Ekialde Hurbilean gero eta ozenago entzuten dira gerra danborrak. Iranen eta AEBen arteko zeharkako elkarrizketak gorabehera, aldeek plazaratutako mezuei erreparatuta ondoriozta daiteke konfrontazioa ez dagoela baretzeko bidean. Israelek gaur esan du, esaterako, Iranen kontrako erasoak areagotuko dituela; eta Tel Aviven bazkide AEBen asmoa da soldadu gehiago bidaltzea eskualdera. Saudi Arabiak Washingtoni eskatu dio, gainera, erasoaldia gogortzeko. Teheran, bien bitartean, misilekin eta droneekin erantzuteko prest dago, duela hilabete bere kontrako erasoaldia hasi zuenetik egin duen moduan.
Israelgo armadak, aldiz, fronte asko ditu irekita, eta «kolapsatzear» egon daiteke. Ohartarazpen hori egin du gaur Eyal Zamir Israelgo armadako buruak, Segurtasun Kabinetearen bilkura batean. Hala kaleratu dute Israelgo hedabideek, iturri ofizial aipatuz.
Kontraerasoan ari da, eta, nagusiki, AEBek Ekialde Hurbilean dituzten base militarrak ditu helburu, baina baita eskualdeko herrialdeen energia azpiegiturak ere; Saudi Arabiarenak, esaterako. Riad etsai du Teheranek, eta alderantziz. Horiek horrela, Saudi Arabiaren ustez, Iranen aurkako erasoaldia «aukera historiko bat» da eskualdea nolabait berregituratzeko. Hori kaleratu du The New York Times egunkariak, Riadeko iturri ofizialak aipatuta. Orduan, bonbardaketekin segi dezala eskatu die Saudi Arabiak AEBei.
Eta horren guztiaren harira, kontuan hartu behar da, gainera, Trumpek zer jakinarazi zuen atzo gauean: atzeratu egin du, berriro, Irani egindako ultimatuma; hamar egunez oraingoan, apirilaren 7ko 02:00ak arte. Hori bai, ordurako Teheranek ez badu planteatzen diotena onartzen —amore ematea, azken finean—, AEBek suntsitu egingo dituzte Iranen energia elektrikoko instalazioak. Horixe azpimarratu zuen atzo gauean, Truth Social bere sare sozialean idatzitako mezu batean. Halere, ez dituzte azpiegitura nuklearren aurkako erasoak eten. Irango Energia Atomikoaren Erakundeak salatu duenez, AEBek eta Israelek bi azpiegitura nuklearri egin die eraso gaur, Iran erdialdean.
Teheranek esan du ez duela amore emateko asmorik, eta eskatu du, besteak beste, Ormuzko itsasartearen gainean duen subiranotasuna aitortua izan dadila —handik igarotzen da munduan kontsumitzen den petrolioaren %20 inguru—; Irango Guardia Iraultzaileak gaur berretsi du, bide batez, bidea itxiko diela handik igaro nahi duten ontziei, horiek abiapuntu edo helmuga baldin badituzte «Israel eta AEB etsaien» aliatuak. Hori jaso du Reuters berri agentziak.
120Â
Irango zenbat eraikin historiko hondatu dituzten erasoek. Israelen eta AEBen bonbardaketek Irango 120 eraikin historiko hondatu dituzte. Hori jakinarazi dute hango iturri ofizialek, AFP France-Press berri agentziak gaur jaso duenez. Horien artean daude kulturguneak, museoak eta, besteak beste, Golestango Jauregia, Unescok gizadiaren ondare izendatutakoa. Â
AEBek, bestalde, ez diote muzin egiten gerra luzatzeari, mahai gainean baitago Ekialde Hurbilera tropa gehiago bidaltzea. The Wall Street Journal egunkariak iturri ofizialak aipatuz goizaldean kaleratu duenez, Pentagonoa pentsatzen ari da beste 10.000 soldadu bidaltzea eskualdera. Ez dute zehaztu, ordea, zertarako.
Ia hilabete igaro da erasoaldia hasi zenetik —otsailaren 28an—, eta Trumpek inoiz ez du baztertu lurreko inbasio bat, ezta Israelek ere. Aintzat hartu behar da, gainera, AEBetako Defentsa Departamentuak erabaki zuela, martxo hasieran, hiru gerraontzi eta 2.500 marine bidaltzea Ekialde Hurbilera, eta lehengo astean ere beste horrenbeste soldadu bidaltzeko hautua egin zuela —ez dute zehaztu zer asmorekin—. Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak, halere esan du ez dela «beharrezkoa» Iranera tropak bidaltzea helburuak betetzeko. AEBek inbasio bat hasiko balute ere, Iranek milioi erdi soldadu prest dituela kaleratu du gaur Tasnim berri agentziak, iturri ofizial bat aipatuta.
GERRAREN ONDORIOZ HILDAKOEN KOPURUA, HERRIALDEKA
- Iran. Gutxienez 1.937 hildako, eta 24.800 zauritu.
- Libano. Gutxienez 1.094 hildako, eta 3.100 zauritu.
- Irak. Gutxienez 89 hildako, dozenaka zauritu.
- Israel. Gutxienez 19 hildako, eta 5.200 zauritu.
- AEBetako militarrak. Gutxienez 13 hildako, eta 200 zauritu.
- Palestina. Gutxienez lau hildako.
- Siria. Gutxienez lau hildako.
- Kuwait. Gutxienez sei hildako, eta dozenaka zauritu.
- Bahrain. Gutxienez hiru hildako, eta dozenaka zauritu.
- Arabiar Emirerri Batuak. Gutxienez 11 hildako, eta 169 zauritu.
- Oman. Gutxienez hiru hildako, eta hamabost zauritu.
- Saudi Arabia. Gutxienez bi hildako, eta hogei zauritu.
*Iturria, herrialdeetako Barne, Osasun eta Defentsa Ministerioak.
Etxe Zuriko maizterraren esanetan, «negoziazioak» ondo doaz, eta Iranek «eskatuta» atzeratu du ultimatuma. Teheranek, baina, ukatu egiten du. Trumpek martxoaren 21ean egin zion lehen ultimatuma Irani: 48 orduko epean Ormuzko itsasartea irekitzen ez bazuen herrialdeko energia elektrikoko instalazioei erasoko ziela. Hori eginez gero Ekialde Hurbileko energia azpiegiturak bonbardatuko zituela erantzun zion Teheranek. Ezarritako epemuga bete aurretik, baina, aurreko astelehenean, Trumpek adierazi zuen bost eguneko ultimatum bat ematen ziola Irani; atzo, baina, iritziz aldatu zuen.
Hori bai, nor bere bakarrizketan ari dela dirudi, baina, Pakistan bitartekari, AEBak eta Iran hitz egiten ari dira. Bi aldeek hori diote. Eta horren harira, Alemaniak ere esan du AEBen eta Iranen asmoa dela laster Pakistanen batzartzea. Hori adierazi du Johann Wadephul Atzerri ministroak, Deutschlandfunk irrati katean egin dioten elkarrizketa batean. Eta Txina ere bitartekari aritzeko prest dago. Wang Yi Atzerri ministroak adierazi du gaur Pakistango bere homologo Ishaq Darrekin hitz egin duela telefonoz, eta «koordinazio estrategikoa» indartzeko konpromisoa hartu dutela.
G7ko herrialdeek —Alemaniak, Kanadak, AEBek, Frantziak, Italiak, Japoniak eta Erresuma Batuak osatzen dute taldea; gainera, EB Europako Batasunak ordezkaritza politiko iraunkorra du— ohar bat kaleratu dute eskatuz irekitzeko Ormuzko itsasartea, eta adostu dute elkarlanean jardutea blokeo horrek eragindako «kalte ekonomikoak arintzeko». Gainera, zibilen aurkako erasoak eteteko ere eskatu dute. Herrialde horietako Atzerri ministroak bilduta egon dira azken bi egunetan Vaux de Cernayko abadian (Frantzia). Bilkura horretan, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak gainerako herrialdeei «inplikazio gehiago» eskatu die Ormuz irekitzeko. Eta gehitu du gerra «aste batzuen buruan» amaituko dela espero duela, «ez hilabete batzuen buruan».