Paisleyk egindako argazkiak erakustearen eskaera betetzea "ezinezkoa" dela dio IRAk. Baina, hala ere, desarme hori ahalik eta azkarren —hil honen bukaerarako— egiteko prest daudela diote. Gainera, desarmatu direla frogatu ahal izango dela azpimarratu dute.
DUPAlderdi Demokratiko Unionistaren iritzian, berriz, komunikatu honekin ikusten dena zera da, "IRA ez dagoela prest gardenki desarmatzeko". Beraien iritzian, errepublikarrek beraien jarreraren inguruan hausnartu egin beharko lukete, gainera.
Londres itxaropentsu
Hain justu, Irlandako eta Erresuma Batuko gobernuek atzo jakinarazi zuten negoziazioei eutsi egingo dietela, bilerak erabat agortutzat eman arte. Haiek, proposamen bat egin zuten: IRA desarmatu, berriro autonomia martxan jarri eta eskumenak emateko egutegi bat. Proposamena onartzear ziren, baina DUP Alderdi Demokratiko Unionistak Sinn Fein eta IRA gutxietsi izanak konponbidea galarazi zuen.
Paul Murphy Londresko Gobernuko Ipar Irlandarako ministroak berretsi egin du gaur akordioa lortzeko saioekin aurrera jarraituko dutela. Areago, Eguberriak baino lehen Irlandako Gobernua zein Erresuma Batukoa "arrakala guztiak ixten" ahaleginduko direla adierazi du. "Erabat sinetsita nago ez dagoela urrun puzzleari azken pieza jarriko zaion eguna", esan du Komunen Ganberan. Prozesuaren amaierari buruz itxaropentsu dela azpimarratu du.
irlandako bake prozesua