2019ko urriaren 1etik martxoaren 21a bitarte UNAMI Nazio Batuen Erakundearen Irakerako Misioak bahituak edo atxilotuak izan ziren 154 manifestari eta giza eskubideen aldeko ekintzaileren kasuen berri izan zuen. Misioak 123 desagerturekin lotutako 99 salaketa ikertu zituen, eta horietatik 25 desagertuta jdaude oraindik ere. Bahituak izan eta aurkitu zituztenen kasuan jasotako testigantza guztiek baieztatzen dute «aurpegia estalirik zuten pertsona armatuek» ibilgailuetan sartu zituztela. Gizonezkoen kasuan gainera, tratu txar eta torturak ere salatu zituzten: kolpeak, elektrodoak, bainu hotzak, mehatxuak eta sabaitik zintzilikatzeak.
Bahituak ez ezik, urritik martxora bitarte, manifestazioetan hildakoen kopurua ere jasotzen du txostenak. Misioaren arabera, 490 izan ziren hildakoak eta 7.783 zaurituak. Kopuru horiek, ordea, ez dituzte kontuan hartzen desagertuak eta manifestaziora bidean hildakoak. «Nahita egindako hilketak dira, manifestari eta ekintzaileen aurka gehiegizko indarra erabili izanaren ondorioak», salatu dute ikertzaileek. Dokumentuak ez du, ordea, zehazten hilketa eta bahiketen egiletza, soilik nabarmentzen du «modu antolatuan egindakoak» direla erasoak, eta bahiketen kasuan bahituak gutxienez 14 egunez eduki zituztela giltzapean, eta ez zituztela epaitu.
Bakartuta
Nabarmentzekoa da bahitu guztiak zirela manifestariak, eta haietako gehienak ekintzaileak edo gobernuarekiko kritikoak zirela protestak hasi aurretik ere. Bahituen arabera, toki itxietan eduki zituzten giltzapetuta, gehienetan lekualdatu gabe, eta bakartuta. Baina kasu batzuetan, beste pertsona batzuen ahotsak eta garrasiak ere entzun ahal izan zituzten. Kasu guztietan, baina, begiak estalirik egin zuten bahiketak iraun zuen tarte luzea.
Bahiturik egon ziren bitartean galdekatu egin zituztela ere jasotzen du txostenak. Manifestazioekin zuten loturari buruzkoak ziren galdera gehienak, eta baita atzerriko herrialdeekin zuten loturari buruzkoak, edota alderdi politikoen inguruan ere. Kasu gehienetan, baina, galdekatzaileek argi utzi zuten ezagutzen zituztela, eta haien bizitzari buruzko datu ugari zituztela. Bahitu zenbaiti manifestazioetan parte hartzen ari zirenen argazkiak ere erakutsi zizkieten identifika zitzaten.
Bahituek eurek ez zuten esan nortzuk izan ziren atxikita eduki zituztenak, eta gehienez ere «miliziak» aipatu zituzten, baina zehaztasun gehiagorik eman gabe. Giza eskubideen aldeko erakundeek, ordea, Irakeko segurtasun indarrei egozten dizkiete hilketak. Ideia hori defendatzen dutenetako bat da Humar Rights Watch erakundea, zeinaren arabera 2016tik 250.000 eta milioi bat pertsona artean desagerrarazi dituzte.
Bagdadek, baina, ukatu du halakorik. Aurreko gobernuak egileak identifikatzea «ezinezkoa» zela esatera mugatu ziren, eta Mustafa al-Khadimi lehen ministro berriak ikerketa bat zabalduko duela iragarri duen arren, ez du oraingoz urratsik egin. Irakeko gobernua aldatu izanak ez ditu manifestariek nahiak asebete.
Bagdadeko gobernuaren aurkako protestak iazko urriaren 1ean lehertu ziren, langabezia handiak, agintarien ustelkeria eta zerbitzu publiko txarrak salatzeko. Zortzi egun nahikoak izan zituzten Adil Abdul Mahdiren dimisioa lortzeko; baina ez zen aski, gobernu osoa egiten zuten egoeraren erantzule. Koronabirusaren krisiak soilik geldiarazi zituen manifestariak. Orain, protestak hasi eta sei hilabetera, herrialdea krisitik ateratzeko neurriak iragarri ditu Al-Khadimik, eta baita segurtasun indarrek hildako manifestarien senideentzako kalte ordainak ere.