IRAK

Iraken gutxienez 71 lagun hil eta 268 zauritu dituzte, hainbat atentatutan

22 eraso izan dira 14 hiritan; orain dela bi urteko atentatu uholde bortitzena. 

2012ko uztailaren 23a
14:39
Entzun

Iraken 71 lagun hil eta 268 zauritu dira, gutxienez, hainbat atentatutan. 22 eraso izan dira 14 hiritan; orain dela bi urteko atentatu uholde bortitzena. 

Auto-bonbak erabiliz hainbat atentatu egin dituzte. Al Fares eta Al Hamdiyat herrietan, Bagdad iparraldetik 30 kilometro ingurura, auto-bonba batek eta bi lehergailuk eztanda egin dute. Zazpi lagun hil dira eta beste 28 zauritu. Inguruko eraikin eta ibilgailuek ere kalteak eragin dituzte. Al Huseiniya zonaldean lehertutako beste auto-bonba baten ondorioz, hiru zibil hil eta beste 31 zauritu dira. 

Bagdad hiriburuan lau lagun hil eta 18 zauritu dira auto-bonba bat zartarazita. Diyala probintzian ere izan dira leherketak, gutxienez, zortzi lagun hil eta 27 zauritu dira bi auto-bonbak eta lehergailu batek eztanda eginda. Al Maqdadiya hirian lau lagunek galdu dute bizia eta 15 zaurituta daude, kale ezberdinetan hiru moto-bonba lehertzearen ondorioz. 

Al Doloaiya eremuan base militar bat eraso dute eta 15 soldadu hil dituzte. Bagdad iparraldean ere, bi soldadu hil dira eta bederatzi zauritu. Halaber, gutxienez, bost lagun hil eta 20 zauritu dira Kirkuken izandako eraso batzuetan

Bestalde, atzo Bagdadeko merkatuan izan ziren beste atentatu batzuetan, gutxienez, 30 pertsona hil dira eta 120 zauritu. Indarkeriak eta barne krisi politikoak indarra hartu dute berriro Iraken, joan den abenduan AEBtako soldaduak erretiratu zirenetik eta Tareq al Hashemi presidenteordea atxilotu zutenetik. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.