Irandarrek ia bi aste daramatzate herrialdeko agintarien aurka protestan. Abenduaren amaieran hasi ziren kalera ateratzen krisialdi ekonomikoa dela kausa, eta protestak gero eta hiri gehiagotara zabaltzen ari dira. Ali Khamenei Irango lider gorenak «batasunerako» deia egin die herritarrei; «terroristatzat» dauzka manifestariak, eta ohartarazi die neurri zorrotzak hartuko dituztela haien aurka. Iran Human Rights Norvegian egoitza duen GKE gobernuz kanpoko erakundearen arabera, estatu indarrek gutxienez 45 pertsona hil dituzte protestak hasi zirenetik, tartean zortzi haur.
Nahiz eta Masud Pezexkian presidenteak dei egin duen moderazioz jokatzeko eta manifestarien eskaerak entzuteko, lider gorenak protestak zapaltzeko asmoa agertu du. Herrialdeko telebista kate nazionalean gaur egindako adierazpenetan, Khameneik esan du atzerriko «arerioek» bultzatu dituztela protestak, batez ere AEBek.
New regions of Iran, including Khuzestan, joined the demonstrations against the regime on Day 11 of the #IranProtests. Large crowds of protesters gathered in many cities, set fires, and toppled statues of Qasem Soleimani.
— Reza Younesi رضا يونسى (@RezaYounesi) January 8, 2026
Meanwhile, the regime’s forces continue to directly shoot… pic.twitter.com/F7PEjo0HNy
Hain zuzen, Donald Trump AEBetako presidenteak, atzo Fox News telebista katean emandako elkarrizketan, adierazi zuen ez duela onartuko Teheranek manifestariak hiltzea. Eta ohartarazi zuen AEBek «gogor» erantzungo dutela Irango Gobernuaren indarrak manifestariei oldartuz gero.
Trumpen adierazpenak eskertu ditu Reza Pahlevi printzeak. Iranen 40 urtez agindu zuen Mohammad Reza Pahlevi xah-ren semea da, AEBetara erbesteratu ziren 1979an Iraultza Islamiarrak agintea hartu zuenean. Irango agintari islamisten aurkako ikur nabarmenetako bat da, eta sare sozialetan protestak hauspotzen aritu da azken egunetan.
NetBlocks Erresuma Batuan egoitza duen GKEak salatu du atzotik etenda dagoela Interneteko konexioa, Iranen. GKEaren arabera, Teheran «zentsura digitala» erabiltzen ari da protestak baretu nahian.
Rialaren balioaren jaitsiera bortitzak areagotu egin ditu irandarren zailtasun ekonomikoak. Horregatik, Teherango merkatariak protestan hasi ziren abenduaren 28an, eta azken egunetan probintzia guztietara zabaldu dira manifestazioak.
Mahsa Aminiren heriotzaren ondoko protestez geroztik Iranen izandako manifestaziorik jendetsuenak izan dira azken egunotakoak. 2022ko irailean, Irango Moralaren Poliziak Amini atxilotu zuen, beloa «gaizki jarrita» eramateagatik. Hurrengo egunean, 22 urteko gaztea hilik zegoela jakinarazi zuten. Aldi hartako protestetan ehunka pertsona hil zituzten estatu indarrek.