ISRAEL-IRAN

Irani zigor gehiago ezartzekotan dira AEBak eta EB

Etxe Zuriak adierazi du aliatuekin «koordinatuta» jokatuko dutela; Teheranen industria militarra du helburu. Europako Batasunak mahai gainean du Guardia Iraultzailea «talde terrorista» izendatzeko aukera.

(ID_13792650) IRAN ISRAEL CONFILICT
Irandar batzuk, atzo, Teherango zebra bide bat zeharkatzen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Igor Susaeta.
2024ko apirilaren 17a
10:00
Entzun

Mendebaldeak bi modutara erantzungo dio Israelen eta Iranen arteko gatazka betierekoaren areagotzeari. Batetik, eskatzen ari zaie aldeei Ekialde Hurbileko egoera koska bat gehiago estutu dezaketen erasorik ez egiteko elkarri. Eta, bestetik, Israelen eskaerari erantzunez, Teherani zigor ekonomiko gehiago ezartzekoa da. Hori adierazi du Jake Sullivan AEB Ameriketako Estatu Batuetako Segurtasun Nazionalerako aholkulariak. Ohar batean azaldu duenez, hori egiteko orduan «koordinatuta» jokatu nahi dute aliatuekin. Europar Kontseiluak, hain zuzen, horri buruz eztabaidatzeko bilera egingo du gaur eta bihar, Bruselan. Paraleloki G7koen taldea osatzen duten estatuetako Atzerri ministroak Caprin (Italia) bilduko dira gaur eta etzi bitartean, eta eztabaidagaietako bat izango da Iranen eta Israelen arteko gatazka. Bien bitartean, batak eta besteak, nor baino nor gehiago, ez dute baztertzen orain arteko elkarren zeharkako gerra ageriko bihurtzea.

AEBek zigor gehiago ezarri nahi dizkiote Iranen industria militarrari, hau da, drone eta misilen programari. EB Europako Batasuneko estatu kideak ados daude, eta, gainera, mahai gainean dute Irango Guardia Iraultzailea «talde terrorista» izendatzeko aukera. Iazko urtarrilean, Teherango Polizia etxe batean Mahsa Aminiren hilketa gertatu eta lau hilabetera, Europako Parlamentuak eskatu zuen Guardia Iraultzailea «talde terroristen» zerrendan sartzeko. AEBetako presidente zen garaian, 2019ko apirilean, hori egin zuen Donald Trumpek.

Josep Borrell EBren diplomaziaburuak talde komunitarioaren zerbitzu juridikoei eskatu die aztertzeko ea ba ote dagoen «lege oinarririk» hori egiteko. Aintzat hartu behar da zigorrak ezartzeko erabakia aho batez hartzen duela talde komunitarioak. Hori kontuan izanik, «burua hotz» dutela jokatzera detu ditu Annalena Baerbock Alemaniako Atzerri ministroak klub komunitarioko estatutuburuak eta gobernuburuak. Iruditzen zaio baietz, Irani zigorrak ezarri behar zaizkiola, baina oinarritzat hartuta talde komunitarioaren «zuzenbide estatua». Hau da, prozedura errespetatzeko eskatu du.

9.500

Israelen zenbat preso palestinar dauden. Palestinako Presoen Eguna da gaur, eta Hamasek gogorarazi du Israelgo kartzeletan 9.500 preso palestinar daudela. Horietatik ia 3.700 kargurik gabe daude atxilotuta.

Hain zuzen, Baerbock Israelen dago gaur; baita David Cameron Erresuma Batuko Atzerri ministroa ere. Nor bere aldetik batzartu dira Benjamin Netanyahu lehen ministroarekin. Bi herrialdeak dira, AEBekin batera, Israelen sostengu militar nagusia. Cameronek kazetariei adierazi die «argi» dagoela Israelek hartu duela, Iranen azken erasoaren ondoren, «ekiteko» erabakia. «Espero dugu gatazkaren areagotzeari ahalik eta gutxiena eragingo dion modu batean egitea», azpimarratu du.

Borrellen esanetan, «amildegitik gertu» daude Ekialde Hurbilean. Horregatik, eusteko, eta gatazka ez areagotzeko eskatu die aldeei. Bruselan badakite egoera koska bat estutzeak ekarriko lukeela bai krisi humanitario bat, baina, ia ziur, baita —Iran bete-betean sartuz gero— blokeo bat ere Itsaso Gorriko ibilbide komertzialei, eta, horren ondorioz, inflazioaren gorakada bat ere. Bihar, goi bileraren ondoren, onartzekoak diren adierazpenaren zirriborroa ezagutarazi dute zenbait hedabidek, eta estatu kideen asmoa da aldeei eskatzea «uko» egin diezaiotela eskualdean «tentsioa areagotzea» ekar dezakeen edozein saiakerari edo beste «edozein ekintzari».

«Eraso mugatu bat»

Guardia Iraultzailearen jeneral baten hilketa mendekatuz, Iranek 300 bat drone, misil balistiko eta gurutzaldi misil jaurtiz erantzun zionjoan den larunbatean —ez zuten kalte materialik eragin, biktimarik ere ez—, eta, harrezkero, Israelgo gerra kabinetea egunero biltzen ari da erantzun bat zehazteko. Ez du iragarri, ordea, zer egingo duen, nahiz eta ez duen baztertzen beste eraso batekin erantzutea.

Horren harira, AEBetako CBS telebistaren arabera, Israelen asmoa da «eraso mugatu bat» egitea Irango lurretan. Horren berri eman du, iturri moduan aipatuta AEBetako Gobernuaren kide bat. Irango Guardia Iraultzailea neurriak hartzen hasi da. The Wall Street Journal AEBetako egunkariak Siriako Gobernuko iturriak aipatuz argitaratu duenez, Guardia Iraultzaileak hutsarazi egin ditu Sirian dituen baseetako batzuk, eta beste batzuk gauez husten ditu, iruditzen zaiolako Israelek instalazio horiei eraso egin diezaiekeela. Eta tentsio horren guztiaren erakusle, Teheranek berak jakinarazi du Itsaso Gorrian beren zamaontzi komertzialak «babesteko misio bat» hasi duela Guardia Iraultzaileak.

MSC Mediterranean Shipping Companyk jakinarazi du, bestalde, ondo daudela Iranek aurreko larunbatean Ormuzko itsasartean bahitutako zamaontziko eskifaiako kideak. Ohar batean gaineratu du Irango agintariekin hitz egiten ari direla, aska ditzaten.

MENIARAKO NEGOZIAZIOAK, «FASE DELIKATU BATEAN»

AEBak, Egipto eta Qatar bitartekari lanetan ari direla, Israelek eta Hamasek asteak daramatzate su eten bat negoziatzen. Xeikh Mohammed bin Abdulrahman Al-Thani Qatarko lehen ministro eta Atzerri Ministroak adierazi du, gaur, ordea, elkarrizketa horiek «fase delikatu batean» daudela oraintxe. Ez du azaldu zergatik. Horren harira, talde islamistak gaur berretsi du Israelen dauden preso palestinarrak askatzea duela bere «lehentasun nagusia».

 Bien bitartean, Israelek jarraitzen du Gaza setiatzen, eta hango Osasun Ministerioak gaur adierazi duenez, jada 33.900 dira urriaren 7az geroztik Israelek zerrendan hil dituenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.