AEBek ez dute konbentzitu Iran, eta negoziazioak kolokan daude oraindik

Irango Atzerri ministroak zalantzan jarri du Washington «serio» ari ote den diplomaziari dagokionez; Islamabad utzi, eta Omanera joan da. AEBetako ordezkaritza gaur abiatzekoa zen Pakistango hiribururantz, baina Trumpek bertan behera utzi du bidaia.

Islamabadeko errepide bat hutsik, gaur; Pakistango hiriburua blindatuta egon da egunotan, negoziazioak izan zitezkeela eta. SOHAIL SHAHZAD / EFE
Islamabadeko errepide bat hutsik, gaur; Pakistango hiriburua blindatuta egon da egunotan, negoziazioak izan zitezkeela eta. SOHAIL SHAHZAD / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko apirilaren 25a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ameriketako Estatu Batuek nekez galduko dute Iranekin aurrez aurre beste behin biltzeko itxaropena, baina hurrengo batean elkartu beharko dute. Islamabaderantz abiatzekoak ziren gaur Steve Witkoff eta Jared Kushner mandatariak, baina, ikusita Irango ordezkaritzak dagoeneko ospa egin duela, Donald Trump AEBetako presidenteak esan du ez duela inor bidaliko hara: «Prestatzen ari ziren, eta esan diet: 'Ez, ez duzue egingo hemezortzi orduko hegaldia. Karta guztiak dauzkagu. Deituko digute nahi dutenean, baina ez duzue egingo hemezortzi orduko hegaldia, zertarako-eta ezertxotaz ere ez hitz egiteko'», adierazi dio Fox News kateari. Oraindik ere kolokan daude, hortaz, aldeen arteko negoziazioak.

Islamiar errepublikak esana zuen bere ordezkaritza Pakistango agintariekin baino ez zela biltzekoa gaur. «Iranek oharrak helaraziko dizkio Pakistani», iragarri du goizaldean Esmaeil Baghaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak, eta, herrialde horretako IRIB telebista eta irrati publikoak kaleratu duenez, Pakistanek «zubi lana» egingo du bi aldeen artean.

Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroa Pakistango armadako buru Asim Munirrekin bildu da jada, eta ondoren kaleratu duen ohar batean jakinarazi du su etenari buruz hitz egin dutela —asteazkenean zen amaitzekoa, eta Trumpek iragarri zuen luzatu egingo zuela, nahiz eta ez zuen zehaztu noiz arte—, baita gerra amaitzeko «kontuan hartu beharrekoez» ere. Al-Jazeera hedabidearen arabera, Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroarekin eta Ishaq Dar Atzerri ministroarekin ere bildu da Araghtxi. Bidaia «baliagarri» horren ostean, Araghtxik Omanerako hegaldia hartu du —heldu da jada—, eta zera idatzi du sare sozialetan: «Ikusteko dago AEBak serio ari diren diplomaziari dagokionez».

Donald Trump AEBetako presidenteak bart esan du Iran «proposamen» bat lantzen ari dela, baina oraindik ez duela haren berririk: «Aztertu beharko dugu», adierazi dio Reuters berri agentziari. Dena den, itxaron egin beharko dute AEBek, apirilaren 11n eta 12an Islamabaden egindako bilerei jarraipena noiz emango. Bide batez, Iranek esana du ez duela negoziatuko, ezta Ormuzko itsasartea irekiko ere AEBak eta Israel su etena urratzen ari diren bitartean. Trump azaltzen saiatu da zergatik atzeratzen ari den bigarren elkarrizketa saioa: «Denbora gehiegi xahutu dugu bidaiatzen, lan gehiegi! Gainera, egundoko barne gatazka eta nahaspila dute liderrekin. Inork ere ez daki nor dagoen agintean, ezta haiek ere», idatzi du sare sozialetan.

Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroa eta Asim Munir Pakistango armadako burua, gaur, Islamabaden. EFE
Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroa eta Asim Munir Pakistango armadako burua, gaur, Islamabaden. EFE

AEBetako presidenteak atzo esan zuen ez duela presarik Teheranekin akordioa lortzeko; halaxe berretsi du bart Pete Hegseth AEBetako Gerra idazkariak, Pentagonoan emandako prentsaurreko batean: «Munduko denbora guztia daukagu, eta ez gaude urduri». Dan Caine armadako burua ere han izan da: tropak «posizioan» dituzte, su etena amaitzen denerako «prest». Israel Katz Israelgo Atzerri ministroak ere atzo esan zuen AEBen «oniritziaren» zain daudela «Khamenei dinastia guztiz ezabatzeko» —otsailaren 28an hil zuten Ali Khamenei Irango lider gorena, eta haren seme Mojtaba Khamenei, gaur egungo lider gorena, zauritu egin zuten eraso horretan; orain arte ez du agerraldirik egin—.

239

Irango Guardia Iraultzaileak zenbat lagun atxilotu dituen. Irango Guardia Iraultzaileak jakinarazi du denera 239 pertsona atxilotu dituela mendebaldeko Kermanxah eta Kurdistan probintzietan, herrialdearen kontrako eraso bat antolatzea egotzita —155 Kermanxahn eta 84 Kurdistanen—. Ohar batean salatu du Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek lagundutako taldeetako kideak direla, eta Mossad Israelgo zerbitzu sekretuetako lau espioi ere atxilotu dituela tartean.

Aipatzekoa da Irango Parlamentuko Segurtasun Nazionalerako Batzordeko buru Ebrahin Azizik atzo kazetariei esandakoa, herrialdeko ordezkaritzak ez duela eztabaidatuko gatazka areagotzea eragin zuten auzietako bat: programa nuklearra mugatzeko akordioa. Izan ere, AEBak eta Israel otsailaren 28an Iran bonbardatzen hasi baino lehen, programa nuklearrari buruz negoziatzen ari ziren Washington eta Teheran, eta elkarrizketa horiek bertan behera geratu ziren erasoaldiagatik. Eta ez hori bakarrik: iazko ekainean, Israelek Iranen kontra hasitako eta AEBek errematatutako hamabi eguneko gerrak zapuztu egin zituen itun bat lortzeko elkarrizketak. Bi negoziazio horietan Oman izan zen bitartekari AEBen eta Iranen artean; Islamabaden izan eta gero, hara joan da Araghtxi.

Libanoko su eten hauskorra

Irangoa ez da Trumpek Ekialde Hurbilerako iragarritako tregoa bakarra. Israelek eta Libanok erasoak etetea adostu zuten, baina Tel Avivek esana du edozein mehatxuri erantzuteko «eskubidea» duela; alegia, Hezbollah milizia xiitaren kontra ari dela argudiatuta, erasoei eutsi die. Libanoko Osasun Ministerioaren arabera, Israelgo armadak lau pertsona hil ditu gaur herrialdearen hegoaldeko Yahmor al-Xaqif herrian, eta Bint Jbeil herriko eraikinak eraisten dihardu. Bestalde, Israelgo armadak salatu du Hezbollahk misilak jaurti dituela Israel iparralderantz.

Gainera, armadak jakinarazi du asteburuan gutxienez hamabost «terrorista» hil dituela, eta herritarrei ohartarazi die ez daitezela itzuli Libano hegoalderantz. Milioi bat libanoar baino gehiago etxera itzuli ezinda daude gatazkagatik; joan zen asteko ostiralean su etena ezarri eta gero, askok jaioterrirako bideari ekin zioten, baina Israelgo armadak behin baino gehiagotan eman du herrialdearen hegoaldeko herriak husteko agindua. Martxoaren hasieratik, Israelen erasoek ia 2.500 herritar hil dituzte Libanon, herrialde horretako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE