Trumpek mehatxua betetzen badu, Iranen erantzuna «eskualdetik haratagokoa» izango da

Israelen eta AEBen erasoek beste 33 pertsona hil dituzte Iranen. Bihar 02:00etan du epemuga Trumpek Teherani egin dion azken ultimatumak. Irango presidenteak esan du herritarrak «sakrifikatzeko» prest daudela.

Xarif Unibertsitatearen eraikin bat txikituta Teheranen, gaur. JAIME LEON / EFE
Xarif Unibertsitatearen eraikin bat txikituta Teheranen, gaur. JAIME LEON / EFE
Igor Susaeta.
2026ko apirilaren 7a
12:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gerra hegazkinen zarata entzuten da Iranen, Donald Trump AEBetako presidenteak egindako mehatxua beteko ote duen zain dauden bitartean. Bide diplomatikoak irekita segitzen du, bai, baina AEBek eta Israelek osatutako aliantzak Iran bonbardatu du, eta Teheran hiriburuaren inguruko zenbait eskualdetan gutxienez 33 pertsona hil dituzte gaur, iturri ofizialek adierazi dutenez. Bihar goizaldeko ordu bietan —gaurko 20:00etan Washingtonen— du epemuga Trumpek Irani egindako azken ultimatumak: aiatolek Ormuzko itsasartea irekitzea —hau da, amore ematea— onartzen ez badute, Irango energia azpiegiturak eta zubiak suntsituko dituzte. Irango Guardia Iraultzaileak ohartarazi du, baina, «eskualdetik haratagokoa» izango dela erantzuna. Hori jaso dute hango hedabideek. Masud Pezexkian Irango presidenteak gaur sare sozialetan nabarmendu du, bide batez, hamalau milioi irandar daudela beren herrialdearengatik «sakrifikatzeko» prest.

Jada 39 egun igaro dira AEBek eta Israelek Iranen kontrako erasoaldia hasi zutenetik, eta ordutik gutxienez 2.070 pertsona hil dituzte, eta 26.500 inguru zauritu. Gainera, Irango Gurutze Gorriak salatu du AEBek eta Israelek zibilen hamazazpi eremu bonbardatu dituztela gaur herrialdearen luze-zabalean, eta hori gerra krimen bat dela. «Ezin da justifikatu zibilei eraso egitea. Nazioarteko zuzenbide humanitarioak dio defendatzeko modurik ez duten zibilei eraso egitea gerra krimen bat dela», azpimarratu du erakunde horrek, X sare sozialean idatzitako mezu batean.

Pertsona bat hil dute Istanbulen, Israelen kontsuletxearen ondoan

Tiroketa bat izan da gaur Istanbulen, Israelen kontsuletxearen ondoan, eta pertsona bat hil da, eta bi zauritu. Horren berri eman die kazetariei Davut Gul Istanbulgo gobernadoreak, eta jakinarazi kontsuletxearen ondoan zeuden hiru pertsonak pistolak eta errifleak zeramatzatela aldean, eta tiroka hasi direla; Turkiako estatu indarretako bi agente zauritu dituzte. Mustafa Ciftci Barne ministroak sare sozialetan idatzi duenez, tiroketan parte hartu duenetako batek loturak zituen «erlijioaz baliatzen den» erakunde batekin.

Hain zuzen, Trumpi atzo ohartarazi zioten azpiegitura zibilei eraso egitea gerra krimen bat izan zitekeela. «Ez zait axola», erantzun zion kazetari bati, Etxe Zurian, eta hau gehitu: «Gerra krimena zera da, zoratuta dauden buruzagiak dituen eta gaixo dagoen herrialde bati arma nuklear bat edukitzeko modua ematea». Rafael Grossi IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren idazkari nagusiak esan izan du, ordea, Iranek ez duela arma nuklearrik.

Bitartean, irandarrei eraso egiten eta haiek estu hartzen segitzen dute. Israelek goizean mehatxu egin die irandarrei: ez dezatela trenik hartu 21:00ak arte, beren «segurtasunagatik». Eta Irango hedabideek ordu batzuk geroago kaleratu dutenez, trenbide zerbitzua eten dute herrialdearen ipar-ekialdean, Maxhad eskualdean. 

Bestalde, Iranek, erasoaldia hasi zenetik egin bezala, AEBekin harreman ona duten Ekialde Hurbileko herrialdeetako azpiegiturak jotzen jarraitzen du —Israeli ere eraso egin dio gaur—. Esaterako, Saudi Arabiako instalazio petrokimikoei eraso die gaur, guardia iraultzaileak Irango komunikabideen bidez jakinarazi duenez. Indar horrek zehaztu du «mendekua» hartu duela, Israelek atzo Irango instalazio petrokimiko nagusiari eraso egin ziolako. 

Baina AEBek eta Iranek, Pakistan bitartekari dutela, hizketan segitzen dute. Iranek Pakistanen duen enbaxadoreak X sare sozialean idatzi duenez, «une erabakigarrira heltzear» dago Islamabad «gerra eteteko egiten ari den ahalegina». Teheranek ez du onartu Washingtonek proposatzen ziona: hainbat hedabidek elkarrizketen berri duten iturriak aipatuz argitaratu dutenez, su eten bat adostea eta Ormuzko itsasartea behin-behinean irekitzea —munduan kontsumitzen den petrolioaren %20 inguru handik pasatzen da—, akordio orokorrago bat negoziatzen duten bitartean. Aintzat hartu behar da Washingtonek eta Tel Avivek erasoaldia hasi zutenean Iran eta AEBak itun nuklearraz negoziatzen ari zirela; iazko ekainean ere, Israelek Iranen aurkako erasoaldi bat egin zuenean, hizketan ari ziren.

Eta Trumpek ere ez du begi onez ikusi Iranen planteamendua: gatazka amaitzea, Ormuzetik nabigatzeko protokolo bat martxan jartzea, eta ezarriak dizkioten zigor ekonomikoak bertan behera uztea, besteak beste. Ez dago oso garbi Etxe Zuriko maizterrak zer helburu duen erasoaldiaren bidez, azken hilabetean hori justifikatzeko hainbat arrazoi plazaratu baititu: agintariak aldatzea, Irango petrolioa «hartzea», Teheranek petrolioa aberastu dezan eragoztea, eta misilen programa suntsitzea, esaterako.

Libanon ere, gerran

The New York Times-ek dioenez, Mojtaba Khamenei Irango lider goren berria korderik gabe dago, eta tratamendu bat jasotzen ari da Qom-en herrialdearen hego-mendebaldean. Hori argitaratu du egunkari horrek, AEBetako eta Erresuma Batuko espioiek lortutako informazioa aintzat hartuta. Haren aita, Ali Khamenei, otsailaren 28an hil zuten, eta aita zenaren tokia hartu zuen. Ez da jendaurrean agertu, eta Irango iturri ofizialek beraiek aitortu zuten martxoaren 11n «zaurituta» baina «aktibo» dagoela. Israelgo agintariek atzo jakinarazi zutenez, azkeneko erasoaldian Irango 250 goi kargudun inguru hil dituzte.

Bestalde, Israelgo armadak zera adierazi du gaur ohar batean, beste zubi bat suntsitu dutela Litani ibaian, Libano hegoaldean: zazpigarrena, joan den otsailaren 28az geroztik. Tel Avivek aurreko astean esan zuen Gazan bezala jokatu asmo dutela Libano hegoaldean. Hango hedabideek gaur argitaratu dutenez, Israelen bonbardaketek gutxienez zortzi pertsona hil dituzte gaur eremu horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA