Afrika, oraindik ere merkataritza desabantailak nozitzen

Munduko Merkataritza Erakundeak egindako azkeneko goi bileran, Kamerunen, ezin izan dute gainditu herrialde garatuen eta garabidean daudenen arteko adostasun falta.

MME Munduko Merkataritza Erakundearen Ministerioen XIV. Konferentzia egin dute Jaunden (Kamerun), martxoaren 26tik 30era. BERRIA
MME Munduko Merkataritza Erakundearen Ministerioen XIV. Konferentzia egin dute Jaunden (Kamerun), martxoaren 26tik 30era. BERRIA
Oskar Epelde Juldain.
2026ko apirilaren 7a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

MME Munduko Merkataritza Erakundearen Ministerioen XIV. Konferentzia egin zuten martxoaren 26tik 30era, Jaunden (Kamerun), eta ezin izan zuten Ipar eta Hego hemisferioen arteko adostasun falta gainditu, ia ezein negoziazio alorretan. AEBek eta EB Europako Batasunak eramandako erreforma proposamenak ez zituzten onartu, merkataritza elektronikoari dagozkionak ere ez. Eztabaidak Genevako (Suitza) kontseilu orokorrean jarraituko duela esanez itxi zuten goi bilera.

Afrikako herrialdeak Maputon bildu ziren, aurrez, goi bilera prestatzeko, eta MMEren multilateraltasuna bermatzen duten oinarrizko printzipioak defendatzea adostu zuten. Lehenik eta behin, erabakiak hartzeko konpromiso bakarraren printzipioa iraunarazteko beharra azpimarratu zuten, AEBen eta Europaren proposamenak errefusatuz. «Erabakiak hartzeko konpromiso bakarraren printzipioak mahai berean esertzeko aukera ematen die herrialde guztiei, handiak zein txikiak izan. AEBen proposamenek aduanetan diskriminazioa ontzat emateko helburua dute, nazio mesedetuenaren erregimena alboratuz, printzipio honek merkataritza bazkide guztiak berdin tratatzea eskatzen baitie herrialde guztiei», dio Third World Network-eko Sylvester Bagaoro behatzaileak.

Herrialde garatuen proposamenak Tratu Berezi eta Diferentzialaren Printzipioa ere «baliogabetzen» saiatu direla salatu du aditu afrikar horrek. Printzipio horrek malgutasuna eskaintzen die garabidean dauden herrialderik ahulenei, garapen apalagoa edukitzeagatik ezin dutelako zama bera jasan. Bagaoro: «Zuzena eta bidezkoa dirudienari ere erasotzen ari dira. Eta, orduan, prolateral deitzen dituzten akordioen bila dabiltza orain; zera: 'Elkartu gaitezen batzuk, eta negoziatu dezagun akordio plurilateral bat'» .

Afrikako herrialdeek badaramatzate urte batzuk MMEren erreforma eskatzen. Erakundearen egituraketa arauak herrialde garatuen mesedetan landu zirela salatzen dute, eta sistemaren asimetriak eta desorekak zuzentzeko arauak eskatzen dituzte. Adibidez, lehen sektorean. Herrialde garatuek beren nekazaritzari eta arrantzari diru laguntzak emateko baimena dute, baina garabidean dauden herrialdeek ez dute horrelakorik. Desoreka horri aurre egitea lehentasuna da afrikarrentzat, baina, azken bi hamarkadetan, herrialde garatuek nekazaritzarako konponbide iraunkorraren negoziazioak blokeatu dituzte. MMEren azken konferentzian ere AEBek idazketa iradokizunak egin zizkioten zirriborro testuari, nekazaritzari buruzko negoziazioetan «ikuspegi berriak» proposatuz, eta aurreko konferentzien erabakien erreferentzia guztiak ezabatuz. Eztabaidak ez du inolako konbergentziarik ekarri. Indiak eta Afrika Mendebaldeko herrialde kotoi ekoizleek eskatu dute aurreko erabakiak eta adierazpenak asmo sendoz betetzeko prozesu konprometitu batean jarraitzea bermatzeko. Herrialde afrikarrek adierazpen indartsu bat egin dute, Bagaorok dioenez: «Esan dute mundua oihan bihurtuko dela merkataritza arauetan barik boterean oinarritzen bada eta sistema berregituratzeko saiakerak baztertzen badira».

«Herrialde garatuek erreformak eskatzen dituztenean, oinarrizko printzipioak ahaztea eta MMEren akordio bilateral eta plurilateral berriak sartzea ahalbidetzea esan nahi dute. Afrikako taldeak, berriz, erreformaren alde egiten duenean, oinarrizko printzipioak gorde behar direla argudiatzen du, eta desoreka historikoak zuzentzea beharrezkoa dela», dio Bagaorok. Eztabaida amaigabeak ikusi eta entzun ondoren, azken konferentziatik ez zela adierazpen sendorik aterako eta erabaki guztiak Genevara bidaliko zirela iragarri zuen, eta horixe bera gertatu zen.

Moratoria, iraungita

Transmisio elektronikoen gaineko zergen moratoriaren luzapena ere ezin izan dute onartu, eta merkataritza elektronikoaren gaineko lan programa ere ez. AEBek, beren enpresa teknologikoen mesederako, Jaundeko goi bileran moratoria betikotzea eskatzen zuten hasieran. Elkarrizketen berri duten iturrien arabera, AEBak Afrikako taldeari presio egiten saiatu ziren, adieraziz moratoria iraunkor bat adosten bazuten soilik luzatuko zutela Afrikarako Hazkundearen eta Aukeren Legea, 2000n AEBetako Kongresuak onartutakoa. Hori onartzea ezinezkoa izango zela ulertuz, azken zirriborro testuak moratoriaren 4+1 urteko luzapena proposatzen zuen, epe horren ostean behin betiko erabaki bat hartzeko, baina hori ere ez zuten onartu azkenean, Brasilek eta Turkiak jarritako oztopoen ondorioz. 

Brasilen arabera, bost urteko luzapen batek 1998tik ezarritako bi urteko berritzearen praktika hautsiko luke. Gainera, oraindik ez dago «transmisio elektronikoen» definizio adosturik. Moratoria luzeago batek garabidean dauden herrialdeen subiranotasun digitala eta politika esparrua mugatuko lituzkeela azpimarratu zuen. 

«AEBen proposamenek aduanetan diskriminazioa ontzat ematea dute helburu, nazio mesedetuenaren erregimena alboratuz»

SYLVESTER BAGAORO Third World Network-eko kidea

Herrialde gehienen adostasuna zuen zirriborro testua ministroen adierazpenaren eranskin bezala bidali dute Genevara, kontseilu orokorraren hurrengo bilkuran eztabaidatu dadin. Bien bitartean, moratoria iraungi egin da dagoeneko.

Jabetza intelektualaren TRIPS akordioaren «urraketa gabeko demanden» moratoria ere aztertu gabe iraungi da, «urraketa gabeko demandak» eragozteko ezinak herri ahul askoren osasun publikoa ataka larrian jartzen duela pentsa badaiteke ere. Kolonbiak hiru eta sei hilabete arteko luzapena proposatu du lanean jarraitzeko, eta kide askok babestu dute. Azkenean, baina, ez zuten horren inguruko erabakirik hartu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA