Soziologoa

Nahia Sanzo: «Iranen haustura nahi dutenak ez daude ados elkarrekin»

Sanzoren arabera, Iranen gizarteko sektore guztiak daude protestan: «ekonomia hobetu nahi dutenak, sistema barrutik erreformatu nahi dutenak eta 1979ko aiatolen erregimena amaitu nahi dutenak».

Nahia Sanzo soziologoa. ANDONI CANELLADA / FOKU
Nahia Sanzo soziologoa. ANDONI CANELLADA / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko urtarrilaren 12a
19:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Odoltsuak izaten ari dira azken egunak Iranen. Nahia Sanzo (Gasteiz, 1982) soziologoak eta kazetariak protesta horiek ulertzeko gakoak eman ditu, eta Irango egoera zein den azaldu. Geopolitika du ikerketa esparru.

Irango protestak duela bi aste hasi ziren, krisi ekonomikoa dela eta. Zein da, zure ustez, krisi ekonomiko horren eragile nagusia?

Zalantzarik gabe, faktorerik garrantzitsuenak bi dira: nazioartean bakartuta egotea eta zigorrak. Iran nazioarteko ekonomia eta finantza saretik kanpo dago, bakartuta; urteak daramatza horrela. Denbora aurrera doa, eta ez dirudi egungo Mendebaldeko sistema ordezkatuko duenik. Sistema horretatik kanpo, zailtasun handiak daude aurrera egiteko. Iranek aberastasun handia du petrolioan, baina deskonektatuta dago, eta ezin du aprobetxatu. Oso merke saldu beharra dauka petrolioa, eta, askotan, galerak izaten ditu. Horren eraginez, dibisa nazionalaren balioa apaldu da, eta izugarrizko arazoa da hori herritarrentzat.

Zergatik atera da jendea kalera? Krisi ekonomikoa eta itzalaldia kritikatzeko? Ala gobernu aldaketa bat eskatzeko?

Denetarik dago. Klase ertainak hasi zituen protestak, eta hedatzen joan dira. Orokorrean, gobernuak ematen dituen erantzunak ez dira biztanleek entzun nahi dituztenak. Herritarrek proposamen zehatzak entzun nahi dituzte, eta oso zaila da hori lortzea Iran dagoen baldintzetan. Beraz, denak daude protestan: ekonomia hobetu nahi dutenak, sistema barrutik erreformatu nahi dutenak eta 1979ko aiatolen erregimena amaitu nahi dutenak. Haustura hori nahi dutenak ere ez daude ados elkarrekin, eta ezberdintasunak daude hor ere.

Gazte askok ikusten dute dagoen sistema ezin dela erreformatu, aldaketa bat behar dela. Konponbiderik errazena Mendebaldekoa dela uste dute batzuek. Hau da, pentsatzen dute Mendebaldera hurbildu ahala beste gauza batzuk gal ditzaketela, zigorrak kenduko dizkietela. Nire ustez, itxaropen faltsua da hori; ez da horrela. Mendebaldera hurbildu zaitezke, baina, bloke horren menpe ez bazaude, ez dizkizute zigorrak kenduko, eta Iranek ez du Mendebaldearen menpe egon nahi.

«Pahlavik hitz egiten duenean, haren mezuaren hartzaile nagusia Donald Trump da, Maria Corina Machadoren estilora»

Irango Gobernuak protestak hauspotu izana leporatu die atzerriko eragileei. Zer eragin dute egoera honetan Mendebaldeak eta Iranen programa nuklearrak?

Hori ere funtsezkoa da. Rohaniren gobernuak, 2015ean, akordio nuklear baten alde egin zuen. Hori zen bere programa ekonomikoaren oinarria: «Mendebaldearekin hobeto moldatuko gara, zigorrak kenduko dituzte, eta gehiago inbertituko dute Iranen». Baina akordioa ez zen erabat zehaztu. AEBek oso azkar egin zuten alde akordiotik, eta Europako herrialdeak ez ziren gai izan zigorrak kentzeko eta Iranekin berriro salerosketak sustatzeko. 

Gaur egungo gobernuak Rohanik nahi zuen horri heldu dio berriro, baina akordio nuklearra atzean utzita. Saiatu ziren iaz AEBekin negoziatzen; Trumpi baiezko automatikoa eta erabatekoa ematen ez badiozu, presioa areagotu egiten du. Zigorrak handitzea du hizpide Mendebaldeak orain, protestetan gobernuak izan duen erantzuna dela eta. Ziklo horretan gaude. Ez dituzte zigorrak kentzen, beraz, Irango ekonomia erori egiten da. Protestak hasten dira gobernuaren aurka. Gobernuak errepresioz erantzuten du. Eta zigor gehiago.

Egoera honetan, Irango Atzerri ministroa Mendebaldearekin negoziatzeko prest agertu da berriro.

Iaz ere hala agertu zen. Gobernu batekin negoziatu ahal bada, Irango gobernu honekin negoziatu daiteke. Baina ikusten dugu ez dela erraza AEBekin negoziatzea. Atzo Trumpek baieztatu zuen Iranek negoziatu egin nahi duela, baina, aldi berean, aditzera eman zuen eraso bat egon daitekeela Iran ataka estuan jartzeko eta AEBei baietz esatera behartzeko. Hori ez da negoziazio bat, eta ez da gauzak konpontzeko modua. Beraz, zaila du Abbas Aragtxi Atzerri ministroak: batetik, protestengatik eta Irango egoera ekonomikoagatik, eta bestetik, Israelen eta Estatu Batuen presioagatik.

Reza Pahlavi printzeak protestak hauspotu ditu erbestetik. Zer aukera ikusten duzu gobernu aldaketa baterako?

Egia da protesten parte bat [Mohammad Reza Pahlavi] azken xaharen oinordekoaren alde dagoela. Hura AEBetan bizi da, eta, hitz egiten duenean, haren mezuaren hartzaile nagusia Donald Trump da, Maria Corina Machadoren estilora. Badaki bere kabuz ez dela gai erregimen aldaketa hori lortzeko. Ikusi beharko da Iran AEBekin zerbait negoziatzeko gai den, eta kanpoko presioek nola eragiten duten herrialdean. Gobernuaren aurkako manifestazioak ez ezik, aldekoak ere ikusten dira. Denborak aurrera egin ahala ikusiko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.