Datorrena datorrela, Iranek ez du amore emango; hori azpimarratu zuen hitzaldi batean Ali Khamenei herrialdeko lider gorenak orain aste batzuk. 2015ean sinatutako akordio nuklearrean jasotakoa betetzen ari ez dela egotzita, NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak zigor ekonomikoak berrezarriko dizkio bihar 02:00etan Irani. Horien ondorioz, batez ere Mendebaldeak areago bakartuko du errepublika islamiarra. Baina zigor ekonomikoen eta AEBen «eskakizun zentzugabeen» artean, Masud Pezexkian presidenteak gaur nabarmendu du nahiago dituela zigorrak.
Horiek hamar urtez egon dira etenda, baina berrezarri egin dituzte, Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak hala eskatuta. Segurtasun Kontseiluak horretarako ebazpen bat onartu zuen hilaren 19an, eta atzo atzera bota zuen zigorrak ezartzea sei hilabetez atzeratzeko eskatzen zuen Errusiaren eta Txinaren ebazpen bat.
Pezexkianek AEBak egin ditu gertatu denaren erantzule. Kontuan hartu behar da Washingtonek akordiotik ateratzea erabaki zuela 2018an, Donald Trump presidentearen lehen agintaldiaren hasieran. Hiru urte lehenago sinatu zuten ituna Iranek, Errusiak, Txinak, Frantziak, AEBek, eta Erresuma Batuak —Alemaniak eta EB Europako Batasunak geroago egin zuten bat itunarekin—, eta helburu zuen, finean, Teheranek bere programa nuklearra mugatzea, hari 2006tik NBEk ezartzen zizkion zigor ekonomikoak bertan behera uztearen truke.
Washington atera egin zen akordiotik, eta zigorrak berrezarri zizkion, bere kabuz. Aurtengo apirilean, ordea, itun nuklearraz negoziatzen hasi ziren, berriro, AEBak eta Iran. Elkarrizketa horiek, baina, bertan behera geratu ziren ekainean, Israelek Iran bonbardatu, eta bi herrialdeak hamabi egunez elkarri eraso egiten aritu ondoren.
Zer zigor dira?
NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak 2006 eta 2010 bitartean onartutako zenbait ebazpen dituzte oinarrian Irani berrezarriko dizkioten zigor ekonomikoek. Ebazpen horietan jasotakoa kontuan hartuta, arma enbargoa ezarriko diote Irani; debekatuko diote uranioa aberastea, eta jarduerak egitea arma nuklearrak garraiatzeko gai diren misil balistikoekin; aktiboak blokeatuko dizkiote nazioartean; eta zenbait norbanakori zein entitateri bidaiatzea eragotziko diete.
Irango presidenteak bere herrialdeko telebista kate publikoari azaldu dionez, AEBek exijitu zioten Irani %60 aberastutako 400 kilo uranio entregatzea, NBEk zigorrak ezartzea hiru hilabetez atzeratzearen truke. Pezexkianen esanetan, «onartezina» litzateke hori, eta uste du eskaera hori onartuz gero AEBek eskakizun gehiago egingo lituzketela behin epe hori pasatuta.
Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak ere eskaera batzuk egin zizkioten, zigorrak ezartzea atzeratuta, negoziazioei bide egiteko. Lehenik, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziari uztea Irango azpiegitura nuklearrak gainbegiratzen; bigarrenik, jakinaraztea non dauden %60 aberastutako uranioaren 400 kiloak; eta, hirugarrenik, AEBekin berriro negoziatzen hastea.
2015eko akordioaren arabera, Iranek ezingo zuen uranioa aberastu %3,67 baino gehiago. Baina IAEAk Iranen erreserbez kaleratutako azken txostenak dioenez —maiatzekoa da—, %60 aberastutako 400 kilo ditu. %90 aberastu beharko luke bonba nuklear bat egiteko, baina Iranek beti defendatu izan du erabilera zibilerako ari dela aberasten, ez duela arma nuklearrik egiteko asmorik. Horren guztiaren harira, aintzat hartu behar da itun nuklearraren beste sinatzaileek, Alemaniak izan ezik, arma nuklearrak dituztela.
Horiek horrela, Teheranek ez dizkio diplomaziari ateak itxi nahi. Pezexkianek adierazi du «gardentasunez» jokatu nahi dutela, eta zigorrak berrezarrita ere ez duela TNP Arma Nuklearrak Ez Ugaritzeko Itunetik ateratzeko intentziorik.