Irakeko Parlamentuak eskaturikoa bete du Adel Abdul-Mahdi jarduneko lehen ministroak: Ameriketako Estatu Batuei (AEB) ofizialki eskatu die euren tropak Iraketik erretiratzeko. Agintaria Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariarekin mintzatu zen atzo gauean, telefonoz, eta, Irakeko estatuburuaren bulegoak gaur jakinarazi duenez, «tropen erretirorako mekanismoak» zehazteko eskatu zion. Horrez gainera, adierazi zion horretarako beharrezkoa dela Irakera ordezkaritza bat bidaltzea.
Bagdadek kaleraturiko oharraren arabera, Abdul-Mahdik Pompeori ohartarazi zion Iraken subiranotasuna «urratzen duen operazio ororen aurka» dagoela, eta gogoratu zion AEBetako tropa eta drone batzuk Iraken sartu zirela «baimenik izan gabe».
Mark Esper Defentsa idazkariak eta Mark Milley jeneralak asteon adierazi dute ez dutela soldaduak Iraketik ateratzeko asmorik, eta jarrera hori baieztatu du Morgan Ortagus Estatu Departamentuko bozeramaileak: «Irakera joango den ordezkaritza oro aliantzak hobetzeaz arduratuko da. Ez tropen erretiratzeaz».
Qasseim Soleimani Irango Guardia Iraultzaileko jenerala zenaren hilketak tentsioa handitu du asteon Iranen eta AEBen artean, eta Irak gatazka horren protagonista bilakatu da. Washingtonen drone batek hil zuen Soleimani, Bagdaden, eta Iranek herrialde hartan bertan erantzun zuen: Teheranek 22 misil jaurti zituen AEBek Iraken erabiltzen dituzten bi base militarren kontra, iragan asteazkenean. Egun berean, bi katyusha misil jaurti zituzten Bagdadeko Zona Berdera, Irakeko hiruburuaren erdian —han daude nazioarteko ordezkaritza ugari—, eta AEBen enbaxadatik gertu erori ziren.
Azkenean, Donald Trump AEBetako presidenteak tentsio militarra gehiago ez igotzea erabaki zuen, eta Teheranen aurkako zigor ekonomikoak iragarri zituen.