Protestak herrialde arabiarretan. Taufik Tiraui. Al Fatako buruzagia

«Iraultza demokratikoa birus bat da, eta geroz eta gehiago hedatuko da»

Herrialde arabiarretan herritarrek demokraziaren alde egin dituzten protestak Asiaraino zabaldu daitezkeela dio Taufik Tirauik; herritarrek PANen aurka egingo ez dutela sinetsia dago, ordea.

ERIKA JARA.
Jerusalem
2011ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Palestinarren eta israeldarren arteko gatazka lurrikara politiko batek soilik konpondu dezakeela uste du Taufik Tiraui Al Fatako buruzagi eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko zerbitzu sekretuen buru ohiak. Hosni Mubaraki alde egiteko esan zioten bezala, AEBek Benjamin Netanyahu geldiarazi beharko luketeela uste du.

Mubarak boteretik kanporatu izanak nola eragiten du Egiptoren eta palestinarren arteko harremanetan?

Orain arte, Egiptok palestinarren eskubideen alde egin izan du, eta aurrerantzean ere hala izango delakoan gaude, agintean nor dagoen gorabehera. Berebiziko zeregina bete du herrialdeak alderdi bien artean. Ez dio utziko laguntzeari, baina, orain denbora beharko du arazoak konpontzeko.

PANek nola ikusi nahi du Egipto?

Egiptoko egoera egonkortzea nahi dugu. Izan ere, Israel da Egiptoko ezegonkortasunaren onuradunik handiena.

Haiekin duen bake hitzarmena hautsiko duen beldur omen dira, ordea.

Beldur dira Egipton egoera egonkortuko ote den, uste baitute egonkortuz gero bertan behera geratuko dela hitzarmena.

Zer ari da gertatzen herrialde arabiarretan?

Herrialde bakoitzean berezia da egoera; ezin dira guztiak zaku berean sartu. Besterik dira Libian gertazen dena eta Bahreinen gertatzen dena. Libian diktadore bat dute, terrorismoa, eta agintean 41 urte egin dituen pertsona bat. Bahreinen Libian baino handiagoa da demokrazia, nahiz eta monarkia sistema bat duten —Libian ez bezala—.

Demokrazia dute guztiek helburu.

Birus bat da, eta gero eta gehiago hedatuko da. Asia eta Iran hegoalderaino iritsiko da, eta berriz eremu honetara itzuliko da.

Palestinaraino iritsiko al da?

Ez. Geure bidearen hasieran gaude gu. Horrexetan ahalegindu zen Al Jazeera, agiriak isilpean jakinarazita, baina huts egin zuen. Guztiz bestelakoa da gertatu dena, PANen aldekoak izan baitziren manifestazioak.

Egia al zen agiri haietan jasota zegoena?

Agiriak egiazkoak ziren, baina Al Jazeerak manipulatu egin zituen. Egiaren erdia baino ez zuten jasotzen.

Eta Palestinak egin beharreko amore emateak?

Gezur hutsa. Dena emanda aritu zen Jasser Arafat negoziazioetan; ez da sekula izango hura adina ahaleginduko den buruzagi palestinarrik.

Zerk konpon dezake gatazka?

Lurrikara politiko batek. AEBek beren eginkizuna bete beharko lukete, eta Israel geldiarazi. 'Alde egin behar duzu' esan zioten Mubaraki, eta Netanyahuri ere honela agindu beharko liokete: 'Utzi behingoz egiten ari zarena egiteari'.

Duela gutxi AEBek betoa ezarri diote koloniak legez kanpokotzak jotzen dituen ebazpenari. Espero zenuten betoa?

Espero genuen, AEBak ez baitira zintzo jokatzen ari palestinarren eta israeldarren arteko bitartekari lanean. Demokrazia, askatasuna eta giza eskubideak izan zituzten oinarrizko printzipio; baina palestinarrei dagokienez, okupazioa bultzatzen dute.

Betoa jarrita Israeli lagunduko ziotelakoan zeuden. Baina beren eskubideak onartu beharko lizkiekete palestinarrei sinesgarritasuna izateko.

Horren ondoren, Al Fatak estrategia aldatuko du?

Gure jendearen interesak ditugu estrategia. Ez ditugu bertan behera utziko AEBekiko harremanak, baina jakin beharra daukate ez diegula negoziazioei ekingo, koloniak ezartzeari uzten ez dioten artean.

Nola daude uneotan negoziazioak?

AEBak ez dira bitartekari zintzoak; sinesgarritasuna galdu dute, eta, jada, ezin dute bitartekari izaten jarraitu. Berriro negoziazioei ekiteko AEBen jarrerak argia beharko du izan, argi zehaztu beharko du Israel nola estutuko duen. Negoziazio baldintzen euskarriek, berriz, nazioarteko ebazpenak izango dituzte oinarritzat, batik bat, 1967ko mugei dagozkienak. Kontua da ea benetan ba ote dagoenkiderik negoziazioetarako, eta une honetan ez dago.

Zergatik?

Ez dut uste Israelgo ezein alderdi politikok erabakirik har dezakeenik azkenaldiko egoerak ekarritako arazoei buruz.

Buruzagi ausartak behar ditu bakeak. Palestinan bada agintari talde ausart bat, bere jarrera zintzoki ageri duena, baina ez da hala gertatzen ari beste alderdikoekin. Haien aburua ez da bakea lortzea; agintean irautea, baizik. Hori horrela, suizidio politiko bat da bake hitzarmen bat sinatzea. Bik bakarrik sinatu ahal izan zuten, eta biak hilda daude: Ben Gurion eta Isaac Rabin.

Zer iritzi duzu hurrengo urteetan bakea lortzeko ahalbideez?

Hurrengo uteetan ezin izango dugu inolako aurrerabiderik egin, bakea lortzeko. Bush aitarekin bagenuen bakea lortzeko ahalbide bat. Obama, ordea, ahula da, eta beldur da juduen botoa galduko duen.

Izango al da adiskidetzerik Hamasekin?

Ez da adiskedetzerik izango. Hamas eskualdeko beste estatu batzuen mende dago, hala nola Iranen mende. Estatu islamiarra eratu nahi du mundu osoan Iranek, eta Gaza dauka abiaburutzat. Ikuspegi eta printzipio desberdinak ditugu guk. Bestelako botere batzuek beren intereserako darabilten lanabes bat da Hamas.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.