Hamar estatubatuarretik seik ez dute begi onez ikusten beren herrialdeko armadak, Israelgoarekin batera, Iranen aurka hasitako erasoaldia. Horren berri ematen zuen inkesta bat kaleratu zuen Ipsos etxeak duela bi aste. Pentagonoak, ordea, esku hartze militarra defendatzen du. Otsailaren 28an erasoaldia hasi zenez geroztik lehen aldiz —tregoa bat dago indarrean apirilaren 8tik—, Kongresuan azalpenak eman ditu gaur Pete Hegseth AEBetako Defentsa idazkariak, eta nabarmendu du gerrarekin helburu bat dutela: «anbizio nuklearrei» uko egitea beste aukerarik ez duela uztea Iran.
Kongresuko kideen galderak erantzun ditu, eta, besteak beste, gogoratu du iazko ekainean —Iranekin itun nuklearraz negoziatzen ari ziren orduan, hain justu— AEBen misilek Irango instalazio nuklearrak «txikitu» zituztela. Ohartarazi du, baina, Iranek «anbizio nuklearra» duela oraindik, eta «pixkanaka-pixkanaka» ari dela arma nuklear bat lortzeko ahaleginean. Ez du frogarik erakutsi akusaziori eusteko. Hori bai, iruditzen zaio gerra «irabazten» ari direla. «Zalantzarik gabe»
Hain zuzen, Donald Trump AEBetako presidentea esaten ari da azken egunetan auzi nuklearrari konponbide bat ematea dela lehentasuna. Eta gaur Vladimir Putin Errusiako presidentearekin telefonoz hitz egin du; besteak beste, Iranez. Hori esan die kazetariei. Putin Irango Atzerri ministri Abbas Araghtxirekin bildu zen astelehenean.
Iranek duen uranio kopuruari buruzko IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren azken txostena iazko maiatzekoa da, eta horretan ohartarazi zuen %60tik gora aberastutako 408 kilo uranio zituela —%90etik gora aberastu behar da bonba nuklear bat egiteko—. NBEren agentzia horrek behin baino gehiagotan esan du ez dagoela frogarik esateko Iran arma nuklear bat egiten ari dela. Teheraren esanetan, erabilera zibilerako baliatu nahi du aberastutako uranioa.
Bien bitartean, Ekialde Hurbilean geratzekoak dira oraingoz AEBetako armadak hantxe dituen hiru hegazkinontziak eta dozena bat gerraontzi. The Wall Street Journal egunkariak iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez, Trumpek balantzaren bi aldeetan jarri ditu, batetik, apirilaren 13an ezarri zuten Irango portuen blokeoari eustea eta, bestetik, erasoei berriro heltzea, islamiar errepublikak beren baldintzak onartu ditzaten; presidenteak, oraingoz behintzat, irizten dio bonbardaketek «arrisku handiagoa» ekarriko luketela —gogoratzekoa da Iranek nola erantzun zion otsailaren 28an AEBek eta Israelek ekindako erasoaldiari, baita eskualdeko energia azpiegituren kontra misilak jaurti zituela ere—, eta, ondorioz, bere gertukoei eskatu die «prestatu» daitezela itsasontzien blokeoa luzatzeko. Horrekin lotuta, Pakistan bitartekariaren lehen ministro Shehbaz Sharifen bulegoak adierazi du gaur ohar batean «bake ahaleginei» eusten dietela.
AEBetako ontzidia apirilaren 8an su etena adostu eta bost egunera hasi zen Irango portuetara doazen edo horietatik datozen ontziak gerarazten, ikusita Teheranek ez zuela eten Ormuzko blokeoa —gatazka areagotu zenean, Irango Guardia Iraultzaileak itsasarte estrategiko horren kontrola bere gain hartu zuen, eta tregoa ezarri eta egun batzuk geroxeago ireki egingo zuela iragarriagatik ere, 24 ordu ere ez zituen egin irekita—. Atzo arte, AEBetako armadak 39 ontziri galarazi die Ormuz zeharkatzea, eta bi petroliontzi atzeman ditu Indiako ozeanoan, argudiatuta harremana dutela Iranekin.
Egoera horretan, Japoniak ospatu egin du gaur herrialdeko petroliontzi bat Ormuzko igarobidetik igaro izana. Idemitsu Kosan petrolio konpainiako ontzi bat izan da, eta petrolio gordinez beteriko bi milioi upel daramatza Japoniarantz. Japoniako Atzerri Ministerioak ohar bidez adierazi du «positiboa» dela, «japoniarren segurtasunaren ikuspuntutik». Operazioa «lorpen diplomatikotzat» jo du Tokiok, herrialdeko hedabideek gobernuko iturriak aipatuz kaleratu dutenez.
21.400Zenbat milioi euro gastatu dituzten AEBek gerran. AEBek 25.000 milioi dolar gastatu dituzte joan den otsailaren 28az geroztik Iranen aurkako erasoaldian —21.400 milioi euro inguru—. Datu hori eman du gaur Defentsa Departamenduko bozeramaile batek Kongresuan. Diru gehien munizioetara bideratu dute.
Pakistan da Iranen eta AEBen arteko bitartekaria, eta negoziazioen gertuko iturriek AEBetako CNN kateari adierazi diote espero dutela Teheranek gerra amaitzeko beste proposamen bat egingo duela. Izan ere, Trumpek baztertu egin du Teheranek asteburuan aurkeztutako planteamendua.
Hori bera iradoki du gaur goizean Trumpek Truth Social bere sare sozialean egindako argitalpen batean. Adimen artifiziala baliatuta, bere irudi bat argitaratu du, errifle bat eskuetan duela eta atzealdean bonbardaketak ikusten direla. «Amaitu da tipo jatorra izatearena», idatzi du irudiaren gainean. Mezu bat ere utzi du irudiarekin batera: «Iranek ez daki nola jokatu. Ez dakite nola sinatu nuklearren kontrako akordio bat. Hobe dute azkar ibiltzea!».

Libanon, bitartean, ezarria dago tregoa apirilaren 17tik, baina sua ez da eten. Israelek dozenaka aire eraso egin ditu goizaldean herrialdearen hegoaldean, eta hango hedabideen eta salbamendu iturrien arabera, gutxienez 11 pertsona hil ditu. Otsailaren 28az geroztik, 2.500 lagun hil eta 7.800 zauritu dituzte Libanon, Beiruten arabera.
Hain zuzen, Libano hegoaldeko Majdal Zun hirian hil dituzte Israelgo indarrek hiru langile horiek. Libanoko berri agentzia nazionalak zehaztu du Israelek bi eraso egin dituela bata bestearen atzetik; alegia, erreskate zerbitzuetakoak Israelek aurrez egindako eraso batean zauritu diren Libanoko armadako bi soldadu artatzera joan direla eta segidan izandako erasoan erail dituztela.
Eraso horietako bat Majdal Zunen izan da, eta hori dago, hain zuzen, Israelgo armadak ezarritako lerro horitik iparralderago —Tel Avivek Libano hegoaldean ezarri duen «segurtasun eremua» da lerro horia, Hezbollah milizia xiitaren misilak eta erasoak gerarazteko, esaten duenez. Bi herrialdeen mugatik hamar bat kilometrora dago lerro hori—. Nawaf Salam Libanoko lehen ministroak adierazi du eraso hori «gerra krimena» dela, eta Joseph Aoun Libanoko presidenteak azpimarratu du Israelek etengabe urratzen duela nazioarteko zuzenbidea, zeinak herritarrak eta osasun langileak babesten dituen. Horren harira, Iranek NBE Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadoreak, Amir Iravanik, Segurtasun Kontseiluari eskatu dio «irmo» joka dezala Israeli Libanoko su etena erabat bete dezala behartzeko.
Israelek ez du su etena Libanon soilik urratu. Gaur, Israelgo armadak gutxienez beste palestinar bat hil du Zisjordanian. Hori bera baieztatu du Israelgo armadak, eta erantsi du Israelgo bi soldadu ere zaurituak izan direla istilu horretan. Horrez gain, Israelek baieztatu du Hamasen buruetako bat hil zutela atzo, «urriaren 7ko erasoak planifikatzen aritu zirenetako bat».