Ipar Irlandako bi alderdi nagusiak gobernuko koalizioa negoziatzen hasi zirenean, hainbat gatazkari aurre egiteko prest zeuden, baina ez zuten espero faktore berria: Londresen ere zintzilik geratuko zela gobernua. Sinn Fein eta DUP Alderdi Demokratiko Unionista erabat aurrez aurre daude Ipar Irlandari eragiten dieten gai garrantzitsuenetan: memoriaren lanketan, brexit-ean eta gizarte politika gehienetan. Martxo hasieratik, trabatuta daude negoziazioak, eta mugara heltzen ari dira: James Brokenshire Estatu idazkariak ohartarazi die maiatzerako akordiorik ezean berriro deitu beharko duela bozetara, edo Londresek zuzenean kudeatuko dituela Stormonten eskumenak.
Mehatxu horrek itxura lausoagoa hartu du orain, Londresen zer-nolako gobernua egongo den ere ez dakitenez gero. Negoziazioak ere zailago bihurtuko dira, alderdiak kanpainan dauden bitartean konplexuagoa izaten baita akordioak lortzea. Mayren iragarpena heldu bezain laster hasi da bakoitza bere jarrera markatzen: DUPek tory-en ildoa babestu du, baita brexit-a ere; Sinn Feinek, aldiz, «murrizketen aurkako botoa» eskatu du. Gaur egun, Ipar Irlanda Londresen ordezkatzen duten hemezortzi diputatuetatik, zortzi DUPenak dira; Sinn Feini lau dagozkio, baina uko egin ohi dio eserleku horiek betetzeari, aginte britainiarrarekiko protesta gisa.
Martxoko bozetan —Stormontekoetan—, DUPetik diputatu bakarrera geratu zen Sinn Fein. Aldaketa horren arrazoietako bat brexit-a izan zen: Ipar Irlandan, herritarren %56k aurka bozkatu zuten; besteak beste, brexit-ak lurreko muga ezarriko liekeelako berriz. Hain zuzen ere, ordutik inoiz baino britainiar gehiago ari dira Irlandako Errepublikako pasaportea eskatzen.
Gerry Adams Sinn Feineko buruak Stormonten ere berriro hauteskundeetara deitu behar luketela adierazi du, geldialdi politikotik irteteko. Ekaineko hitzordu seinalatuak ezinbestean eragingo du alderdien jarreretan, eta tentagarria izan daiteke denbora igarotzen uztea, botere harremanak nola geratzen diren ikusteko. Baina Brokenshire ez dago prest negoziazioak hainbeste luzatzeko, eta ziurgabetasun betean egin beharko du zirt edo zart.
Erresuma Batua. Hauteskunde deialdia
Ipar Irlanda. Inor ez gobernatzeko
Martxotik, koalizioa osatu ezinik dabiltza DUP eta Sinn Fein. Londresek ohartarazi die autonomia eten dezakeela, edo berriz bozetara deitu; Mayren iragarpenak ez du lagunduko auzia argitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu