Afganistango Gobernuak Interneterako sarbidea blokeatu du

Talibanek erabat moztu dute Internet, eta zerbitzu telefonikoek eta satelite bidezko telebistak ere ez dute ondo funtzionatzen. Herritarrak inkomunikatuta gelditu dira.

Kabulgo hiriaren argazki panoramikoa, atzealdean telekomunikazio dorreak ikusten direla. AMIULLAH POPAL / EFE
Kabulgo hiriaren argazki panoramikoa, atzealdean telekomunikazio dorreak ikusten direla. AMIULLAH POPAL / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2025eko irailaren 30a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Afganistango Gobernuak Interneterako sarbidea blokeatu du, eta gainontzeko telekomunikazioek ere ez dute ondo funtzionatzen. Interneterako sarbidea monitorizatzen duen Netblocks erakundeak eman du mozketaren berri, bart gauean, eta jakinarazi du herrialdeko hainbat sare deskonektatu direla, zerbitzu telefonikoei eta satelite bidezko telebistari ere eragin diela, eta Internet «erabat itzalita» geratu dela.

Hango hedabideek ere eman dute gertatutakoaren berri. Amu TVk dio talibanek zuntz optikoa blokeatu zutela lehendabizi, atzoko 17:00ak inguruan —Euskal Herriko 14:30ean—, eta ondoren hasi zirela sakelako telefonoetako konexioak eteten. Tolo Newsek adierazi du nazioarteko agentziek kontaktua galdu dutela haien Kabuleko bulegoekin, eta jendeari eskatu dio komunikabideari sare sozialetan jarraitzeko, etenaldiak espero baitituzte sarean, telebistan eta irratian.

Talibanak daude gobernuan, eta oraindik ez dute eman mozketaren inguruko arrazoi ofizialik. Baina duela pare bat aste, neurri hori hartzeko aukera aipatu zuten, «ekintza immoralei aurre egiteko». Hainbat eremutako zuntz optikoa moztu zuten orduan ere. Iragarpenaren ostean, Haji Zaid Afganistan iparraldeko Balkh probintziako gobernadoreak adierazi zuen hori gertatzen bazen ere «oinarrizko beharretarako sistema alternatibo bat» ezarriko zutela herrialde barrurako. Aldiz, ez zuen argitu zer esan nahi zuen gobernuak «ekintza immoralak» aipatzen zituenean.

Afganistanek 43 milioi biztanle ditu, eta guztiei eragin die mozketak. Nazioarteko hainbat hedabidek atzerrian bizi diren hainbat afganistandarren lekukotzak jaso dituzte, eta, haien arabera, herrialdean nabaria da bakartuta geratzeko beldurra. Esan dute atzotik ezin direla inorekin harremanetan jarri telekomunikazioen bidez, eta ez dagoela modurik salbu dauden ala ez jakiteko.

Internetek ez funtzionatzeak hainbat eragin izan ditu, baita herrialdeko ekonomian ere. Izan ere, hainbat hegaldi bertan behera geratu dira, banku sistemak eten egin dira, eta sare bidezko merkataritzak ere ez du funtzionatzen. «Afganistanek ofizialki lehen postua hartu du [Interneteko] deskonexiorako, Ipar Korearekin lehian», idatzi du X sare sozialean Hamid Haidari Afganistango 1TV hedabidearen zuzendari ohiak.

Talibanak agintean

Talibanak 2021etik dira agintean Afganistanen, eta, ordutik, hainbat murrizketa ezarri dizkiete herritarrei, xaria islamikoaren haien interpretazioari jarraituz. Hala ere, telekomunikazioen blokeo hau azken urteetako handienetako bat izan da, baita koordinatuenetako bat ere. Hortaz, nazioarteko hedabideekin mintzatu diren adituen arabera, talibanen jokabide honek aurreko erregimen talibanaren (1996-2001) tankera har dezake, zeinean telebista, sateliteak eta komunikazio tresnak debekatu zituzten, moralaren aurkakoak zirelakoan.

Talibanek seigarren mailatik aurrera eskolara joatea debekatu zieten herrialdeko neskei, eta, beraz, haietako askok Internet bidez ikasten zuten, atzerriko irakasleekin eta erakundeekin. Familiek eta erakundeetako ordezkariek salatu dute aukera horiek ere arriskuan daudela orain: «Ikasteko geratzen zitzaien azken aukera ere kendu diete», adierazi dio irakasle batek BBC hedabideari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.