IPAR KOREA

Ipar Koreak jaurtitako misil balistiko batek nahasmena eragin du Japonian

Hasieran, Tokikok Hokkaido uharteko herritarrei agindu die babespean jartzeko, baina, handik gutxira, alerta indargabetu dute. Hego Koreak ez du baztertu jaurtigaiak erregai solidoa eduki izana.

Hokkaidoko prefekturako langileak informazioa biltzen, Ipar Koreak misil balistiko bat jaurti ostean, gaur, Sapporon, Japonia iparraldean. JIJI PRESS / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko apirilaren 13a
13:30
Entzun

Ipar Koreak gaur goizaldean botatako misil balistiko mota berri batek beldurra eta nahasmena eragin ditu Japonian, Tokiok kudeatutako airekoen kontrako alerta sistema batek ohartarazi ostean misila iparraldeko Hokkaido uhartetik gertu eror zitekeela. Hain zuzen, larrialdiko irrati sistemak Hokkaidoko milioika herritarrei eskatu zien babespean jartzeko. J-Alert sistemak 08:00ak baino lehentxeago eman zuen agindua —01:00 Euskal Herrian—, baina handik hogei minutu ingurura indargabetu zuen, argudiatuta «oker» iragarri zuela misila irlatik gertu eroriko zela.

Dena dela, Japoniako Gobernuak gerora azaldu du larrialdiko ebakuazioaren abisua egokia izan zela, eta ez zela egin akats baten ondorioz. «Ez dugu zuzendu J-Alert sistemak emandako informazioa», zehaztu du gobernuko idazkari nagusi Hirokazu Matsunok, gaur goizean emandako prentsaurreko batean. Hokkaidoko eskolek hasiera ordua atzeratudute, eta tren zerbitzu batzuk bertan behera geratu dira denbora batez, Japoniako NHK kateak jakinarazi duenez. Tokiok gaurko antzeko ebakuazio agindu bat eman zuen joan den urrian, Ipar Koreak misil bat jaurti ondotik; Ozeano Barean jausi zen.

Hego Koreako Estatu Nagusiak gaur baieztatu duenez, Piongiangetik jaurtitako misilak 1.000 kilometro inguruko bidea egin du hegan, eta Japoniako itsasora erori da; Tokioren arabera, ordea, Ipar Korea ekialdean jausi da. Seulen ustez, misila ohi baino angelu handiago batez jaurti dute, ohiko posiziotik bidaliz gero 5.000 kilometroko bidea egin baitzezakeen. Halere, ekintza «larritzat eta probokatzailetzat» jo dute Seulgo agintariek.

Ipar Koreak aurretik jaurti dituen misilekin alderatuta, bestelakoa izan da azkena, Hego Koreako armadaren ustez. «Ez dugu baztertzen misilak erregai solidoa eduki izana», esan du defentsako funtzionario batek. Erregai solidoari esker, misilak errazago garraiatzen dituzte, eta, erregai likidoa dutenen aldean, azkarrago jaurtitzen dituzte.

Japoniako Gobernuaren gisan, Seulek ere Segurtasun Nazionaleko Kontseiluaren premiazko bilera batera deitu du, eta Piongiangen ekintza gaitzetsi du. Ameriketako Estatu Batuek ere kritikatu egin dute Ipar Korearen jaurtiketa, eta Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren hainbat ebazpenen aurkako «urraketa lotsagarritzat» hartu dute.

Iazko erritmo berean

Joan den urtean, Ipar Koreako armadak inoiz baino misil balistiko gehiago jaurti zituen, Kim Jong-un presidentea buru duen gobernuaren aginduz, eta joan den urteko erritmo berari eusten dio aurten ere, AEBen eta Hego Korearen arteko ariketa militar bateratuei erantzuteko helburuarekin. Washingtonek eta Seulek diote beren jarduerak «defentsakoak» direla, Piongiangen mehatxu nuklearrari eta misilei erantzuteko. Hego Koreako funtzionarioek ziurtatu dutenez, Ipar Koreak astebete inguru darama Seulen deiei erantzun gabe; «arduragabekeriatzat» jo dute. Hegoaldeko herrialdearen asmoa da, hain zuzen, ustekabeko liskarrak saihestea.

Tentsioaren goraldi honetan, KCNA Ipar Koreako albiste agentzia ofizialak Kimen adierazpenak jaso zituen atzo, herrialdeko armada «modu praktikoagoan» indartzeko eskatuz. Piongiangeko Batzorde Militar Zentralaren bilera astelehenean egin zuten, «AEBetako inperialistek eta Hego Koreako txotxongilo traidoreek eraso gerra bat pizteko egiten dituzten maniobren gorakadaren» aurkako erreakzio gisa, KCNAren arabera. Buruzagi militarrek «gai praktikoei eta neurriei» buruz eztabaidatu zuten batzar horretan.

Desnuklearizaziorako elkarrizketak etenda daude 2019tik, Kimen eta Donald Trump AEBetako presidente ohiaren arteko bigarren goi bilerak porrot egin zuenetik. Gaur, Etxe Zuriak Ipar Koreari eskatu dio negoziazio mahaira itzul dadila. «Ez zaio atea itxi diplomaziari, baina Piongiangek berehala eten behar ditu bere ekintza ezegonkortzaileak, eta, horren ordez, diplomaziarako bidea hautatu behar du», esan du Joe Biden AEBetako estatuburuaren administrazioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.