Zein kezka, zein interes, zein eskubide dituen jakinarazi die Iranek AEBei, bi aldeek gaur Omanen zeharka edukitako bileran. AEBek gauza bera egin dute. Eta, besteak beste, Iranen programa nuklearraz berriro negoziatzen hastean, oraingoz hori bera —elkarren planteamenduak entzun ahal izatea, alegia— nahikoa iruditu zaio Teheranek Omanera bidalitako ordezkariari, Abbas Araghtxi Atzerri ministroari. Hasteko, behintzat, esan du gaurko elkarrizketa ontzat jotzen duela. Ez da gutxi, kontuan hartuta Donald Trumpek azkenaldian aldiro mehatxu egiten diola Irani. Washingtonek ez du adierazpenik egin bilerari buruz; Teheranen hitzetan, berriro biltzekoak eta negoziatzen jarraitzekoak dira, nahiz eta ez duen zehaztu ez noiz, ez non.
«Atsegina» izan da gaurko bilera, Araghtxik agerraldi batean adierazi duenez. Eta uste du auzi nuklearraren bueltako elkarrizketetan «marko emankor bat» lortuko dutela gaur hartutako bidetik segituz gero. Ez du argitu, ordea, zein den bide hori. Hitz egiten segitzekoak dira, baina, azaldu duenez, orain aldeek, nork bere aldetik, xehetasunez aritu behar dute etxean.
Hori bai, Irango diplomaziaburuak argi utzi nahi izan du negoziatzen jarraitzeko baldintzetako bat dela mehatxuak alboratzea, eta hori mahai gainean jarri duela gaur. Ez du ukatu, bide batez, bi aldeen artean «konfiantza» egotea beharrezkoa dela aurrerantz segitzeko, eta hain zuzen, iritzi dio hori bera falta dela egun, aintzat hartuta azkeneko «zortzi hilabete nahasiak» eta Iranek eta Israelek iazko ekainean eduki zuten bi asteko gerra. «Mesfidantza oztopo handi bat da», azpimarratu du.
Omango Atzerri ministro Sayyid Badr bin Hamad al-Busaidik egin ditu bitartekari eta anfitrioi lanak Maskaten, herrialdeko hiriburuan, eta bilkuraren ondoren X-n idatzitako mezu batean adierazi du «erabilgarria» izan dela «ideiak argitzeko», eta «identifikatzeko zeintzuk izan daitezkeen aurrerapausoak emateko moduko eremuak».
Iaz ere, Iranen eta Israelen arteko gerra piztu aurreko asteetan eta Trump Etxe Zurira itzuli berritan, Omanen negoziatu zuten bi aldeek, eta orduko formatu bera erabili dute gaur; hau da, Araghtxik zeharkako elkarrizketak izan ditu Steve Witkoff Ameriketako Estatu Batuen Ekialde Hurbilerako mandatariarekin eta Jared Kushner Donald Trump presidentearen suhiarekin.
Ez dago garbi, ordea, zehatz-mehatz zer izan duten hizpide batzuek eta besteek. AEBek azken egunetan esan izan dute, baina, programa nuklearraz ez ezik Teheranen misilen programaz eta hark Ekialde Hurbilean duen eraginaz ere hitz egin nahi zutela. Teheranek ez zuen horretarako asmorik. Horren harira, eta Trumpen mehatxuak gogoan, Araghtxik berak hau esan du bilera hasi aurretik: «Gehiegizko eskakizunak ikusirik, islamiar errepublika prest dago subiranotasuna eta segurtasun nazionala defendatzeko». Ekialde Hurbileko potentzietako batentzat, Saudi Arabiarentzat, «ezinbestekoa» da auziari irtenbide diplomatiko bat ematea. NBEk txalotu egin du berriro negoziatzen hasi izana.
Negoziazioetan bitartekari dabiltzan herrialdeek —Qatarrek, Turkiak eta Egiptok— gai zerrenda bat proposatu zieten aurreko egunetan bi aldeei: programa nuklearra, misilak eta Iranek eskualdeko miliziei ematen dien babesa. Proposamen horren arabera, Iranek ez luke uranioa aberastuko hiru urtez, eta, gero, maila oso apalean egin ahalko luke hori; azken batean, helburua da arma nuklearrik garatzeko modurik ez izatea.

Hain zuzen, uranioa %1,5 aberastu ahalko luke; aurrez adostutako akordioak, 2015ekoak, %3,67ko muga ezarri zion Irani —maila horren bueltako lehengaia erabili ohi dute zentral nuklearrek—. Trumpek, ordea, akordio hori bertan behera utzi zuen bere lehen agintaldian (2017-2021), eta Iranek programa nuklearra garatzeari ekin zion berriro. Gaitasun nuklearra metatzen ari zela jakinda, Araghtxik eta Witkoffek elkarrizketa saioak egin zituzten iaz, beste itun bat adostearren.
Bost bider bildu ziren, diplomaziak porrot egin arte: ekainean, Israelek bere kasa eraso zion Irani, arma nuklearrak garatzeko bidean zela argudiatuta, eta AEBek ere parte hartu zuten gero; azpiegitura nuklearrak bonbardatu zituzten.
Narges Mohammadi bakearen nobel saridunak gose greba hasi du
Bai bere egoera, bai «Irango bidegabekeriak» salatzeko, Narges Mohammadi 2023ko Bakearen Nobel saridun irandarrak gose greba hasi du. Hori adierazi dute gaur giza eskubideen aldeko ekintzailearen senideek, ohar batean. Mohammadiren defentsak atzo jakinarazi zuen gose grebari ekin diola; halaber, abenduaren 11n azkenekoz atxilotu zutela eta, ekintzailea zein baldintzatan dagoen ere salatu zuen. 53 urte ditu, eta 26 baino gehiago igaro ditu espetxean.
Ordurako, Iranek %60 aberastutako 400 kilogramo pasatxo zituen, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak erasoaldiaren aurretik kaleratutako ohar baten arabera; ekainaz geroztik, Teheranek harremana eten zuen Nazio Batuen Erakundearen agentzia horrekin. Saiatu da lankidetza berreskuratzen, baina azken egunotan Irango agentzia nuklearreko buruak galdetu du ezen, programa nuklearra suntsituta geratu bazen, AEBek ziurtatu bezala, ea IAEA «zeren atzetik» dabilen. Erakunde horretako adituak ez daude ziur zenbateraino kendu zioten Teherani gaitasun nuklearra. Iranek %90 aberastu beharko luke uranioa arma nuklearrak garatzeko.
Bi aldeen keinuak
AEBek Iranen duten enbaxada birtualak herrialde horretan dauden estatubatuarrei agindu die «berehala» ihes egin dezatela; ahal izanez gero, Armeniara edo Turkiara. Ez da estreinako aldia; aurrez, krisi ekonomikoaren inguruko protestetan ere gauza bera ohartarazi zien: izan dezatela herrialdetik alde egiteko plan propioren bat; eta, bestela, gorde daitezela «leku seguru» batean.
14AEBek zenbat ontziri jarri dizkieten zigorrak, Iranekin lotura dutelakoan. Washington eta Teheran negoziatzen hasi diren honetan, AEBetako Estatu Departamentuak gaur adierazi du zigorrak jarri dizkiela hamalau petrolio ontziri eta hamabost entitateri, Irango petrolioa modu «ez-zilegian» garraiatzea egotzita.
Washingtonek ez du egoitzarik Iranen, ez behintzat 1979ko iraultzaz geroztik, milizia islamistek gatibu hartu baitzituzten hainbat estatubatuar; tartean, enbaxadako kideak. Urte hartako azaroan izan zen hori, eta gatibu horietako asko urtebete baino gehiago eduki zituzten bahituta.
Iranen ordezkaritzak, berriz, keinu egin die iraultza islamikoari eta bahitutako haiei. Al-Jazeera hedabideak kaleratu duenez, Araghtxik Kavir basamortuan hartu du Omanerako hegazkina; hain zuzen, 1980ko apirilean, AEBetako armada hantxe ari zen prestatzen Arranoaren Atzaparra operazioa, miliziek gatibu hartutakoak askatzeko asmoz. Bertan behera utzi behar izan zuten operazio hori, arazo teknikoak eta harea ekaitza tarteko.