SOSLAIA. Marziyeh Afkham

Iranen emakumezko aurpegi ofiziala

Samara Velte.
2015eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Irango Gobernua emakumezko enbaxadore bat izendatzekoa da aurki, Ekialde Hurbileko zenbait hedabideek jakinarazi dutenez. Oraindik ez dute zehaztu zein herrialdetara igorriko duen Hassan Rohani presidenteak bere ordezkari diplomatikoa, baina postua Marziyeh Afkhamentzat (Teheran, 1962) izango dela iragarri dute Irango komunikabide ofizialek.

Orain arte ere aski aurpegi publikoa izan da Afkham; 2013az geroztik Irango Gobernuaren bozeramaile nagusia izan da atzerri gaietan. Azken asteotan hainbat agerraldi entzutetsu egin ditu, esate baterako, Iranen posizioa defendatuz Yemengo gatazkan eta Europako Batasunak ipinitako zigor ekonomikoak kritikatuz.

Ingeleseko Ikasketak egin zituen Teherango Allameh Tabatabaei unibertsitatean, eta Ekialde Hurbilari buruzko graduondoko bat horren ondoren. 1982tik dihardu Irango Atzerri Ministerioarentzat lanean; gehienetan komunikazio arloan, baina tartean baita aholkulari gisa ere. Mohammad Khatami presidente ohiaren garaian —erreformatzaile ospea zeukan hark— gobernuko harreman publikoetako burua izan zen.

Rohaniren gobernuko goi kargudunen artean emakumezko bakarrenetarikoa izan da azken urteotan, kabinetean ez baitago emakumezko ministrorik —Legezko Gaietarako presidenteordea bada emakumezkoa: Elham Aminzadeh akademikoa—. Afkham enbaxadore izendatzen badute, bigarren emakumea izango da halako kargu batean. Azkenengoa Mehrangiz Dolatshahi izan zen, Irango Gobernuaren ordezkari gisa jardun zuena Danimarkan 1970eko hamarkadan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.