Koreako penintsula

Ipar Koreak eta Hego Koreak beren misilak probatu dituzte egun berean

Tokiok bere segurtasunarentzat «mehatxutzat» jo du Piongiangek Japoniako itsasora egindako jaurtiketa.

Seulgo herritar batzuk azken orduko albisteak begiratzen, gaur. EFE
ander perez zala
2021eko irailaren 15a
12:28
Entzun

Iragan martxoan egin zituen azken jaurtiketak, eta orain, lau egunean, Ipar Koreak bigarren aldiz jaurti ditu bi misil balistiko Japoniako itsasora, Japoniako eta Hego Koreako agintariek jakinarazi dutenez. Seulen arabera, misilek 800 kilometroko ibilbidea egin dute, 60 kilometroko garaierara iristeraino; hala, Piongiangen aurtengo bosgarren jaurtiketa da gaur egindakoa.

Badirudi jaurtiketaren data ez dela kasualitatea, Txinako Atzerri ministro Wang Yi Hego Koreako hiriburuan baita, hainbat auziz aritzeko; tartean, Ipar Korearen programa militarraz eta Piongiang desnuklearizazioari buruzko negoziazioetara itzultzeko aukeraz.

Ohiko modura, inguruko herrialdeen haserrea eragin du Ipar Korearen azken maniobra militarrak. Japoniako lehen ministro Yoshihide Sugaren ustetan, jaurtiketak «onartezinak» dira, eta eskualdearen segurtasuna eta bakea mehatxatzen dituzte. Bide beretik jo du Hego Korearen eta Japoniaren aliatu AEB Ameriketako Estatu Batuen armadak, adierazita Ipar Korearen «arma programak desegonkortzea» dakarrela.

Piongiangen jaurtiketaren egun berean, Seulek jakinarazi du urpeko batetik misil balistiko bat jaurtitzea lortu duela, baina ez duela «zerikusirik» Ipar Korearenarekin, eta ez dela erantzun bat izan, jaurtiketa aurrez antolaturikoa zelako.

Hego eta Ipar Korearen arteko arma goraldia duela bi aste inguru hasi zen. Orduan, Piongiangek berriz aktibatu zituen zenbait instalazio, lehergailuetan erabiltzen diren erregai nuklearra eskuratzeko, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera; Seulek, berriz, jakinarazi zuen misil berriak garatuko dituela, «suntsitzaileagoak eta helmen handiagokoak».

Bien bitartean, desnuklearizazioari buruzko bi herrialdeen –eta AEBen— arteko elkarrizketak etenda daude oraindik ere. Azkena 2019an egin zuten, Vietnamgo hiriburuan, baina Washingtonentzat, Piongiangen eskaintza ez zen «nahikoa» izan, eta uko egin zion herrialde horren kontrako zigor ekonomikoak kentzeari.

Joe Biden AEBetako presidente denetik, Etxe Zuriak hainbatetan adierazi du edonon eta noiznahi elkartu daitezkeela berriz, baina, oraingoz, ez du Ipar Korearen erantzunik jaso.

NBEren Segurtasun Kontseiluak ez ditu urpekoen bidez jaurtitako misilak debekatzen; aldiz, misil balistikoak bai, mehatxu eta helmen handiagoa dutelakoan.

Ipar Korearen egoera

Kanpora begira, armak jaurtitzen ditu oraindik ere Ipar Koreak, eta, etxera begira, egoera ez da hobetu azken hilabeteotan. Herrialdeak janari eskasia du, eta urtebete baino gehiago pasatu du bakartuta, COVID-19aren pandemiaren harira.

Epe horretan, Txinarekin, haren aliatu nagusiarekin, merkataritzaren gehiengoa etetea erabaki zuen, eta horrek eragin handia izan du baldintzetan. Gainera, nazioarteko erakundeen zigorrek gehiago zailtzen dute egoera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.