Ipar Korearen misil jaurtiketak gaitzetsi ditu Segurtasun Kontseiluak

Ebazpenak urratzea eta herrialdeko zein mundu zabaleko segurtasunari mehatxu egitea egotzi dio NBEk

Erredakzioa
2009ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Ipar Koreak 11 misil balistiko jaurti izana gaitzetsi du Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak. Iragan asteko ostegun eta larunbatean jaurti zituen misilak Ipar Koreako Gobernuak. Piongiango agintearen jarduerak kezka handia sortu du ondoko herrialdeetan; bereziki Hego Korean eta Japonian.

NBEko organo erabakitzailearen jarduneko presidente Ruhakana Rugundak Segurtasun Kontseiluak hartutako erabakia azaldu du: «Misil jaurtiketa horiek orain arte onartu diren ebazpenak urratzen dituzte, eta eskualdeko zein mundu zabaleko segurtasunari mehatxu egiten diote». Segurtasun Kontseiluak, beraz, Piongiangen azken ekimena gaitzetsi du, baina, era berean, «irtenbide baketsu, diplomatiko eta politiko baten aldeko konpromisoari» eutsi dio.

AEBei desafio

Ipar Koreak helmen laburreko lau misil jaurti zituen hil honen 4an; hain zuzen, Ameriketako Estatu Batuen nazio jai egunean. Washingtonek desafiotzat jo zuen gertatutakoa. Larunbatean, berriz, beste zazpi misil jaurti zituen Ipar Koreak.

Horretaz gainera, Piongiangek proba nuklear bat egin zuen maiatzaren 25ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.