ISRAEL-IRAN

Nazioarteak eskatu dio Israeli gatazka ez areagotzeko

AEBak hari diplomatikoak mugitzen ari dira Israelek Iranen erasoari erantzun ez diezaion. Washingtonek esan du ez duela Ekialde Hurbileko gerra batean parte hartuko. Netanyahuk ez du erabaki zer egin.

(ID_13788022) IRÁN ISRAEL ORIENTE MEDIO
Iran misil balistiko bat jaurtitzen, Irango IRNA berria agentziaren bideo batetik hartutako irudi batean. EFE
Igor Susaeta.
2024ko apirilaren 15a
10:00
Entzun

Iranek joan den larunbat gauean egin zion erasoaren ondoren, Israelek ez du erabaki zer urrats egingo dituen hurrengo. Teheranek adierazi du bukatutzat eman duela hilaren 1ean Israelek Damasko Siriako hiriburuan hil zituen Guardia Iraultzaileko kideengatik hartutako mendekua, eta nazioartea eskatzen ari zaio Tel Avivi ez erantzuteko ekintza militar baten bidez, ez estutzeko koska bat Ekialde Hurbileko egoera narrastua; are, AEB Ameriketako Estatu Batuek ere ohartarazi diote Israel beren aliatuari ez dutela eskualdeko gerra batean parte hartuko, nahiz eta nabarmendu duten «defendatzen» lagunduko diotela.

Israel igortzen ari den seinaleek adierazten dute oraingoz ez duela militarki erantzuteko asmorik. Zeren, armadak gaur jakinarazi duenez, herrialde osoko eskolak berriro irekitzekoak dira, «murrizketa artean» izan arren. Ohartarazi du, hori bai, «alerta gorenean» daudela oraindik ere. Herenegun, Iranek droneekin, misil balistikoekin eta gurutzaldi misilekin egindako erasoa gertatu baino ordu batzuk lehenago —300 bat jaurtigai guztira, Israelen arabera—, hezkuntza jarduerak bertan behera utzi zituzten. Horrekin lotuta, atzo itxita egon ondoren, gaur Iranek Teherango bi aireportuak ireki egin ditu atzera.

«Edozein agertokitarako prest gaude», esan zuen atzo Israelgo armadaren bozeramaile Daniel Hagarik. Israelgo gerra kabinetearen bilera bukatu ondoren mintzatu zen. Gaur ere bildu dira eta bihar, asteartea, ere bilduko dira. Reuters berri agentziak Israelgo armadaren iturriak aipatuz argitaratu duenez, gerra kabinetean ez dira ados jartzen erabaki bat hartzeko orduan, eta AEBen babesa nahi dute. Kabinete horretako kide dira, besteak beste, Benjamin Netanyahu lehen ministroa, Yoav Gallant Defentsa ministroa eta Benny Gantz armadaburu ohia. Gaurko bilera amaitu ondoren, Herzi Halevi Israelgo armadako buruak ziurtzat jo du Israelek «erantzungo» duela, baina ez zuen zehaztu noiz eta nola. Adierazpen horiek egin eta gutxira, Iranek alerta egoera gorena ezarri du.

Nazioartea hari diplomatikoak mugitzen ari da Israelen eta Iranen arteko eraso militar zuzenen dinamika bat ez elikatzeko. AEBek adierazi dute Antony Blinken Estatu idazkaria Ekialde Hurbileko herrialde batzuekin —Saudi Arabia, Turkia, Egipto eta Jordania— hitz egin duela azkeneko orduetan, eta azpimarratu diela beharrezkoa dela egoera koska bat ez estutzea.

14.000

Bidenek Israeli laguntza militarrean eman nahi dizkion milio dolarrak. Iranen erasoaren ondoren, Joe Biden AEBetako presidentea harremanetan jarri zen Kongresuko buruzagiekin, eta adierazi zien beharrezkoa dela Israeli laguntza militarrean 14.000 milioi euro ematea aurreikusten duen diru saila onartua izatea.

NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak larrialdiko bilera bat egin zuen atzo, eta antzeko mezu bat plazaratu zuen Antonio Guterres erakundearen idazkari nagusiak ere: «Inork, ez eskualdeak, ez munduak, ezingo lioke beste gerra bati aurre egin. Ekialde Hurbila amildegiaren ertzean dago. Gatazka baretzeko garaia da». Iranek erakundean duen ordezkari Amir Saeid Iravanik berretsi zuen «defentsarako beren eskubidea» gauzatu zutela erasoa eginez, baina Teherango agintariek aurreko orduetan egin bezala, adierazi zuen ez dutela gatazka areago narrasteko asmorik. Ohartarazpen bat egin zuen, ordea: «Dena den, Israelek beste hutsegite bat egiten baldin badu, Iranen erantzuna askoz ere gogorragoa izango da».

Teheranen diplomazialariak aipatutako «hutsegitea» apirilaren 1ean gertatu zen. Iranek Damaskon duen kontsuletxearen kontra Israelek egindako bonbardaketan, gutxienez hamahiru pertsona hil ziren; tartean, Irango Guardia Iraultzailearen jeneral Mohammad Reza Zahedi. Horrek eragin zuen larunbateko erasoa.

Zeharkako gerra bat

Bi herrialdeak etsaiak dira, urteak daramatzate zeharkako gerra batean murgilduta, eta, horren ondorioz, besteak beste, zibererasoak egin izan dizkiote elkarri, Israelek hil izan ditu zientzialari nuklear irandarrak, eta Iranek bahitu izan ditu Israelekin lotura duten zamaontziak; azkenekoa, joan den larunbatean bertan, erasoa gertatu baino ordu batzuk lehenago, Ormuzko itsasartean. Eta dinamika hori are gehiago gaiztotu da azken hilabeteetan, Israelek Gazan ezarritako setioaren testuinguruan. Reza Zahediz gain, Irango Guardia Iraultzailearen beste jeneral batzuk ere hil ditu Israelek, Sirian: Razi Musavi abenduaren 25ean, eta Sadegh Omidzadeh, urtarrilaren 20an.

Gertaera horiek eraman dute Iran orain arte zeharkatu gabe zeukan marra gorri bat gurutzatzera, eta, horrenbestez, Israelgo lurrei zuzenean eraso egitera aurrenekoz. Halere, erasoa Iranek berak iragarria izan zen; hau da, drone olde bat jaurti zuela jakinarazi zuen. Jordaniako, Frantziako, AEBetako eta Erresuma Batuko armadek eskualdean dituzten indar militarrek eraitsi zituzten 200 jaurtigai inguru, eta gainontzekoak Israelgo aireko defentsa sistemak. Erasoak apenas eragin zuten kalte materialik; Israelgo iturriek esan zuten adingabe bat metrailarekin zauritu zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.