Amaierako adierazpena irakurri eta agiria onartuta, amaitu da NAM Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduaren hamaseigarren goi bilkura. Iranen programa nuklearraren auzia eta Siriako gatazka nagusitu dira mintzagaien artean. NAMen baliabideak «terrorismoaren aurka borrokatzeko» erabili behar direla nabarmendu du Irango estatuburu Ali Khameneik, eta salatu duMendebaldeak eta, batez ere, AEBek segurtasunik eza eragin dutela arabiar herrialdeetan eta horren aurka borrokatzeko ardura sentitu behar duela NAMek. Irango Atzerri ministro Ali Akbar Salehik, berriz, goi bilkuran egon diren ordezkarien artean aldebiko eta aldeanitzeko harremanetarako kontsentsua egon dela azpimarratu du, eta adierazi du NAMi heldu zaiola «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko garaia.
Siriako gatazkari dagokionez, Khamenei aiatolak Mendebaldeko herrialdeei egotzi die erantzukizuna, eta azaldu du oposizioko taldeak armaz eta diruz hornitzeak antzeko egoera sortuko lukeela edozein herrialdetan, baita Europan ere. Siriako lehen ministro Wael Nader al-Halqirekin izandako elkarrizketan, erreforma politikoak egiten jarraitzeko eskatu dio Khameneik Siriako Gobernuari, oposizioko taldeek erasotzeko «aitzakiarik izan ez dezaten». Al-Halqik, berriz, esan du Damaskok «terrorismoaren aurka konprometituta» jarraituko duela «elkarrizketa nazionalerako bidean».
Saeed Jalili Irango Segurtasun Batzorde Nazionaleko idazkariak ere salatu du Siriako oposizioa diruz eta armaz lagundu duten herrialdeek demokraziaren izenenean «odol isuria» eragin dutela. Pakistango eta Armeniako ordezkariak bat etorri dira Iranek Mendebaldeari egindako kritikarekin. Asif Ali Zardari Pakistango presidenteak gogor gaitzetsi du Siriako oposizioak jasotako laguntza, eta Siriako herritarren eskubideak «lehenbailehen» bermatzeko eskatu du. Armeniako Atzerri ministro Ali Larijanik, berriz, hainbat herrialderen «muturreko politikei» egotzi die Sirian indarkeriak gora egin izana.
Khameneik NBE Nazio Batuen Erakundea ere aipatu du, eta esan du Siriako gatazka konpontzeko erakunde «egokiagoa» dela NAM NBE edota NATO baino. NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek NBEren Siriarako mandatari berezi Lakhdar Brahimiren misioa «errespetatzeko» eskatuz erantzun dio Irani, eta ziurtatu du Kofi Annanek hasitako «bake bidea» arrakastaz amaituko duela Brahimik.
Adiskidetzeko laguntza
Palestinako ordezkaritza ere izan da Teheranen, eta Irango presidente Mahmud Ahmadinejadek Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteari adierazi dio «konprometituta» dagoela palestinarren adiskidetze nazionala babesteko. Iazko maiatzean sinatu zuten PANek eta Hamasek adiskidetze nazionalerako ituna, baina akordioak ez du fruiturik eman, eta Ahmadinejadek adiskidetzea Iranen negoziatzea proposatu die.
Izan ere, goi bilerako testuinguruan liskarrak sortu dira ordezkari palestinarren artean. PAN NAMeko kidea da, eta Abbas goi bileran izan da, baina Gazako lehen ministro Ismail Haniyehek ere gonbidapena jaso zuen joan den astean, eta horrek Al-Fatah alderdiaren haserrea eragin zuen. Salam Fayyad PANeko lehen ministroak Teheranera ez joateko eskatu zion Haniyeheri, palestinarren nazioarteko ordezkaritza «zatituta ez agertzeko», eta Haniyeh ez da joan azkenean, «palestinarren arteko zatiketa ez areagotzeko».
Iranek herenegun hartu zuenNAMeko presidentetza, Egiptoren eskutik, eta 2015ean Venezuelaren txanda izango da. Nicolas Maduro Venezuelako Atzerri ministroak ordura arte agurtu ditu Teheranen egon diren herrialdeak, eta adierazi du Venezuela prest dagoela NAMen lana munduan ezagutarazteko. Horrez gain, ziurtatu du 2015ean ere Hugo Chavezek jarraituko duela Venezuelako presidentetzan.
Iranek Mendebaldeari leporatu dio herri arabiarretako segurtasun falta
Amaitu da NAM Lerrokatu Gabeko Herrialdeek Teheranen eginiko goi bilera, eta Iranek hartu du presidentetza 2015era arteAhmadinejadek palestinarren adiskidetzea Iranen negoziatzea proposatu dio Abbasi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu