HErrialde katalanak

Ipar Katalunia hartuko duen eskualde berriaren izena bihar zortzi erabakiko dute

Gaur amaitu da Internetez botoa emateko epea. Kataluniaren aipamena jasotzen duen aukera bakarra laugarren geratu da.

Correllengua, hizkuntza katalanaren aldeko ekimena, Euskal Herriko Korrikaren antzekoa, Perpinyan. ORIOL CLAVERA
2016ko ekainaren 16a
12:44
Entzun

Interneteko bozketa ez da loteslea, eta ekainaren 24an erabakiko du Kontseilu Nagusiak zein izango den Ipar Katalunia bere barruan hartuko duen makroeskualdearen izena. 2014ko lurralde antolaketaren ondorioz sortutako egitura da eta izendatzeko bost aukera eman dituzte: Languedoc, Languedoc-Pirinioak, Pirinioak-Mediterraneoa, Okzitania eta Okzitania-Herrialde Katalana.

Orain arte Languedoc-Roussillon eta Midi-Pyrenees eskualdeak zirenak bilduko ditu eskualde berriak (lehenengoaren barruan zegoen Ipar Katalunia), eta hamahiru departamentu hartuko ditu baitan. Interneteko bozketan horietan bizi edo familia duten 15 urtetik gorako herritarrek bozkatu ahal izan dute. Maiatzaren 8an hasi ziren bozkatzen.

Vilaweb atariak jakinarazi duenez, Okzitania izena nagusitu da Interneteko bozketan, eta Okzitania-Herrialde Katalana izena laugarren postuan geratu da; Ipar Katalunian babes handia jaso duela zabaldu dute zenbait hedabidek. Ipar Kataluniako biztanleak, ordea, gutxiengoa dira makroeskualdean: 450.000 biztanle dira hor, eta guztira, 1.500.000.

Ikusteko dago Kontseilu Nagusiak zer izen aukeratzen duen, aurretik iragarri baitu kataluniarrak diskriminatuta sentiaraziko ez dituen izen bat aukeratuko duela. Ipar Kataluniako hainbat herritarrek protesta egin dute bost aukeretatik bakarrak jasotzen duelako Kataluniaren aipamena. Gainera, salatu dute enpresarioek eta turismo sektoreak Pirinioak-Mediterraneoa aukeraren aldeko kanpaina egin dutela.

Azken erabakia ekainaren 24an hartuko du Kontseilu Nagusiak, eta aukeratutako izena urrian jarriko da indarrean, Frantziako Estatu Kontseiluaren aldeko txostena baldin badu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.