AEBek Iran hegoaldeari egindako erasoak elkarrizketak korapilatu ditu

Pentagonoak esan du misilak jaurtitzeko plataformak eta minak zeramatzaten ontziak jo dituztela. Teheranen arabera, Irango Guardia Iraultzaileko lau kide hil dituzte bonbardaketetan.

Emakumezko bat gaur Teheranen, AEBen kontrako mural baten aurretik igarotzen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Emakumezko bat gaur Teheranen, AEBen kontrako mural baten aurretik igarotzen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Igor Susaeta.
2026ko maiatzaren 26a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irango auzia konponbidean jartzeko martxan dauden negoziazioei mesederik egingo ez dien pauso bat eman dute AEBek. Izan ere, Iran hegoaldeari eraso diote goizaldean, eta, horrenbestez, urratu egin dute apirilaren 8an ezarritako su etena. Tim Hawkins AEBetako Komando Zentraleko buruak esan du erasoak «beren burua babesteko» egin dituztela eta helburua zela Ekialde Hurbilean dauden AEBetako tropak babestea, «Iranen mehatxuak ikusita». Ormuzko itsasartean minak jartzen saiatzen ari ziren ontziak eta misilak jaurtitzeko plataformak jo dituzte, AEBetako hedabideek armadaburu horren hitzak aipatuz kaleratu dutenez. 

Aire eraso horretan, bi zodiaketan zihoazen Irango Guardia Iraultzaileko lau kide hil dira. Hori kaleratu dute hango hedabideek. Eta Guardia Iraultzailearen hitzak jaso dituzte: AEBen drone bat erorarazi dutela Irango aire eremuan sartzeagatik, gerra hegazkin bat jotzen ere ahalegindu direla arrazoi beragatik, eta «eskubide zilegia» dutela erantzuteko.

Zehatzago mintzatu da Mojtaba Khamenei herrialdeko lider gorena, eta Telegramen idatzitako mezu batean mehatxu egin die AEBei: beren tropek aurrerantzean ez dutela «aterpe segururik» edukiko Persiar golkoko herrialdeetan. Adierazi du, bide batez, zein jokabide erakusten ari diren kontuan hartuta, AEBak «geroz eta urrunago» daudela eskualdean eduki izan duten posiziotik. Khamenei martxoaren 8tik da herrialdeko buruzagi nagusia —haren aita Ali Khamenei ordezkatu du, hil egin baitzuten AEBek eta Israelek Iranen kontra hasitako erasoaldiaren lehen egunean, otsailaren 28an—, baina ordutik ez da jendaurrean agertu; Teheranek aitortu du zauritu egin zutela erasoaldiaren lehen egunetan.

Abrahamgo Ituna

Atzo Donald Trump AEBetako presidenteak azpimarratu zuen Ekialde Hurbileko eta haren bueltako herrialdeek Abrahamgo Ituna sinatu beharko luketela; iradoki zuen Irango auziari irtenbide bat ematea erraztuko lukeela horrek.

 

Zer da Abrahamgo Ituna?
Itun horren helburua da Ekialde Hurbileko herrialdeek Israelekin harreman diplomatikoak normalizatzea. 
Noiztik dago indarrean?
2020ko abuztuan sinatu zuten Washingtonen Israelek, Arabiar Emirerri Batuek eta Bahrainek, Trumpek berak bultzatuta. Lehen agintaldian zegoen. Marokok eta Sudanek ere sinatu dute, geroago.

 

Nork ez du sinatu?
Egiptok eta Jordaniak aurretik zituzten harreman diplomatikoak Israelekin —1979tik eta 1994tik, hurrenez hurren—, eta Pakistanek, Qatarrek, Saudi Arabiak eta Turkiak ez dute itunarekin bat egin. Haiei dei egin die Trumpek. 

Zer esan dute sinatu ez dutenek?
Saudi Arabiak esan izan du ez lukeela halakorik sinatuko ez baldin badago Palestina estatu gisa aitortua izateko bide orri bat. Pakistango iturri ofizialek Reuters berri agentziari azken orduetan esan diotenez, akordio batek eta besteak ezin dute lotuta egon. Eta Qatarren ustez, itun horrek ez lioke Palestinako gatazkari konponbiderik emango.

Hawkinsek, bien bitartean, argudiatu du armada «neurriz» jokatzen ari dela bi herrialdeen artean indarrean den su etenari dagokionez. Hain zuzen, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak erasoen ondoren adierazi du su etena ez dela bertan behera geldituko, eta posible dela oraindik bi aldeak ados jartzea. Bidaia ofiziala egiten ari da Indian, eta kazetariei azaldu die, batetik, Ormuz «nola edo edo hala» ireki behar dela, eta, bestetik, «egun pare bat» beharko dituztela akordioa adosteko. Ez du hori sostengatzeko argudiorik eman. Donald Trump AEBetako presidenteak esan zuen larunbatean ituna egiteko puntuan zeudela. Iranek atzo jakinarazi zuen, baina, itun hori ez dela «berehala» helduko.

Netanyahuren aurkako epaiketako auzi saioAK laburtuko DITUZTE

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa ustelkeriagatik ari dira epaitzen, eta gaur goizean deklaratu du Jerusalemgo auzitegi batean. Auzi saio hori, baina, aurreikusi baino laburragoa izan da, «arrazoi politiko eta segurtasunezkoak» aintzat hartuta. Hori jakinarazi du Rivka Friedman Feldman magistratuak. Biharko deituta dagoen saioa ere laburtuko dute. Haaretz Israelgo egunkariak Tel Aviveko iturriak aipatuz kaleratu duenez, auzi saioak laburragoak izango dira, Israelek erabaki duelako Libanoren aurka «operazio oso oldarkor bat» abiatzea; are, ez du baztertzen Beiruti berari eraso egitea. 
Libanon ere su eten bat ezarrita dago apirilaren 16tik, eta maiatzaren 15ean beste 45 egunez luzatzea adostu zuten Libanok eta Israelek. Baina Israelek egunero urratu du menia hori, eta Netanyahuk berak atzo arratsaldean agindu zuen erasoak indartzeko. Libanoko albiste agentzia ofizialak gaur argitaratu duenez, Israelen aire eraso batek hamabi pertsona hil zituen atzo gauean Bekaa haranean, herrialdearen ekialdean.

Hain zuzen, Irango ordezkaritza bat Qatarrera negoziatzera joan den honetan egin dituzte erasoak. Ordezkaritza hori atzo heldu zen Dohara, eta gaur itzuli da. Tartean zegoen, besteak beste, Abbas Araghtxi Atzerri ministroa. Qatarrek harreman ona dauka Washingtonekin, eta AEBen eta Iranen arteko negoziazioetan bitartekaria da, Pakistanekin batera.

Iturri ofizialak aipatuz hainbat hedabidek azkeneko egunetan kaleratu dutenez, aldeak negoziatzen ari dira, hasteko, Ormuzko itsasartea irekitzea —Iranek blokeatuta dauka, eta AEBek ezarria diete blokeo bat Irango portuei—, erasoak, Libanon barne, bukatzea, eta Irani ezarritako zigorrak indargabetzea. Hori adostuz gero, hurrengo fasean Iranen programa nuklearraz eztabaidatuko lukete.

Bost hildako Gazan

Ekialde Hurbileneko fronterik beroenetako bat da oraindik ere Gazakoa, nahiz eta, teknikoki, su eten bat ezarrita dagoen han urritik. Bada, gaur beste bost pertsona hil ditu Israelek zerrendan, Al-Maghazi errefuxiatuen kokagunean, aire eraso baten bidez. Hori kaleratu du Wafa Palestinako albiste agentziak.

Urriaren 10az geroztik 800 pertsona baino gehiago hil ditu Israelek Gazan; 72.000 pasa, hango iturri ofizialen arabera, 2023ko urrian setioa hasi zuenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA