Iraken 74 lagun hil dira hainbat hiritan izandako eraso eta bonbardaketen eraginez

Bagdaden, Ramadin, Bakuban eta Mosulen izan dira erasoak; Basoran bonbardaketak izan dira

2008ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Iraken odola beste behin ere erruz isuri zen atzo. Hainbat eraso izan ziren eta, orotara, gutxienez 74 lagun hil eta ehun baino gehiago zauritu ziren. Bakuba eta Ramadi hirietan izandako erasoek eragin zituzten biktima kopuru handien.

Bakuba Dijala eskualdeko hiriburua da, eta bonba-auto bat leherrarazi zuten htan. Orotara, 40 lagun hil eta 80 zauritu ziren. Leherketa, hiri erdialdean, eskualdeko gobernuaren egoitzatik eta auzitegitik hurbil izan zen, kalean jende ugari zegoen unean. Musulman sunitak gehiengo dira hiri horretan. Iragan apirilaren 4an ekintzaile suizida batek 25 lagun hil zituen beste eraso batean.

Ramadin, berriz, ekintzaile suizida batek soinean zeramatzan lehergaiak zartarazi zituen jatetxe baten aitzinaldean -Al Anbar eskualdeko hiriburua da Ramadi-. Leherketaren eraginez, ekintzailea eta beste hamahiru lagun hil ziren, eta beste hamabost zauritu. Bagdad hiriburuan, aldiz, polizia jomuga zuten bi leherketa jazo ziren. Lau pertsonak bizia galdu zuten, eta zortzi zauritu ziren, tartean sei polizia.

Bakuban, Ramadin eta Bagdaden gertatutako leherketa hauez gainera, beste erasorik jazo zen atzo Iraken. Mosul hiriko erdigunean izandako bi erasotan bost emakumek eta gizonezko batek bizia galdu zuten.



MILIZIA XIITEN AURKA ERASO GEHIAGO.AEB Ameriketako Estatu Batuetako eta Irakeko armadek, bestalde, martxoaren amaieran miliziano xiiten aurka hasitako oldarraldian aurrera egin zuten atzo. Bagdadeko Sadr City auzunean borrokak izan ziren atzo beste behin. Moktada al Sadren milizien eta soldaduen arteko borroketan gutxienez sei miliziano hil zituztela zehaztu zuten AEBek.

Basora hegoaldeko hirian ere borrokak izaten ari dira iragan martxoaren 25etik. Irakeko armada okupazio indarren aire laguntza izaten ari da. AEBek hiria bonbardatu zuten atzo beste behin eta,horren ondorioz, gutxienez lau miliziano xiita hil ziren.

AEBetako armadak, bestalde, 2006. urteko apirilaren 12az geroztik atxilotuta zuten Bilal Hussein Associated Press berri agentziako argazkilaria gaur bertan aske utz lezake. Husseini ekintzaileei laguntza ematea leporatu zion, frogarik gabe, Washingtonek.



Irakeko miliziek gobernuak baino gehiago laguntzen diete gabezian diren herritarrei

Al Sadr imamaren indar politiko eta miliziak gero eta sostengu handiagoa dutela dio ikerketa batek
A.s.

Irakeko Gobernuak herritar behartsuenen artean apenas banatzen duen giza laguntza, eta miliziak dira askotan horretaz arduratzen direnak. Refugees International Nazioarteko Errefuxiatuak gobernuz kanpoko erakundeak egindako ikerketaren ondorioa da hori. Washingtonen (AEBak) egoitza nagusia duen erakunde horrek agerian utzi du, beraz, miliziek agintariek baino ahalegin handiagoa egiten dutela herritarrak laguntzeko eta, hori dela eta, gero eta sostengu goa dute herritarren artean. Milizia xiitak zein sunitak ari dira horretan.

«Irakeko Gobernuak ez da modu eragingarrian eta egokian ari, eta horrek hainbat miliziaren eragina haztea eragin du». Erakundeak argitara eman duen txostenaren ondorio nagusia da hori.

Moktada al Sadren Mahdiren Armada milizia armatuak euren kontrolpean dituen eremuetan zer-nolako lana egiten ari den eta zer-nolako sostengu maila duen ikertu du erakundeak. Hezbolak Libano hegoaldean eratutako antzeko giza antolaketa dutela dio txostenak: «Al Sadren miliziak dozenaka mila herritarren artean banatzen dute giza laguntza bat». Milizia horrek etxebizitzak, elikadura eta beste hainbat zerbitzu eskaintzen dizkie herritarrei. Giza-laguntza zerbitzuak eskualdeetako jatorrizko bizilaguneei ez ezik, desplazatuei ere eskaintzen diete miliziek; betiere, txostenaren arabera. 2003. urteko martxoan, orain dela bost urte pasatxo, nazioarteko koalizio militar batek herrialde okupatu zuenetik 2,7 milioi irakiarrek herrialdeko beste eskualde batzuetara joan behar izan dute bizitzera indarkeria dela eta.



ATZERRIKO GOBERNUEI DIRU-LAGUNTZAK.Irakeko Gobernua atzerrian errefuxiatu behar izan diren irakiarrei dirua bideratzen die. Iraketik ihes egin duten 2,4 milioi irakiarrei harrera egin dieten herrialdeei, era berean, dirua ematen die Bagdadek. Siriari hamabost milioi dolar eman dizkio - 1,5 milioi iheslari daude- eta zortzi milioi dolar emango dizkio orain Jordaniari -500.000 errefuxiatu daude-.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.