Mahsa Aminiren hilketatik urtebetera, Irango Parlamentuak zigor gogorragoak onartu ditu janzkera arauak betetzen ez dituzten emakumeentzat. Kalean beloa ez eramatea desobedientzia zibila egiteko modu bat bilakatu da milaka emakumerentzat Aminiren heriotzaz geroztik, eta, hori kontuan harturik, gobernuak sustaturiko lege proiektuak helburu argi bat du: protesta mota hori amaitzea.
«Islamiar errepublikaren aurkakoak diren gobernuekin, hedabideekin edota taldeekin lankidetzan edo modu antolatuan beloa ez eramateko edo desegokiak diren jantziak eramateko delitua egiten duen pertsona ororentzat», besteak beste, bost eta hamar urte arteko espetxe zigorrak aurreikusten ditu lege proiektuak.
1.870 euroko isunak ere proposatu dituzte, baita autoak konfiskatzea, gidatzeko debekua ezartzea eta soldata murriztea ere. Eta, janzkerarekin lotuta, debekatu egin nahi dute galtza hautsiak, mahuka motzak eta bermudak erabiltzea; hori errespetatzen ez dutenak lanpostutik bota ahalko dituzte, lege proiektuaren arabera. Hori bai, neurri horiek ez dira mugatzen beren burua estali behar izatera: eremu publikoetan edota sare sozialetan «gorputzeko parte bat biluzik erakusten badute edo arropa fina edota estua erakusten badute» ere zigortuko dituzte.
Irango Parlamentuko Batzorde Judizial eta Legalaren buruzagi Musa Ghazanfarabadik esan du «adituen hainbat azterketaren» ondoren jo zutela onargarritzat lege proiektua. Lau hilabeteko eztabaidaren ondoren, gaur onartu dute, eta 152 diputatuk babestu dute; 34k kontra bozkatu dute, eta zazpi abstenitu egin dira —201 ordezkari politikok parte hartu dute bozketan—.
Neurri sorta berriak «hiru urteko probaldia» izango du, Ghazanfarabadik azaldu duenez, baina oraindik ez da indarrean sartu, lege bilakatzeko Zaindarien Kontseiluaren oniritzia falta baitzaio; sei juristak eta sei elizgizonek osatzen dute, eta haien zeregina da parlamentuak onarturiko testuak errepasatzea —beto eskubidea du—.
NBE Nazio Batuen Erakundearen adituek esana dute lege proiektua «genero apartheid moduko bat» dela, eta badirudiela Irango agintariak «diskriminazio sistematikoaren bitartez» ari direla gobernatzen.
Aminiren hilketaren urteurrena joan den larunbatean izan zen, eta omenaldi bat egin zioten; greba eguna ere izan zen, eta zenbait protesta egin zituzten Iranen menpeko Kurdistanen. Haren aitak, ordea, ezin izan zuen parte hartu, egun horretan atxilo hartu baitzuten.