Irani zigor ekonomikoak berriro ezartzea onartu zuen du gaur NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak, Iranek Alemaniaren, Erresuma Batuaren eta Frantziaren eskakizunei men egin ezean irailaren 28rako; hots, programa nuklearrerako negoziazioei ekitea eta IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko agentziak Iranen azpiegitura nuklearrak gainbegiratzea, besteak beste. Galdera zen ea Ekialde Hurbileko herrialde horri ezarritako zigorrek etenda jarraitu behar zuten: ebazpenak ez du nahikoa babes jaso, eta Errusiak eta Txinak Iranen alde egin arren, kontseiluko beste hiru kide iraunkorrek —Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batua eta Frantzia— beto eskubidea erabili dute zigorrak berriro ezartzeko, espero zen bezala.
Abuztuaren amaiera aldera, Alemaniak, Erresuma Batuak eta Frantziak hilabeteko epea eman zioten Irani, programa nuklearraren itunari buruzko elkarrizketei berriz ekiteko. Argudiatu zuten 2015ean Iranek haiekin eta beste herrialde zenbaitekin sinatutako akordioa ez duela betetzen. Teheran prest azaldu zen, betiere negoziazio horiek «bidezkoak eta orekatuak» izanez gero; Segurtasun Kontseiluaren bozketaren atarian, ordea, Iranek salatu du Europako hiru herrialde horiek ez dituztela kontuan izan bere proposamenak, eta «alderdikeria politikoa» egotzi die.
Emaitzak jakin aurretik, Irango Atzerri ministroak, Abbas Araghtxik, «konfrontazioa» alde batera utz dezatela eskatu die kontseiluko kideei, eta zigor ekonomikoen gaineko botoa ematean «diplomazia» lehenets dezatela. Herenegun Europako hiru potentziei «zentzuzko plana» aurkeztu ziela jakinarazi du, eta bazter utzi zutela: «Ez dute hitz egin nahi izan, eta orain Iranek ondorioei aurre egin behar die: aitzakia parrastada bat jartzen ari zaizkio, eta disimulurik gabe entzungor egiten». Hala, mezu bat idatzi du Araghtxik sare sozialetan, eta Teheranek «bere partea» egin duela esan —proposamen «justua» egin die Alemaniari, Erresuma Batuari eta Frantziari, eta IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziarekin akordioa sinatu du—.
Izan ere, uztailean lege bat sinatu zuen Masud Pezexkian Irango presidenteak, herrialdeak IAEArekin zuen lankidetza hitzarmena bertan behera uzteko: NBEren peko agentzia horrek ezin ditu Irango azpiegitura nuklearrak gainbegiratu Teheranen onespenik gabe. Irailean, ordea, Irango Atzerri ministroak eta Rafael Grossi IAEAko idazkari nagusiak beste akordio bat sinatu zuten, zeinak «ardura handiko bi parametro» uztartzen dituen, Grossik ohar batean azaldu zuenez: lankidetza eteteko legea eta Iranek NPT Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunarekiko dituen obligazioak.
Akordioa argitaratu ez den arren, adostu zuten Iranek uranio aberastuaren erreserbei buruzko txostenak ematea IAEAri, eta horren ondoren helduko zela azpiegitura nuklearrak bueltan gainbegiratzeko aukera. Erabaki orok Irango Segurtasun Batzorde Gorenaren oniritzia beharko du aldez aurretik, eta aintzat hartzekoa da akordioa bertan behera geratuko dela Irani zigor ekonomikoak aplikatuz gero.
«Seriotasunik» ez
Negoziazioez gain, Europako hiru potentziek Irani exijitu zioten IAEAri utz diezaiola azpiegitura nuklearrak gainbegiratzen, baina momentuz Teheranek ez du halakorik onartu. Bere jarrera, hortaz, ez da «serioa» izan, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak atzo argudiatu zuenez, Israelgo Channel 12 telebista kateari eskainitako elkarrizketan. Hango kazetari batek galdetu zion ea iraila amaitzerako zigor ekonomikoak berrezartzea aurreikusten zuen, eta baiezkoa erantzun zion Macronek: «Inoiz ez dugu gutxietsi Iranek bonba nuklearra izateko arriskua, ezta herrialde horren gaitasun balistikoa eta eskualdea ezegonkortzeko duen ahala ere. Ez dute konpromisorik erakutsi».
Iranek bazuen programa nuklearraren gaineko akordio bat, harik eta Donald Trump AEBetako presidenteak bertan behera utzi zuen arte bere lehen agintaldian (2017-2021), argudiatuz Irani besterik ez ziola egiten mesede; beren kasa, AEBek zigorrak ezarri zizkioten Irani, eta hark jarraian baztertu zituen bere betebeharrak. Akordio hori 2015ean onartu zuten Iranek eta sei potentziak —AEBak, Alemania, Europako Batasuna, Errusia, Txina eta Frantzia—; hain zuzen, programa nuklearra mugatzea eta zigor ekonomikoak arintzea zuen helburu. Iranen uranio aberastuari %3,67ko muga ere ezartzen zion.
Ordutik hona, Iranek bere programa nuklearra garatzen jarraitu du. Iragan maiatzeko Iranen erreserbei buruzko IAEAren azken txostenaren arabera, Teheranek %60 aberastutako 400 kilogramo uranio pasatxo zituen, duela urte erdi pasatxo halako bi —%90 aberastu behar da bonba nuklearrak garatu ahal izateko—. Iranek behin baino gehiagotan berretsi du programa nuklearra ez duela armagintzarako nahi, ezpada helburu zibiletarako.
Gogoratzekoa da Iranen programa nuklearra suntsitzeko asmoz ekainean Israelek egindako erasoaldia, Iranen azpiegitura nuklearren kontra. Aurreko hilabeteetan, AEBak eta Iran akordioa negoziatzen aritu ziren, eta Trumpek epe bat eman zion Teherani akordio bat egiteko. Epea amaitu aurretik, Israelek eraso egin zien Irani eta bere azpiegitura nuklearrei, eta bi herrialdeak gerran egon ziren hamabi egunez; AEBek ere esku hartu zuten militarki