Ipar Kurdistango Gaziantep hirian larunbat iluntzean izandako atentatua zeresana ematen ari da doluaren hirugarren egunean ere. HDP Herriaren Alderdi Demokratikoak salatu du «bakea zabaltzea» eragotzi nahi izan dela erasoarekin. KCK Kurdistango Komunitateen Batasunak egun berean negoziatzeko proposamena egin zuela gogoratu du alderdi kurduak. Sirri Sureyya Onder alderdikideak iazko urrian izandakoarekin alderatu du erasoa: «Ankarako atentatua, oraingoan bezala, bake aldarrikapen baten ostean egin zen; egun berean, bada, bakerako aldarrikapena egin eta 5-6 ordura ekintza bat dator; kolpearen mekanismoa da. Gizagabea eta zentzugabea da».
Iazko urriaren 10ean, 102 lagun hil zituzten hiriburuan alderdi kurduak deitutako manifestazio bat hastear zenean. Orain, berriz, ospakizun kurdu baten kontra izan da erasoa, andregaia bere familiarekin azken gaua pasatzen ari zela. HDPko kideak ziren ezkongaiak.
Suruç hiria izan zen politikari kurduen kontrako aurreneko sarraskia, eta harekin ere parekatu dute Gaziantekoa. HDP alderdiko ekitaldi batean, 34 lagun hil zituzten Suruçen. Eta Ankaran eta Surucen bezala, orain ere, ekintzaileak metal zatiak zituen lehergailuetan, are eta sarraski ankerragoa eragiteko.
HDPk «estatu sakonaren» eskua ikusten du eraso horien guztien atzean. AKPk iazko ekainean bozetan gehiengo absolutua galdu zuenetik, gerra eta kaosa areagotzen ari dela salatu du: «AKP Justizia eta Garapenaren Alderdiaren gobernuak sarraskia, jazarpena eta ukazioa baliatzen ditu boterean jarraitzeko». Estatu Islamikoa babestea leporatzen dio ere alderdi kurduak Recep Tayyip Erdogani. Komunikatu baten bidez adierazi du «gorrotoaren diskurtsoaren, zatiketaren eta jarrera baztertzailearen bidez» atentatuetarako baldintzak sortzen dituela, eta, ekintzaile islamistak bonbak eramaten badituzte ere, azken erantzulea estatua dela.
Ikerketa, zabalik
Turkiako Gobernua, bien bitartean, atentatua ikertzen ari dela jakinarazi du. Binali Yildirim lehen ministroak adierazi du oraindik ez dakitela zein den egilea, presidenteak berak bezperan esandakoak auzitan jarriz. Erdoganek, lehen zantzuen arabera, muturreko islamistak egin zituen erantzule, eta egilea 12-14 urteko ekintzailea izan zela, «ez dakigu berak leherrarazi zuen bonba edo zartarazi egin zioten». Mevlut Cavusoglu Atzerri ministroa, berriz, herrialdea «milizianoz garbituko» dutela adierazi du.
Ganziantep hirian, berriz, atzo lurperatu zituzten larunbat gaueko atentatuan hildako kurduak. Azken informazioen arabera, 53 lagun hil dira, eta identifikatutako 44etatik, 29 haurrak ziren. Beste 69 lagun zauritu ziren erasoan.
KCK erakundeak, hala ere, bake prozesuaren aldeko mezua berretsi zuen atzo, kurduen kontrako urteko atentatu latzenaren ostean. Parlamentuan AKP eta HDPko kideez ordezkaritza bat osatu eta elkarrizketak abiatzea proposatu du, betiere, lehen urratsa nork egin behar duen zehaztuta: «Turkia izan behar da auzi kurdua konpontzeko aurreneko pausoa ematen lehena».
Ipar Kurdistango erasoarekin bakea eragotzi nahi izatea leporatu dio HDPk Turkiari
Atentatuaren aurretik negoziatzeko proposamena egin zion gobernuari KCK-k. Gaziantepen hildako 53 lagunetatik 44 identifikatu dituzte:. 29 haurrak dira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu