Ipar Koreak armistizioa utzi, eta harremana eten du Hego Korearekin

NBEren Segurtasun Kontseiluak zigor gehiago ezarri ondoren, gerrarako prest dagoela adierazi du PiongiangekSeulen arabera, gerra hasiz gero «Kim Jong-unen erregimena desagertu» eginen da

mikel rodriguez
2013ko martxoaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ipar Koreak solas gogorrekin erantzun die NBE Nazio Batuen Erakundeak paratutako zigorrei, eta solasak ez ezik, neurriak ere iragarri ditu. Horietan garrantzitsuena, gerra amaitzeko AEBekin 1953an sinatu zuen armistizioa bertan behera uztea —Hego Korea ez zen sinatzaileen artean egon—. Neurri hori etzi indarrean sartuko dela dio Piongiangek, eta hortik aitzinera «Koreako estiloko justizia» aplikatuko diela ohartarazi die «probokatzaileei». Hego Koreak, ordea, iparraldeari egotzi dizkio «probokazioak», eta gogor erantzungo diola erran du Park Geun-hye presidenteak. Gerra hasiz gero, «Kim Jong-unen erregimena desagertu» eginen dela ere adierazi du Seulek.

Tentsio dinamika larrian sartu da Koreako penintsula, baina ez da lehenbiziko aldia. Azken hemeretzi urteotan Piongiangek sei aldiz iragarri du armistizioaren amaiera, eta ez da gerra lehertu. Hala ere, betiko zalantza sortu du: sokaren tenkatze eta erretorikaren gogortze soila ote den dena, edo gatazka irekiaren atarikoa.

Hiru urteko gerra odoltsua bake akordiorik gabe bukatu zen, soilik armistizio batekin. Horrek teknikoki gerra egoeran utzi zituen Ipar Korea alde batetik, eta AEBak eta Hego Korea bertzetik. Horren ondorioz, 60 urteotan tentsioa zikloka mugitu da, gogortu eta leundu; desagertu, inoiz ez. Gogortze aldietan Ipar Koreak erretorika hagitz gogorra erabili du. Irabazi bat eskuratzeko presio gisa edo herrialdeko buruzagiaren agintea indartzeko jarrera gisa interpretatu dute hori maiz AEBek eta Hego Koreak. Piongiangek, ordea, erabat ukatu du hori. «Hain zentzugabeak dira errateko Koreako Herri Errepublika Demokratikoaren asmoa dela Hego Korean 'ezegonkortasuna' sortzea, 'elkarrizketara bideratzeko'. Gure jarrera irmoari garrantzia kendu nahi diote».

Armistizioaren amaiera CPRK Korearen Batasun Baketsurako Batzordeak jakinarazi du, KCNA agentzia ofizialaren bidez. 2006ko eta 2009ko testuinguru bertsuan etorri da adierazpena: proba nuklear bat egin ondoren, Segurtasun Kontseiluak ezarritako zigorrei erantzuteko. Hizkera eta iragarritako neurriak, baina, azken aldiko gogorrenak dira. Gainera, zigorrak ez ezik, azken egunotan AEBek eta Hego Koreak elkarrekin hasitako ariketa militarrak ere probokaziotzat hartu ditu Piongiangek.

Zehazki, hiru neurri iragarri ditu CPRK-k: armistizioaren eta elkarri ez erasotzeko hitzarmenen amaiera, Koreako penintsularen desnuklearizaziorako adierazpenaren baliogabetzea eta Hego Korearekin komunikatzeko zeuden kanal guztien etetea. Lehenbiziko puntuari dagokionez, CPRK-k jakinarazi du Ipar Koreako armada alerta gorenean dagoela, «agindua jasotakoan batasun nazionala erdiesteko xedeari ekiteko». Batasuna lortzeko «gerra handi bat» hasteko «urrezko aukera» dagoela uste du Piongiangek. Hirugarren puntuari dagokionez, berriz, hartutako neurri nagusietako bat izan da Panmunjomeko komunikazio postua ixtea. Hego Korearekiko mugan dagoen hustutako herri bat da, eta gerraz geroztik bi gobernuek aurrez aurre mintzatzeko erabili duten tokia. Harremanak «konpondu ezinezko marra» gainditu du Piongiangentzat.

Hego Korea Defentsa ministroa izendatu berritan harrapatu du Piongiangen adierazpenak. Kim Byung-kwanek atzo zuen kargua berresteko agerraldia. Militar ohia, 2006-2008. urteetan AEBetako eta Hego Koreako armaden unitate bateratuko buruzagiordea izan zen Kim, eta 2010-2011. urteetan armen arloko negoziogile baten aholkulari izan zen. Negoziogile horrek Alemaniako tanke baten pieza akasdunak saldu zizkion Hego Koreako armadari, eta oposiziotik Kimi egotzi diote salmenta horrekin dirua bidegabeki irabazi nahi izatea. Kimek, ordea, Ipar Korearen adierazpenean zentratu du agerraldia. «Etsaiak probokatuz gero, gogor erantzunen dut garesti ordain dezan».

Txina, lasaitasun eske

Txinak «lasaitasuna» eskatu die Piongiangi eta Seuli, elkarrizketei eusteko eta giroa gehiago gaiztotu dezakeen deus ez egiteko. Ipar Korearen aliatu historikoa da Txina, eta irauteko duen nazioarteko babes nagusia. Herenegun, baina, Pekinek Piongiangen aurkako zigorrak onartu zituen, AEBekin negoziatu ondoren.

Ipar Koreak arma nuklearren jabetza herrialdearen burujabetza mantentzearekin lotzen du. Haren arrazoiketaren arabera, arma horiek eduki ezean AEBek eta Hego Koreak inbadituko lukete. Armadako Batzorde Gorenak ateratako ohar batek argi utzi du hori: «Koreako Errepublika Demokratikoa ez da izanen Balkanak, Irak edo Libia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.