Iranek ez du «apur bat ere» atzera egingo programa nuklearraren auzian

Nazioarteak zigorrak gogortuko ditu, baina Txina eta Errusia ez daude prest Teheranen aurka jartzeko

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Ustez helburu militarretarako Iran prestatzen ari den programa nuklearra nazioarteko harremanen sokatirarako arrazoi bilakatu da berriz ere egunotan, are gehiago IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak arma nuklearrak egiteko lanak eginak dituela esan eta gero. Iranek ukatu egin du hori beste behin, baina Frantzia, AEBak, Erresuma Batua eta Israel bero-bero daude orain arte ezarritako zigorretatik haragoko neurrietara jauzi egiteko, Irango instalazio nuklearretara misilak jaurtitzeraino —Txina eta Errusia ez daude prest—. Zigorrak noraino gogortuko diren zehazteko dago, baina direnak direla ere, Teheran gogor dago, amore emateko batere asmorik gabe, eta erantzuteko prest, behar izanez gero.

Mahmud Ahmadinejad Irango presidenteak interes politikoetan oinarritutako txostena deritzo IAEAk egindakoari, eta hori dela eta, bere programarekin jarraituko du, agentziak egindako ohartarazpenei kasurik egin gabe. Haren herriak «ez du apur bat ere atzera egingo». Ahmadinejadek berriz ere ukatu egin du arma nuklearrak egiten ari direla: «Gu bizkorrak gara, eta ez ditugu bi bonba egingo zuek dituzuen 20.000ri aurre egin behar izateko». Ali Asghar Soltanierentzat ere IAEAren txostena «AEBen baieztapen faltsuetan» oinarritzen da. Soltanie Iranek erakunde horretan duen ordezkaria da. IAEAk ez du bilatzen ari den froga erabakigarririk aurkitu, baina nabarmendu du informazio berria eta fidagarria duela Teheran egiten ari denaren inguruan.

Zigor bateraturik ez

Auziak ez du irtenbide errazik, batetik Iranen jarrerak ez duelako aukera askorik ematen, baina, bestetik, haren aurrean ezartzen direnena ere ez da lagungarria: AEBak, Frantzia eta Erresuma Batua erabaki bateratu baten bila dabiltza, zigorrak gogortuz Teheran bakartzeko eta itotzeko, baina ezinezkoa dute Nazio Batuen Erakundearen izenean erabakirik hartzea, Segurtasun Kontseiluan betoa jartzeko eskubidea erabiliko luketelako Txinak eta Errusiak.

Moskuk argi utzi du ez duela zigor bateraturik onartuko, haren ustez Teherango erregimena aldatzeko asmoa ezkutatzen duelako egitasmo horrek: «Onartezina da hori, eta Errusiak ez du proposamen hori aztertzeko asmorik ere». Guennadi Gatilov Atzerri ministrordeak hitz egin du Kremlinaren izenean.

Txinak, berriz, «beti» pentsatu izan du Irango auzi nuklearra elkarrizketa bidez konpon daitekeela. «Une honetan pentsatzen dugu herriek gehiago saiatu beharko luketela kooperazioa eta elkarrizketa errazteko», esan du Hong Lei Atzerri Gaietarako Ministerioko bozeramaileak.

Horregatik, bakarkako erantzuna behintzat ziurtatzen ari dira. AEBak dagoeneko zigorrak prestatzen ari dira. Orain arte dituztenak baino gogorragoak, eta herrialde aliatuekin zigor berak jar ditzaten hitz egiten ari dira.

Adierazpenen zurrunbilo horretan Frantziak, Erresuma Batuak eta AEBek altxatu dute ahotsa «zigor gogorragoak» eskatzeko. Europako Batasunak herrialdeetako ordezkariekin aztertuko du gaia, eta Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuren bulegoak «munduari neurriak har ditzala» eskatu dio, zein neurri nahiko lituzkeen azaldu gabe. Hori bai, «munduko eta Ekialde Hurbileko bakea arriskuan jartzen duten arma nuklearrak gelditu behar ditu nazioarteak».

Hori horrela, neurriak martxan daude. AEBek orain arte ezarritakoei beste batzuk gehituko dizkiete, eta nazioartean erantzun bateratua emateko aukerarik ez duten arren, aliatuekin zigor horietan ados jartzeko lanean hasi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.