Kim Jong-Un Ipar Koreako presidenteaz iseka egiten zuen film bat argitaratzera zihoala-eta, eraso zibernetikoa egin zioten Ameriketako Estatu Batuetako Sony etxeari. Polemika piztu zuen horrek, eta "neurriko" erantzun bat emango zuela agindu zuen Barack Obama AEBetako presidenteak. Inork ez du bere gain hartu Ipar Koreako Internet sarearen aurka eraso egin izana, baina begirada guztiak AEBetara begira daude orain.
Besteak beste, KCNA Ipar Koreako berri agentzia ofizialaren eta Rodong Langileen Alderdiko egunkariaren webguneak etenda izan ziren astelehenean, 01:00etatik 10:45era. Hego Koreako hainbat hedabidek nabarmendu dutenez, ohikoa da sarea erortzea Ipar Korean, baina ez, ordea, atari horiek guztiak batera erortzea.
"Aztertzen ari gara ea arrazoia kanpo eraso bat edo segurtasuna indartzeko barne sistemaren proba bat izan den", azaldu dute Hego Koreako Gobernuko iturriek. Ipar Koreako Gobernuak oraindik ez du erreazkiorik plazaratu. Bestalde, erasoa egin izana ukatu du Txinako Gobernuak.
Ez da lehen aldia Ipar Koreako sareari eraso egiten diotela, hala ere. Abuztuan, Human Rights Foundation gobernuz kanpoko erakundeak Ipar Koreako atari ugariren kontrako erasoaldi bat abiatu zuen, kanpoko informazioa sartzeko.