Atzo aurrerapauso nabarmena eman zuten Yemengo matxino huthiek, eta horretan dihardute oraindik ere: Moka hiriaren kontrola hartu zuten, eta gauza bera egin dute gaur Dhubab barrutiarekin —eremu horretan Yemengo estatu indarren base militar bat dago, eta hegazkin militarren lurreratze pista bat—. Aurrera egiten ari dira Itsaso Gorriko kostaldeko herrietan, eta Mayun irlara iritsi dira, Bab el-Mandeb itsasarteraino —Adengo golkoa eta Itsaso Gorria lotzen ditu, eta garrantzi handia dauka nazioarteko merkataritzan—. Ohar batean, matxino xiiten bozeramaile batek jakinarazi du Saudi Arabiari soilik eragotziko diola itsasartetik igarotzen, eta baldintza ezarri dio nabigatzeko baimena lortzeko: bertan behera utz dezala huthien kontrako blokeoa.
Saudi Arabiak eta Yemengo Gobernuak osatzen duten koalizio militarrak eta matxino xiitek eraso egin diote elkarri aste honetan, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak aste honetan ohartarazi du litekeena dela Yemenen are gehiago hedatzea gatazka datozen egunetan. Atzo, esaterako, Yemengo Gobernuaren indarrek bonbardaketak egin dituzte Moka hiritik gertu.
Irango Atzerri Ministerioak ohar bat zabaldu du gaur Tasnim albiste agentziaren bidez, eta adierazi du Yemengo auzia ezin dela blokeoaren edo ekintza militarren bidez konpondu; eskatu du «legez kontrako jazarpen ankerra» amaitzeko. Horrela, azpimarratu du eskualdearen segurtasuna eta egonkortasuna Yemenen «independentzia, subiranotasun nazionala eta lurralde osotasuna» errespetatzearen menpe daudela.
Teheranek diplomaziaren bidera itzultzearen beharra nabarmendu du oharrean, eta esan du Yemengo herritarrek eskubidea daukatela «bizitza duin bat» bizitzeko, «edozein motatako presiorik, intimidaziorik eta jazarpenik gabe», azaldu du.
Horrekin lotuta, Al Jazeera hedabideak AEBetako funtzionario bat aipatuz kaleratu duenez, AEB Ameriketako Estatu Batuak hitz egiten ari dira Yemengo eta Saudi Arabiako gobernuekin. Funtzionario horrek azaldu du Washingtonen zeregina dela herrialde horietako gobernuak «ahalduntzea», egoeraz ardura daitezen eta eskualdean egonkortasuna berrezarri dezaten. Hortaz, ez dirudi Washington prest dagoenik Yemenen esku hartzeko.
Axios AEBetako hedabideak, gainera, gaur kaleratu du Mohamed bin Salman Saudi Arabiako printze oinordekoak Trumpi deitu ziola atzo, bi aldiz, eta huthiak bonbardatzeko eskatu ziola. Iturri horren arabera, ordea, Trumpek baztertu egin zuen matxino xiiten aurka egitea, eta ez dauka, oraingoz, haien aurka «zuzenean» egiteko asmorik. Hala ere, Brad Cooper Centcom AEBetako armadaren Komandantzia Nagusiako komandanteak Riadera bidaiatu zuen atzo, Saudi Arabiako ordezkariekin «premiazko koordinazio bilera bat» egiteko. Hala ere, ez batak eta ez besteak ez dute bilera horren inguruko xehetasunik eman.
Iranek, ordea, berebiziko garrantzia dauka Yemengo auzian, huthien aliatu nagusia baita —Saudi Arabiako eta Yemengo gobernuek salatu izan dute huthiak Iranen mesedetan ari direla eskualdean; xiitak dira huthiak, Irango gehiengoa bezala—. Uztailean egin zuen gora tentsioak Riaden eta Yemengo matxino huthien artean, Irango gerra piztuta zegoela. Yemengo gerra 2014an piztu zen, huthiak Yemengo Gobernuaren aurka matxinatu zirenean, eta 2022an iritsi zen tregoa, nahiz eta hauskorra izan den. Aurtengo uztailean, ordea, armak hartu zituzten berriro ere.
46.000Zenbat herritarrek egin duten ihes etxetik Yemenen, huthien eta gobernuaren gatazka tarteko.
NBE Nazio Batuen Erakundearen Migrazioetarako Erakunde Orokorrak gaur zabaldu duenez, gutxienez 46.000 pertsonak utzi behar izan dute etxea Yemenen, azken hilabeteetan herrialdeko gatazkak okerrera egin duela eta. Gaineratu dutenez, lekualdatutako herritarren kopurua okerrera egiten ari da orduak pasatu ahala. Batez ere, Hudeida eta Taiz probintzietako herritarrak ari dira ihesean, eta Lahj, Aden eta Ibb herrietara joaten ari dira.
Yemengo Gobernuaren estatu indarrek asteartean jakinarazi zuten erasoaldia abiatu zutela Sana hiriburua berreskuratzeko —matxino xiiten esku dago hiriburua 2014az geroztik—. Saudi Arabiaren babesa baliatuta, airez egin zuten eraso huthien eremuen aurka. Matxino xiitek erantzun egin dute, eta Itsaso Gorriaren kostaldea hartzeari ekin diote.
Huthiek nahi gisa maneiatzen badute Bab el-Mandeb itsasartea, are gehiago bakartuko lituzkete petrolio ekoizleak beren ibilbide nagusietatik. Hortaz, matxino xiitek daukate Saudi Arabiaren esportazioen giltza —Saudi Arabia da munduan petrolio gehien esportatzen duen herrialdea—. Izan ere, Riadek ezin du ontzirik atera ez Persiar golkoan barrena ezta Itsaso Gorrian barrena ere —lehena, Iranek Ormuzko pasabidea itxita daukalako, eta, bigarrena, huthiek Bab el-Mandebeko itsasartea blokeatu dietelako—.
Gainera, estrategikoki eremu are garrantzitsuagoa bilakatu da Bab el-Mandeb otsailaren 28an AEBek eta Israelek Iranen kontrako oldarraldia hasi zutenetik. Izan ere, Iranek Ormuzko itsasartea itxi zuenetik —handik igarotzen da munduko petrolioaren %20 inguru, eta hori da Teheranek Washingtoni presio egiteko hartu duen neurri nagusia—.
ISRAELGO ARMADAK ERASO GEHIAGO EGIN DITU LIBANO HEGOALDEAN
Israelgo armadak gaur sareetan jakinarazi duenez, Tel Avivek eraso gehiago egin ditu Libano hegoaldean, Nabatieh barrutiaren inguruan. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gaur X sare sozialean adierazi duenez, armadak tunel bat bonbardatu du gaur goizaldean, «Hezbollahren gotorlekuetako bat» zela argudiatuta. Gaineratu duenez, behin «gotorlekua» leherrarazi eta gero, Israelgo estatu indarrak bertan geldituko dira, «etsaia itzultzen ez dela ziurtatzeko». Horrela, Netanyahuk argi erakutsi du Israelgo armadak ez daukala Libano hegoaldetik ateratzeko inolako asmorik.
Horrez gain, Israelek eraso gehiago egin ditu gaur Gazan. Armadak X sare sozialean jakinarazi duenez, Khan Yunis herrian egin dute eraso, airez, zerrendaren hegoaldean, eta eraso horietan Mohammed al-Yazuri Al-Qassam Brigadetako komandantea hil dutela adierazi dute.