Irakek esan du eusten diola Errusiarekin hitzartutako arma salmentari

Bagdadek akordioa hautsi duela argitaratu du BBC kateak, lehen ministroaren aholkulari bat iturritzat aipatuz

Erredakzioa
2012ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Zalaparta sortu da Irakek eta Errusiak duela hilabete sinatutako arma salmentarako akordioaren harira. Bagdadek hitzarmena bertan behera utzi duela argitaratu zuen atzo Erresuma Batuko BBC kateak, baina geroago Saadun al-Dulaimi Irakeko Defentsa ministroak ukatu egin zuen hori. Nahasmena Nuri al-Maliki lehen ministroaren aholkulari Ali Mussawiren adierazpenek sortu dute. BBCk haren hitzak aipatuz argitaratu du ustezko akordio haustura, Errusiako zenbait ordezkariren aldetik «ustelkeria» arriskua zegoela argudiatuta. Geroago, ordea, Mussawik berak Russia Today kateari zehaztu dio hitzarmena ez dutela hautsi, soilik «berrikusten» ari direla.

Irakekin hitzartutako salmenta Errusiak Sobietar Batasunaren arotik egindako handiena da—3.300 milioi eurokoa—. Iraken bigarren hornitzailea bilakatuko litzateke, AEBen atzetik. Beraz, ekonomikoki ez ezik, estrategikoki ere garrantzi berezia du Moskurentzat. Errusiako agintariek ez dute adierazpenik egin, eta Bagdaden duten enbaxadoreak Russia Todayri adierazi dio inork ez diola jakinarazi akordioa bertan behera gelditu denik. Irakeko Defentsa ministroak esan du arazo bakarra izan dela ustelkeriaren aurkako batzorde bati berandu helarazi dizkiotela hitzarmenaren inguruko xehetasunak.

Errusiaren lehia AEBekin

Auziak Ekialde Hurbileko lehia diplomatikoa bistaratu du, 2003ko inbasioaren ondotikAEBek irabazitako eremutzat baitute Irak, baina Errusia bere eragina zabaltzen ahalegintzen ari da. Gazprom enpresa boteretsuak, adibidez, petrolioa ustiatzeko akordioak sinatu ditu Kurdistango Eskualde Autonomoarekin. Horrek Irakeko Gobernua haserrarazi du, Gazpromek Bagdaden baimenik gabe egin dituelako hitzarmenak kurduekin. Armen auziari dagokionez, Igor Korotxenko armen salmentarako analistaren ustez, ustelkeriaren argudioa «aitzakia bat» baino ez da. «Washingtonentzat akordioa onartezina da, eta Irakeko Gobernuari presio egin dio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.