Ameriketako Estatu Batuek nekez galduko dute Iranekin aurrez aurre beste behin biltzeko itxaropena, baina hurrengo batean izan beharko du bilerak. Islamabaderantz abiatzekoak dira gaur Steve Witkoff eta Jared Kushner mandatariak —goizenez bihar goizalderako helduko lirateke—, eta Pakistango ordezkariekin bildu beharko dira, Irangoak ospa egin baitu dagoeneko; horren berri eman du arratsalde honetan Al-Jazeera hedabideak Islamabaden duen berriemaile batek. Errepublika islamiarrak esana zuen bere ordezkaritza Pakistango agintariekin besterik ez zela biltzekoa gaur. «Iranek oharrak plazaratuko dizkio Pakistani», iragarri du goizaldean Esmaeil Baghaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak, eta herrialde horretako IRIB telebista eta irrati publikoak kaleratu duenez, Pakistanek «zubi lana» egingo du bi aldeen artean.
Hortaz, itxarotea geratuko zaie AEBei, apirilaren 11n eta 12an Islamabaden egindako bilerei jarraipena noiz emango. Bide batez, Iranek esana du ez duela negoziatuko, eta ezta Ormuzko itsasartea irekiko ere, AEBak eta Israel su etena urratzen ari diren bitartean.
Donald Trump AEBetako presidenteak bart esan du Iran «proposamen» bat ari dela lantzen, baina oraindik ez duela horren berririk: «Aztertu beharko dugu», adierazi dio Reuters berri agentziari. Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroa Pakistango armadako buru Asim Munirrekin bildu da dagoeneko, eta ondoren kaleratu duen ohar batean jakinarazi du su etenari buruz hitz egin dutela —asteazkenean zen amaitzekoa, eta Trumpek luzatu egingo zuela iragarri zuen, nahiz eta ez zuen zehaztu noiz arte—, baita gerra amaitzeko «kontuan hartu beharrekoez». Al-Jazeera hedabidearen arabera, Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroarekin eta Ishaq Dar Atzerri ministroarekin ere bildu da Araghtxi.
Pakistango zenbait hedabidek kaleratu dutenez, Irango ordezkaritzak AEBek Irango portuei ezarria dien blokeoa etetea eskatu du, besteak beste. Islamabadeko bileren ostean, Irango Atzerri ministroa Omanera eta Errusiara joatekoa da.
AEBetako presidenteak atzo esan zuen ez duela presarik Teheranekin akordioa lortzeko; hori berretsi du bart Pete Hegseth AEBetako Gerra idazkariak, Pentagonoan emandako prentsaurreko batean: «Munduko denbora guztia daukagu, eta ez gaude urduri». Dan Caine armadako burua ere han izan da: tropak «posizioan» dituzte, su etena amaitzen denerako «prest». Israel Katz Israelgo Atzerri ministroak ere atzo esan zuen AEBen «oniritziaren» zain daudela «Khamenei dinastia guztiz ezabatzeko» —otsailaren 28an hil zuten Ali Khamenei Irango lider gorena, eta haren seme Mojtaba Khamenei, gaur egungo lider gorena, eraso horretan zauritu zuten; orain arte ez du agerraldirik egin—.
239Irango Guardia Iraultzaileak atxilotutakoak. Irango Guardia Iraultzaileak jakinarazi du 239 pertsona atxilotu dituela mendebaldeko Kermanxah eta Kurdistan probintzietan, herrialdearen kontrako eraso bat antolatzea egotzita —155 Kermanxahn eta 84 Kurdistanen—. Ohar batean salatu du Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek lagundutako taldeetako kideak direla, eta, tartean, Mossad Israelgo zerbitzu sekretuetako lau espioi ere atxilotu dituela.
Aipatzekoa da Irango Parlamentuko Segurtasun Nazionalerako Batzordeko buru Ebrahin Azizik atzo kazetariei esandakoa, herrialdeko ordezkaritzak ez duela eztabaidatuko gatazka areagotzea eragin zuen auzietako bat: programa nuklearra mugatzeko akordioa. Izan ere, AEBak eta Israel otsailaren 28an Iran bonbardatzen hasi baino lehen, nuklearrei buruz negoziatzen ari ziren Washington eta Teheran, eta elkarrizketa horiek bertan behera geratu ziren erasoaldiagatik. Eta ez hori bakarrik: iazko ekainean, Israelek Iranen kontra hasitako eta AEBek errematatutako hamabi eguneko gerrak itun bat lortzeko elkarrizketak zapuztu zituen. Bi negoziazio horietan Oman izan zen bitartekari AEBen eta Iranen artean; Islamabaden izan eta gero, hara joatekoa da Araghtxi.
Libanoko su eten hauskorra
Irangoa ez da Trumpek Ekialde Hurbilerako iragarritako tregoa bakarra. Israelek eta Libanok erasoak etetea adostu zuten, baina Tel Avivek esana du edozein mehatxuri erantzuteko «eskubidea» duela; alegia, Hezbollah milizia xiitaren kontra ari dela argudiatuta, erasoei eutsi die. Libanoko Osasun Ministerioaren arabera, Israelgo armadak lau pertsona hil ditu gaur herrialdearen hegoaldeko Yahmor al-Xaqif herrian, eta Bin Jbeil herriko eraikinak eraisten dihardu. Bestalde, Israelgo armadak salatu du Hezbollahk misilak jaurti dituela Israel iparralderantz.
Gainera, armadak jakinarazi du asteburuan gutxienez hamabost «terrorista» hil dituela, eta herritarrei ohartarazi die ez daitezela itzuli Libano hegoalderantz. Milioi bat libanoar baino gehiago etxera itzuli ezinda daude gatazkagatik; joan zen asteko ostiralean su etena ezarri eta gero, askok jaioterrietarako bideari ekin zioten, baina Israelgo armadak behin baino gehiagotan eman du herrialdearen hegoaldeko herriak husteko agindua.