Egun bakarrean 307.930 kasuren berri eman du OME Osasunaren Mundu Erakundeak, orain arteko daturi altuena. India, AEBak eta Brasil dira kasu gehien atzeman dituzten hiru herrialdeak. Asiako estatuak 94.300 kutsatu gehiagoren berri eman du azken 24 orduetan. Ez dira bakarrak, ordea: Europako estatuetan ere gorantz doaz kutsatzeak, eta OMEren Europarako adarrak ohartarazi du urrian eta azaroan egoerak okerrera egingo duela, eta hilkortasun tasa handitu egingo dela.
Israelek, bestalde, hiru astera luzatu du joan den astean iragarritako itxialdia, kutsatzeak gutxitzeko asmoz. Parlamentuan gaur onartu duten neurriak mugitzeko eta biltzeko askatasuna mugatzen ditu. Dena den, Tel Avivek «neurri bereziak» iragarri ditu sinagogetarako, non hainbat laguneko bilkurak onartuko diren.
Erabakiak protestak eragin ditu herrialdean, eta hainbat ministrok dimisioa eman dute. Kargua utzi dutenetako bat izan da Yaakov Litzman Etxebizitza ministro ultraortodoxoa. Litzmanek aurrez ohartarazi zuen dimisioa aurkeztuko zuela baldin eta Benjamin Netanyahuren gobernuak itxialdia ezartzen bazuen Rosh Hashanah jai erlijiosoaren aurretik, eta halaxe egin du. Izan ere, ostiralean sartuko da indarrean berrogeialdia, jai erlijiosoaren bezperan.
Azken datuen arabera, 40.000 kasu daude Israelen, eta adituek ohartarazi dute osasun sistema kolapsatzeko zorian dagoela. Atzemandako kasuen artean, bostehun gaixo larri daude, eta datozen egunetan gehiago izan daitezkeela ohartarazi du Osasun Ministerioak.