Mendebaldeko gobernuek Irandik alde egiteko eskatu diete beren herritarrei

Alemaniak, Espainiak, Italiak eta Poloniak azken orduetan eman dute abisua. AEBek, berriz, Qatartik alde egiteko agindu diete han dituzten tropei. Trumpek esku hartzeko mehatxua egin du, gobernuaren aurkako protesten errepresioa dela eta.

Dozenaka milaka pertsona bildu dira gaur Teheranen, protestetan hildako segurtasuneko langileak omentzeko. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Dozenaka milaka pertsona bildu dira gaur Teheranen, protestetan hildako segurtasuneko langileak omentzeko. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Igor Baigorri Perez - Mikel Rodriguez
2026ko urtarrilaren 14a
16:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irango Gobernuaren aurkako protesten harira, Mendebaldeko zenbait gobernuk herrialdea uzteko eskatu diete beren herritarrei. AEBek duela bi egun eman zuten abisua, eta azken orduotan Alemaniak, Espainiak, Italiak eta Poloniak ere gauza bera egin dute. Erresuma Batuak, berriz, Teheranen duen enbaxada itxi du. Horrez gain, AEBak Qatarko Al-Udeid base militarreko tropak erretiratzen hasi dira  —10.000 soldadu dituzte AEBek base hartan—. Azken bi asteotan ehunka lagun hil dituzte protestetan, eta Donald Trump AEBetako presidenteak behin baino gehiagotan mehatxatu du errepublika islamikoa horren harira. Reuters berri agentziak Europako estatuetako iturri ofizialak aipatuta argitaratu duenez, «litekeena» da AEBek Irani eraso egitea. 

Irani buruz galdetu diote gaur Trumpi Bulego Obalean, eta bestelako aldarte bat erakutsi du: «Kontatu digute sarraskia gelditzen ari dela Iranen, eta ez dagoela planik exekuzioak egiteko». AEBetako presidenteak esan du «iturri onetik» jakin duela: «Ikertuko dugu. Gertatzen bada, atsekabe handia hartuko dut».

Azken egun eta orduotan zabaldu den larridura giroarekin alderatuta, distentsio itxura hartu dute Trumpen hitz horiek. Atzo instituzioak hartzeko eskatu zien Irango herritarrei, eta «laguntza bidean» zutela esan zien Truth Social sare sozialean. Reutersek elkarrizketatu dituen iturri anonimo horietako batek esan du 24 orduko epean gerta daitekeela AEBen erasoa.        

Irango Gobernuak, berriz, AEBen mehatxuei aurre egiteko fronte bat eratu nahi du Ekialde Hurbilean. Irango goi funtzionario batek Reuters berri agentziari adierazi dionez, Teheranek eskualdeko herrialdeei ohartarazi die —Saudi Arabiatik eta Arabiar Emirerri Batuetatik hasi eta Turkiaraino— AEBek herrialde horietan dituzten base militarrei eraso egingo diela AEBek Irani erasotzen badiote. Hala, Iranek AEBen aliatu diren auzo herrialdeei galdegin die «Washingtonek Irani erasotzea eragotz dezaten».

Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak dei sorta bat izan du eskualdeko herrialdeetako arduradunekin. Anadolu Turkiako berri agentziak jaso duenez, Hakan Fidan Turkiako Atzerri ministroak Irangoari azpimarratu dio elkarrizketa beharrezkoa dela egoera konpontzeko, eta, zenbait iturriren arabera, AEBetako funtzionarioekin kontaktuan dago Turkia. Abdullah bin Zayed al-Nahyan Arabiar Emirerri Batuetako Atzerri ministroak ere esan du beharrezkoa dela Iran eta eskualdeko herrialdeak elkarrekin koordinatzea. Qatarrekin ere hitz egin du Iranek. NBC News AEBetako telebista katearen arabera, Israelgo eta herrialde arabiar hartako funtzionarioek AEBei eskatu diete eraso militarrak atzeratzeko, argudiatuz Iran ez dagoela oraindik nahikoa ahulduta.

Araghtxik atzo adierazi zuen AEBen eraso militar bat gertatuko balitz ere horretarako prest dagoela Iran. Antzera mintzatu da gaur Aziz Nasirzadeh Defentsa ministroa, segurtasun bilera batean: «Mehatxuak egia bihurtzen badira, gure indar guztiaz eta azken odol tanta isuri arte defendatuko dugu gure herrialdea, eta mingarria izango da haientzat», esan du, Press TV hedabideak jaso duenez. Gainera, ohartarazi du Iranen aurka egiteko edozein laguntza ematen duten herrialdeak «helburu legitimoak» izango direla.

Duela bi aste hasi ziren protestak Iranen, egoera ekonomikoa dela eta. Ordutik gutxienez 2.550 pertsona hil dituztela zabaldu du gaur HRANA Giza Eskubideen Aldeko Aktibisten Irango agentziak —AEBetan du egoitza—, eta datu horiek xehatu ditu: 2.403 manifestari hil dituzte, eta 147 segurtasun langile. Hala ere, adierazi du atzerritik zaila dela jakiten protestek zer eragin izan duten, herrialdeko komunikazioak etenda baitaude, seigarren egunez jarraian.

Bakartuta

Herrialdea nazioarteko ekonomia eta finantza saretik kanpo dago, bakartuta. Irango Gobernuak atzo aitortu zuen jendeak era baketsuan protestatzeko eskubidea duela, baina ohartarazi zuen ez duela istilurik onartuko, eta biolentzia areagotzea egotzi zien AEBei eta Israeli, manifestariei aginduak ematen ari zirelakoan.

Mendebaldeak Iranen aurkako zigor gehiago jarriko zituela iragarri zuen atzo, protestetan gobernuak izan duen erantzunarengatik. Trumpek atzo esan zuen %25eko muga zerga ezarriko diela Iranekin negozioak egiten dituzten herrialdeei. Irango Atzerri ministroak gaur ohar batean adierazi du zigor horiek «ankerrak» eta legez kanpokoak direla, NBEren Gutunaren printzipioak eta nazioarteko zuzenbidea urratzen dituztelako. Gehitu du neurri horiek Irani dioten «gorroto sakonaren» ondorioz ezarri dituztela.

Al-Jazeera hedabideak Teheranen duen berriemaile baten arabera, egoera zertxobait baretu da. Azaldu du Irango telebistan armak dituzten eta zibilei eraso egiten dieten «identifikatu gabeko pertsonen» irudiak ari direla erakusten, eta agintariek diote segurtasun neurriak gogortzen ari direla «zalapartari» eta «talde terrorista» horien aurka. Gobernuaren aldeko dozenaka mila pertsona bildu dira gaur Teheranen istiluetan hil diren segurtasuneko langileak omentzeko.

Manifestari bat exekutatuko dute gaur, gobernuaren aurka egiteagatik

Urtarrilaren 7an atxilotu zuten Erfan Soltani, 26 urteko gizon bat, gobernuaren aurkako protestetan. Kartzelatu egin zuten, eta hiru egun geroago, epaiketa azkar batean moharebeha (jainkoaren aurkako gerra) egin izana egotzi zioten. Hori dela eta, heriotza zigorra ezarri, eta gaur exekutatuko dute, urkatuta. Iazko lehen zortzi hilabeteetan, Irango agintariek 841 pertsona exekutatu zituzten, Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Bulegoaren arabera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.