Iranen aurkako erasoa «prest» du Israelek, eta aukera «erreala» da

Ehud Baraken arabera, ahalmen nuklearra eskuratu aitzinetik jo beharko lukete Teheranen aurka

mikel rodriguez
2012ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
«Iranen aurka operazio militarra egiteko aukera erreala da, eta prest dago». Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroak ez du zalantzarik egin. «Zigorrek ez badute Iranen programa nuklear militarra geldiarazten, ekintzak hastea beharrezkoa izanen dugu». Barakek adierazpenak egin aitzinetik, Israelgo bertze hainbat goi kargudunek eta AEBetako Defentsa idazkari Leon Panettak ere iragarri zuten atzo Tel Avivek berandu baino lehen Irani erasotzeko asmoa duela. Errepublika islamikoan berehalakoan erantzun diete mehatxuei, estatuko buruzagi gorenak, gainera. Israel «erauzi beharreko tumore minbizi-eragilea» dela erran du Ali Khamenei aiatolak, eta «erregimen sionistaren aurka borrokatzeko prest» dagoen edozein «nazio edo talde» lagunduko dutela jakinarazi du.

Iranek programa nuklearra asmo zibilekin egin duela adierazi du behin eta berriz, baina helburu militarrarekin aritzea leporatzen dio Mendebaldeak. Iragan urtearen amaieratik bi aldeen mehatxuak anitz larritu dira, eta, adierazpenez adierazpen, gerrarako bidea irekitzen ari dira batez ere AEBetako eta Israelgo agintariak. Barakek errandakoak puntu gorena dira oraingoz, erasoaren epeaz ere mintzatu delako. Haren ustez, «eraso fisiko bat praktikoa ez den fase batera» hurbiltzen ari da Iran. «Iran nuklear baten aurka jotzea zailagoa eta arriskutsuagoa litzateke, eta odol gehiago isuriko genuke». Herzliyako Konferentzian egin ditu adierazpen horiek. Israelen politika eta erronkak aztertzen dituzte hor gobernuko kideek, enpresa eta akademia arloko adituek eta atzerriko gonbidatuek. Bertze herrialde anitz ere erasorako aukeraren alde daudela ziurtatu du Defentsa ministroak.

David Ignatius The Washington Post-eko zutabegilearen iritziz, baina, AEBak kezkatuta daude Israelek bere kabuz jo nahi duelako Iranen aurka. Tel Aviven erasoa «apirilean, maiatzean, edo ekainean» izan litekeela uste du Panettak, Ignatiusen arabera. Panettak ez du informazio hori berretsi, baina gezurtatu ere ez. Alemaniak, berriz, «abenturetan» ez sartzeko ohartarazi dio Israeli; hala ere, Iranen programa nuklearrarekin Berlin «hagitz kezkatuta» dagoela erran du Thomas de Maiziere Defentsa ministroak.

Khamenei aiatolak berretsi du, baina, orain arte Iranen aurka AEBek eta EB Europako Batasunak ezarritako zigorrek ez dutela programa nuklearra geldiaraziko. «Iran mehatxatzeak edo erasotzeak AEBei eginen die kalte», erran du telebistan egindako agerraldian. Israelgo Shin Bet barne inteligentziarako agentziako zuzendari Yoram Cohenek adierazi du Iranek «Israelgo helburuei» eraso egin nahi diela, zientzialari nuklearren hilketen ordainetan.

Petrolioaz kezkatuta

Iranen inguruko mehatxu giroak sortu duen kezketako bat petrolioa da; alde batetik, AEBek eta EBk Teheranen esportazioei ezarritako debekuak Irango ekonomia kolpatuko du, eta bezero diren Mendebaldeko hainbat herrialderi zailtasunak eraginen dizkie. Bertzetik, Iranek Ormuzko itsasartea ixteko mehatxua egina du, horrek Persiako Golkoko esportazio guztiei eraginen liekeelako. Txinak, Iranen bezero nagusiak, Mendebaldeak ezarritako zigorrak kritikatu ditu, eta tentsio giroak «munduko suspertze ekonomikoa» oztopatzen duela salatu du. Washington, berriz, Teheranen bertze bezero handi batekin, Japoniarekin negoziatzen ari da Irango petrolio inportazioak gutxitu ditzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.