Iparra eta hegoa finkatzera

Gaur hasiko da Ameriketako VII. Goi Bilera, Panaman.Kubarekiko harreman diplomatikoak hobetzen ari direla nabarmentzen ahaleginduko da Obama, eta Venezuelarekiko gatazka estaltzen

Aurten, Kubako Gobernuak ere parte hartuko du goi bileran. Bezperan, elkarretaratzeak egin dituzte aldekoek eta kontrakoek. ALEJANDRO BOLIVAR / EFE.
Samara Velte.
2015eko apirilaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hiru urtez behineko familia bilkura dute Ipar eta Hego Amerikako estatuek gaurtik aurrera. Neurri batean borondatez eta beste batean behartuta, baina partekatzen duten etxeari eusteko beharraz jakitun direla bilduko dira 35 herrialdetako ordezkari gorenak, nor bere lobby taldeez lagunduta. Kontinenteari eragiten dioten arazo nagusiak eztabaidatu eta estrategia komunak diseinatzea da bi eguneko bilkuraren helburua.

Estututa egotera ohitutako herrialde bat aukeratu dute juntadizo zalapartatsua egiteko: Panama. Atzo gertatu ziren lehenbiziko istiluak hiriburuan —Ameriketako VII. Goi Bilera artean hasi gabe zela—, Ameriketako harreman diplomatiko gaiztotuen adierazgarri.

Oparotasuna, parekidetasunarekin: Ameriketako kooperazioaren erronka da aurtengo goi bileraren izenburua. Herrialdeen arteko merkataritza harremanez ariko dira batik bat: hegoaldekoen garapen ekonomikoa eta lehiakortasuna izango dituzte hizpide, baina baita migrazioak eta bestelako gizarte gaiak ere. Eta, horren guztiaren gainetik, bakoitzaren posizioa azken urteotan zenbat mugitu den neurtzeko balioko du bilerak. Ameriketako botere harremanak ez baitira uste bezain zurrunak.

Estatuburuen arteko goi bilerak errazagoak izaten ziren garai batean AEBentzat, hegoaldeko senide herabeek traba handirik ipintzen ez zutenean. Orain, hazi egin dira haietako asko, bloke burujabe bat osatu dute, eta ahalmen handiko eragile ekonomiko bihurtu dira. Ongi finkatutako harremanak dituzte munduko merkatu nagusiekin, eta Washingtoni ez zaio komeni haiek desegonkortzea. Horregatik, gatazka itxura ematea saihestu nahi du Etxe Zuriak aurtengo goi bileran. «Amerikako kontinentearekin daukagun harremana azken hamarkadetako onena da», esan berri du Barack Obama AEBetako presidenteak.

Nondik begiratzen zaion, arrazoia du Obamak. Washingtoni ixten ari zaizkio urte luzez zabalik edukitako bi fronte: Kubarekiko ezinikusi diplomatikoa eta Kolonbiako gatazka armatua. Bietan parte hartze zuzena izan duAEBetako Gobernuak. Kuba duela 50 urte egotzi zuten AEE Ameriketako Estatuen Erakundetik; hor, Washingtonek du hitza, eta hark antolatzen du Ameriketako Goi Bilera. Azkenengoan, duela hiru urte, ALBA Amerikako Aliantza Bolivartarreko kideek estu hartu zuten AEBetako Gobernua, eta Venezuela, Bolivia eta Nikaragua ezin argiago mintzatu zitzaizkion: hurrengorako ez bazuen Kuba ere gonbidatzen, boikota egingo zioten bilkurari.

Aurten trabarik ez jartzea erabaki du Obamak, eta Panama Hiriko hedabideak ikusminari eutsi ezinik daude dagoeneko, Raul Castro Kubako presidentearekin batera noiz bistaratuko. Lehenbiziko agerraldia izango da bi gobernuen arteko harreman diplomatikoak normaltzeko prozesua abiatu zutenetik.Obamaren hitzetan, emaitzak agerian daude dagoeneko: «Kubatarren gogoberotasuna bide onetik goazen seinale da». Batek baino gehiagok espero zuen adierazpen esanguratsuago bat AEBetako presidentearen ahotik: Kuba «terrorismoa bultzatzen duten herrialdeen» zerrendatik kentzeko promesa. Obamak jakinarazi du jasoa duela horretarako gomendioa John Kerry Estatu idazkariarengandik, baina oraindik ez duela erabakirik hartu.

Madurorekiko gatazka

Kubarekiko tentsioa arintzearen truke, Etxe Zuriak deklaratutako etsai berri bat du aurten mahaian: Venezuela. Martxoan Caracasko gobernuko hainbat goi kargudunen aurkako zigorrak onartu zituen Obamak dekretuz, eta bileraren bezperan haiek justifikatzen ahalegindu da, argudiatuz «giza eskubideen urraketak eragozteko» direla. Venezuelako Gobernuak kanpaina handi bat abiatu du zigor horiek atzera bota ditzala eskatzeko, eta hamar milioi sinadura aurkeztuko dizkio Panaman Etxe Zuriari.

Nolanahi ere, Obamari ez zaio komeni Venezuelarekiko tentsioa gehiegi nabarmentzea. «Ez dugu uste Venezuela mehatxua denik AEBentzat, ezta alderantziz ere», esan berri du. Caracas, izan ere, ez dago Habana egon ohi zen bezain bakarrik. Neurri handiagoan edo txikiagoan, lagun ditu Argentina, Txile, Brasil, Uruguai, Nikaragua, Bolivia eta Ekuador. Ideologikoki baino gehiago, ekonomikoki: guztiek profitatzen dute Caracasek egiten dizkien petrolio deskontuetatik. Eta Washington anaia nagusia da oraindik etxean, baina etxea jada ez da lehen bezain leku erosoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.