Iraketik erretiratzeko prozesuan beste urrats bat egin zuen atzo AEBetako armadak, Al Anbar probintziaren gaineko kontrola Bagdadeko segurtasun indarren esku utzi zuen. Pauso garrantzitsutzat jo zuen erabakia AEBetako presidente George Bushek: «Aurrerantzean Irakeko indarrek egingo dituzte segurtasun operazioak Al Anbarren, eta tropa estatubatuarrak operazioak gainbegiratzera mugatuko dira». Horrekin 11 dira, jada, Bagdaden kontrolpean geratutako probintziak; okupazio indarrek, berriz, zazpi kontrolatzen dituzte.
Kontrola ofizialki Irakeko armadaren esku utzi izanak, baina, ez du esan nahi soldadu estatubatuarrak egun batetik bestera erretiratuko direnik. Han operazioak egiten jarraituko dute, baina maila txikiagoan. Dena den, otsailetik hona nabarmen murriztu dute Al Anbarren duten soldadu kopurua. Orduan, 37.000 baziren, egun 25.000 dira. «Laster murriztuko ditugu hemen ditugun tropak. Baina ez dugu egun batetik bestera egingo. Denbora beharko dugu», adierazi du Al Anbarko tropen buru John Kellyk. Haren esanetan, probintziatik behin betiko joaten diren arte Irakeko segurtasun indarrak trebatzea eta haiei laguntzea izango da estatubatuarren lana.
Irakeko probintzia lasaiena
2004ko azarora arte talde armatu suniten gotorleku izan zen Al Anbar. Al Kaedak berak ere jarraitzaile ugari zituen probintzia hartan. Urte horretan, ordea,AEBetako armadak Faluja hiria eskuratzea lortu zuen, dozenaka hildako eragin zituzten borroken ostean. Bestetik, duela bi urte, 2006 amaieran, buruzagi sunitek Al Kaedaren aurkako taldeak jarri zituzten martxan. Ez zuten gustuko talde armatuaren politika, xiiten eta haiekin bat egiten ez zuten suniten kontrako erasoak egiten zituztelako.
Buruzagi suniten elkartasunari esker lortu dute AEBek talde armatuei aurre egitea. Hala ere, suniten eta Bagdadeko gobernuaren arteko harremanak hotza izaten jarraitzen du. Izan ere, Gobernuko kide gehienak xiitak dira, eta sunitak kexu dira horiek ez dutela kontuan hartu talde armatuen aurka egindako ahalegina, eta, aldiz, etengabe gogorarazten dietela Saddam Husseinen alderdiarekin izandako lotura. Husseinen garaian gutxiengo sunitak kontrolatzen zuen herrialdea.
Irakeko armadaren esku utzi dute AEBetako indarrek Al Anbarren kontrola
Operazio militarrak gutxitu arren, Estatu Batuetako soldaduek probintzian jarraituko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu