UDAKO SERIEAK. Udaberri Arabiarren ondorena. Libia (III)

Inor gutxik esango du udaberria loratu zela

Libian 2011n izandako protestek eta Mendebaldeko herrialdeen esku hartzeak Muammar Gaddafiren 42 urteko agintaldia amaiarazi zuten. Egun, herrialdea bitan zatituta dago, eta, adituen arabera, bizimoduak okerrera egin du azken hamalau urteetan.

Muammar Gaddafi 1969tik 2011ra arte Libiako buruzagi izandakoaren argazki hautsiak, artxiboko irudi batean. CIRO FUSCO / EFE
Muammar Gaddafi 1969tik 2011ra arte Libiako buruzagi izandakoaren argazki hautsi batzuk, artxiboko irudi batean. CIRO FUSCO / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko abuztuaren 7a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Udazkena etorri zen Libiara udaberriaren ondotik. Eta aspaldi da herrialdea neguan murgilduta dagoela. Udaberri Arabiarreko erreboltek Tunisia eta Egipto astindu ostean piztu zen matxinada Libian, 2011ko otsailean. Zortzi hilabeteren buruan, hau da, urrian, matxinoek —AEBen, Frantziaren eta Erresuma Batuaren esku hartzeak lagunduta— Muammar Gaddafi hil zuten, eta haren 42 urteko agintaldiari amaiarazi. Claudia Gazzini International Crisis Group ikerketa zentroko ikerlariaren arabera, libiar gehienek esango dute orain okerrago daudela eta gehiago sufritzen dutela Gaddafiren agintaldian baino; «herrialdean anarkia, ziurgabetasuna eta indarkeria dira nagusi». Gaddafi boteretik kendu eta hamalau urtera, Libia bitan zatituta dago: mendebaldean, Batasun Nazionaleko Gobernua dago agintean; Tripoliko gobernu horrek NBE Nazio Batuen Erakundearen onespena du, eta Abdul Hamid Dbeibah da lehen ministroa. Ekialdean, ostera, Tobruken, LNA Libiako Armada Nazionalaren buru Khalifa Haftarren aldeko koalizio batek du agintea.

Gazzini aldizka joaten da Libiara, eta hango errealitatea «surrealista» dela adierazi du bideo dei bidez: «Instituzioen arloan kaosa da nagusi, baina herritarren bizimoduak aurrera jarraitzen du». Elkarren artean etsaitutako bi gobernu daude, baina jendea etengabe mugitzen da herrialdearen alde batetik bestera: «Egunero bost, sei edo zazpi hegaldi daude Tripolitik Bengazira [ekialdeko hiririk populatuenera]».

Gainera, Libia «krisi ekonomiko larrian» dagoela adierazi du Jalel Harchaoui Royal United Services Institute erakundearen Erresuma Batuko ikerketa zentroko ikerlariak: «Gastu publikoa gehiegizkoa da, neurrigabea, zentzugabea. Dinarrak gero eta balio txikiagoa du. Ustelkeria asko dago, eta herritarrak inflazioa pairatzen ari dira».

«Hamalau urte geroago, Libia konstituziorik gabe dago oraindik, eta azken hamar urteetan ez da hauteskunderik egin»

CLAUDIA GAZZINI Crisis Groupeko ikerlaria

Gaddafi erorarazi zutenetik, herrialdea «nahas-mahas etengabean» egon dela azaldu du Gazzinik, eta Udaberri Arabiarreko eskaerak bete gabeak direla oraindik: «Politikan parte hartzeko aukera edukitzea exijitzen zuten herritarrek, baita konstituzio bat egitea ere. Bada, hamalau urte geroago, Libiak oraindik ez du konstituziorik, eta azken hamar urteetan ez dute hauteskunderik egin».

Crisis Groupeko ikerlariaren arabera, erreboltaren ondorengo urteetan egon zen «esperantza» aldi bat: libiarrek uste izan zuten trantsizioa gauzatuko zela. Ez zen hala izan. Hauteskundeak egin zituzten 2012ko uztailean, eta trantsiziorako gobernu bat osatu. Baina esperantzak gutxi iraun zuen: 2014an amaitzekoa zen behin-behineko gobernu horren agintaldia, eta bozak egin zituzten, baina trantsizio gobernuko ordezkari islamistek ez zuten kargua utzi nahi izan. Ordezkarien Ganberak herrialdearen ekialdera lekualdatu zuen egoitza, Tobrukera; eta erakunde horren babesarekin, armada —Haftarren esku zegoen— gobernuaren aurka altxatu zen. Gainera, garai horretan, talde jihadistak indarra hartzen hasi ziren Libian.

«NBEk aitortua du Tripoliko gobernua, baina ahula da; ez du Tripoliko eremu osoa kontrolatzen»

JALEL HARCHAOUI Royal United Services Instituteko ikerlaria

Sei urtez aritu ziren gerran Adostasun Nazionaleko Gobernua —Tripoliko gobernu islamista— eta Ordezkarien Ganbera —ekialdeko koalizioa, Haftarrek gidatutako armada barne hartzen zuena—, 2014tik 2020ra bitarte. 2019an, Haftarren tropek erasoaldi bat hasi zuten Tripolin, baina huts egin zuten. Horren ostean, NBEk bultzatuta, su etena sinatu zuten bi aldeek. Hurrengo urtean, 2021ean, Batasun Nazionaleko Gobernua sortu zuten, Tripoliko eta Tobrukeko agintaritzak batzeko asmoarekin. Dbeibah izendatu zuten lehen ministro. Gazzinik azaldu du Libia batuta iraunaraz zitekeen esperantza sortu zela orduan. Haftarren koalizioak, baina, uko egin zion Dbeibah lehen ministro gisa aitortzeari, eta bi agintaritzak etsaituta daude orain. «Kaos instituzionala da nagusi, baina urte batzuk daramatzate gerrarik egin gabe».

Gazzinik mendebaldeko gobernuaren eta ekialdekoaren arteko alde nagusiak xehatu ditu: «Mundu ikuskerak bereizten ditu». Crisis Groupeko kidearen arabera, Tripoliko agintariek Anaia Musulmanak erakunde islamistarekin lotura izan dute tradizioz, baita beste milizia islamista batzuekin ere, eta Haftarren koalizioa estatu kolpe bat ematen ari dela diote. Bestalde, ekialdeko agintaritzak uste du Anaia Musulmanak eta gisa horretako talde islamistak debekatu egin behar direla, hau da, «Egiptoren antzeko ikuspegia dute», Egipton Anaia Musulmanak legez kanpo baitaude 2013tik. Gazziniren arabera, Haftarrek «errepresio gogorra» erabiltzen du islamisten aurka, baita bere alde ez dauden guztien aurka ere.

Petrolioa, adierazle

Egun, Libia ekialdean Gaddafiren garaian baino errepresio handiagoa dago, Crisis Groupekoaren ustez: «Jendea desagertu egiten da». Mendebaldean, kontrara, askatasun handiagoa dutelakoan dago. Bat dator Harchaoui, baina zehaztu duenez, mendebaldean ere gero eta jarrera autoritarioagoak hartzen ari dira. Bestalde, Libiako herritar gehienek arrisku handiagoa nabari dute gaur egun; Gazzinik argi du: «Gaddafirekin segurtasun eta ordena handiagoa zegoen».

Estatua zatituta egoteak ekonomiari ere kalte egin dio, Harchaouik adierazi duenez, eta petrolioa jarri du horren adibide. AEBetako Energia Departamentuaren datuen arabera, Afrikan petrolio gehien ekoizten duten herrialdeen artean hirugarrena izan zen Libia iaz, Nigeriaren eta Aljeriaren atzetik. Batez beste 1,18 milioi upel ekoitzi zituen egunero. Harchaouiren iritziz, Libiak egunean bi milioi upel ekoizteko ahalmena du, baina gobernu bakar bat ez izateak kalte egiten dio.

(ID_4103692) LIBIA OFENSIVA
Gaddafiren aurkako matxinoak Libia erdialdean, Sirte hiria hartu aurretik, 2011ko irailean. CIRO FUSCO / EFE

Gadaffiren agintaldiko azken bost urteetan —2006tik 2010era—, batez beste 1,8 milioi upel baino gehiago ekoitzi zituzten egunero. 2011n, ekoizpena 0,5 milioira jaitsi zen, eta, ordutik, gorabehera handiak izan ditu. Petrolio Korporazio Nazionalean ustelkeria asko dagoela uste du Harchaouik, eta Dbeibahren gobernuak oztopoak jarri izan dizkiola. Gainera, ohartarazi du Haftarren koalizioak produkzio guztia eteteko ahalmena duela, eta hala egin izan duela «krisi» garai batzuetan.

Europaren mugazain

Azken hilabeteetan istiluak piztu dira Tripolin. Ez dira, baina, bi gobernuen artekoak izan: «Dbeibahren aliatuak dira elkarren aurka borrokan ari diren talde armatuak», argitu du Gazzinik. Harchaouirentzat, gaur-gaurkoz, herrialdeko «arazo handiena» hiriburuan bertan dago: «NBEk aitortua du Tripoliko gobernua, baina ahula da; ez du Tripoliko eremu oso kontrolatzen». Gertakari horien harira, Tripolin protestak egin dituzte Dbeibah kargutik kendu dezatela eskatzeko. Hori dela eta, hiriburua kontrolpean duela erakutsi nahian ari da lehen ministroa, Harchaouik azaldu duenez: «Hiriko beste milizia batzuei eraso egiten die, uste baitu gailenduko dela eta boterean gehiago iraungo duela». Baina jarrera horrek duen arriskua ere aipatu du: «Aurkariak erabat suntsitzen ez baditu, baliteke Tripoliko gatazkak herrialde osora zabaltzea».

Mendebaldeak presio egin zuen Gaddafiren aurka, eta esku hartze militar hari esker kendu zuten boteretik. Egun, Mendebaldean badaude Libiako bi agintaritzekin akordioak egiten dituzten herrialdeak: Giorgia Meloni Italiako presidentea, esaterako, hala Dbaibahrekin nola Haftarrekin batzartu izan da azken urteetan; «akordio informalak» egin ditu biekin, migrazioa mugatzeko. «Europara joan nahi duten legez kanpoko etorkin askoren sarbidea da Libia», argitu du Harchaouik. EB Europako Batasunak ere itunak eginak ditu Libiarekin, migranteei Europan sartzea eragozteko: «Orain, zailago dute Europara joatea, eta Libian pilatzen ari dira». Gainera, Amnesty Internationalek eta gobernuz kanpoko beste zenbait erakundek salatu dute migrante horien giza eskubideak urratzen dituztela Libian, «infernuan» bizi direla, eta EBri leporatu diote konplize izatea.

Beste herrialde batzuek, ostera, agintari batzuk edo besteak babesten dituzte. Errusiak eta Turkiak presentzia militarra dute Libian; lehenak Haftarren koalizioa babesten du, eta bigarrenak, berriz, Dbaibahren alde egin zuen 2021ean. Orain, baina, Ankara Tripoliko gobernuari babesa kentzear da, Harchaouik ohartarazi duenez: «Oso posible da datozen hilabeteetan beste lehen ministro bat ezartzea Tripolin». Adituek, baina, ez dute espero horrek herrialdea bateratzerik. Gazziniren arabera, bi gobernuak «eroso» daude egungo egoerarekin, eta nazioartea «beste kontu batzuetan distraituta» dago. Beraz, ez zaio iruditzen aukerarik dagoenik hauteskunde prozesu baten bidez Libia bateratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.