekin, argi daukagu herri boterearen eta herriaren aliatuak direla, eta haiek direla gure buruzagiak. Venezuelan gerra zibilik egon ez dadin, beharrezkoa da haiek herria zuzentzea eta gu lagun izatea.

Hortaz, Maria Corina Machado oposizioko burua gobernura iristen bada, zuen proiektuak ez du etorkizunik izango?

Eskuin muturra Venezuelako botere politikora iritsiko balitz, segur aski buruzagitzak eta herri antolatua suntsituko lituzke, ezin izango lukeelako gobernantzarik sortu. Ezingo lukete jasan herria baliabideengatik lehiatzea, haiek boterearen eta abizenen tradiziotik datozelako. Inoiz ez dituzte aberastasun horiek partekatu; ez daude horretarako prest.

Baina herri honek kontzientzia politikoa dauka, Chavezek piztu zuen kontzientzia hori. Herria bera prest dago sortzen duen aberastasunarengatik lehiatzeko, eta salatu egiten du goi kargudun batzuek aberastasun hori bereganatu nahi izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA