Irango erreformistek ez dute aukera handirik Legebiltzarrerako bozen bigarren itzulian garaipena eskuratzeko. Parlamentuko 290 eserlekuetatik 82 banatzeko daude oraindik, hautagai askok iragan martxoaren 14ko bozetan legeak eskatutako gutxiengo boto kopurua eskuratu ez zutelako. Hala ere, lehenengo itzulian kontserbadoreek lortutako garaipena sendotzea baino ez dute ekarriko gaurko hauteskundeek, besteak beste, erreformista askoren hautagaitzak lehiatik kanpo utzi dituztelako.
Irango Hauteskunde Legearen arabera, hautagaiek botoen %25 eskuratu behar dituzte diputatu kargua eskuratuko badute. Halaber, erreformista askoren kalterako, lehenengo itzulian botoen %10 eta %25en artean eskuratu zituzten horiek baino ezingo dute lehiatu bigarrengo honetan. Bozen lehenengo itzulirako erregistroan izena eman zuten 7.200 hautagaietatik 4.600 diputatugaiei baino ez diete parte hartzen utzi, gainera. Haatik, atzera botatako gehienak erreformistenak izan direla kontuan hartuta, azken legegintzaldian kontserbadoreek izandako gehiengoa berresteko bidea ia egina dutela esan daiteke.
PARTE HARTZEKO DEIA. Ali Khamenei Irango buruzagi nagusi eta aiatolak botoa eman dezaten dei egin die herritar guzti-guztiei. Mahmud Ahmadinejad presidentearen alde egin du, gainera, horren politika eta ekonomia neurriak goraipatuz. Kontserbadoreen artean, ordea, asko dira haren politika moduekin bat ez datozenak. Irango herritarren artean ere, inflazioak -%19- eta langabezia altuak eraginda Ahmadinejaden gobernuarekiko kritikak indartu dituzte. Khameneik, zatiketak gainditu eta «etsaiaren aurrean» Iraultza Islamikoaren alde egiteko eskatu die iraniarrei.
Behin-behineko datuen arabera, lehengo itzulian beren buruak Iraultza Islamikoarekiko leialtzat dituzten kontserbadoreek 154 eserleku inguru eskuratu zituzten. Erreformistek 30 legebiltzarkide, gutxi gorabehera, eta gainerakoak alderdi txikiek eskuratu zituzten. Datozen egunetan emango diren behin betiko emaitzek datorren urtean egitekoak diren presidentetzarako bozetan eragingo dutela uste da.
Irango kontserbadoreek lehenengo itzuliko garaipena indartuko dute gaurko bozetan
Erreformista asko Irango Parlamenturako bozen bigarren itzuliko lehiatik kanpo geratu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu