Jorge Luis Fajardo Elikagaien Industriako eta Arrantzako Sindikatu Nazionaleko idazkari nagusia da, eta bizitza egin du Kubako langile klasearen alde. Pinar del Rion jaio zen, duela 60 urte; gaztedi komunistaren buru izan zen, eta, gorputz hezkuntzako irakasle aritu ondoren, arrain industrian hasi zen: bizitza erdia eman du sektore horretan.
Urtarriletik hona, Ameriketako Estatu Batuek gogortu egin dituzte Kubaren aurkako neurriak, batez ere energiaren sektoreari dagozkionak. Nola eragin die horrek Kubako langileei?
Kubaren historiako garairik latzenetako bat da hau. Ameriketako Estatu Batuen politika genozidak eragin izugarria du gure langileen egunerokoan, bai lanean, bai arlo sozialean, baita familian ere. Merkataritzan, finantzetan eta energiaren arloan abiatu duten setioak biztanle multzo guztiei egiten die kalte. Itzalaldiek 20-30 ordu irauten dute, eta, gure industriak geldiarazteaz gain, egoera zailean lan egitera behartzen dituzte langile ugari; askok lana galdu dute, edo beste arlo batzuetara bidali dituzte.
Zer ondorio ditu erregaiari ezarritako blokeoak Kubako langileen egunerokoan?
Ondorio lazgarriak ditu. Langileek orduak pasatzen dituzte lantegirako joan-etorrian, oinez joan behar baitute: ez dago erregairik, eta garraio publikoa kolapsatuta dago, ordezko piezarik ez dago eta.
Nola ari zarete moldatzen?
Nekagarria da horrela ibiltzea, eta familiarekin egoteko eta norberarentzako denbora kentzen du. Gainera, kontuan hartu behar da zer-nolako zailtasunak dauzkagun osasun sisteman: ezin dugu oxigenorik ekoitzi ospitaleetarako, eta ezin dugu eskuratu funtsezko tresneria medikoa. Hori guztia ez da oztopo soila: krimen hutsa da! Eta langileok badakigu hori. Gure herriak modu eredugarrian erantzun dio egoerari: heldutasun, ulermen, sormen eta erresistentzia handiz. Balio horiek definitzen gaituzte, eta gure sostengu dira, gaur inoiz baino gehiago.
Herri Boterearen Batzar Nazionalak onartutako erreformen ondorioz, deszentralizazioa handitu egingo da, eta sektore pribatua zabaldu. Nola uztartuko dira neurri horiek eta Kubako eredu sozialistaren muina eta printzipioak?
Herrialdea egoera ikaragarri larrian dago; horregatik, zenbait eraldaketa ekonomiko eta sozial aplikatu behar izan dira berandu gabe. Ezin gara besoak gurutzatuta geratu, irtenbideak bilatu behar ditugu. Neurri sortaren helburua ez da sozialismoa eraistea, baizik eta merkatu mekanismoen bidez hura eguneratu eta perfekzionatzea, egungo egoerara egokitzeko. Iraultza eta haren lorpen sozialak salbatzea da xedea; hau da, sektore estrategikoen jabetza sozialista babestea eta planifikazioa aldatzea, justizia soziala eta burujabetza nazionala bermatzeko.
«Neurri sortaren helburua ez da sozialismoa eraistea, baizik eta merkatu mekanismoen bidez hura eguneratu eta perfekzionatzea»
Sektore pribatuari bide emango zaio?
Argiago esango dut: aurrerantzean ere estatuak kontrolatuko ditu energiaren sektorea, osasuna, hezkuntza eta beste arlo batzuk. Hala ere, sektore pribatuari bide emango zaio jarduera osagarriak garatu eta kudeatzeko, batez ere estatuko enpresa batzuetan: hori egiteko gai izan ez direnetan eta behar bezain efiziente izan ez direnetan, adibidez; betiere, Kubako legeak beteta eta Iraultzaren lorpenak arriskuan jarri gabe. Deszentralizazioari dagokionez, berriz, nolabaiteko autonomia emango zaie udalerriei, kooperatibei eta enpresa txiki eta ertainei, merkatu mekanismo mugatu eta arautuen bidez planifikatu dezaten. Hori bai, ongizate kolektiboa lehenetsita aberaste indibidualaren gainetik.
Nola bermatuko da prozesu horrek ez dituela kaskartuko lan baldintzak, ez duela lehia desleialik piztuko lurraldeen artean, eta, beraz, ez diela kalte egingo langileei?
Neurri hauek ez dira aplikatuko langileak kontuan hartu gabe. Hala estatua nola sindikatua adi egongo gara Lan Kode berrian zehaztutakoa bete dadin, bai sektore pribatua zabaltzean, bai deszentralizazioa aurrera eramatean. Kode hori langileek egindako proposamenen emaitza da, eta, lan eskubideak indartu eta esplotazioa debekatzeaz gainera, soldata duinak, gizarte segurantza eta lan baldintza bidezkoak bermatzen ditu.
Kontuan izanda Kuba inflazioaren ondorioak pairatzen ari dela, zer mekanismo jarriko ditu martxan Kubako Langileen Zentralak babes sozialerako eta negoziaziorako, «aldaketa beharrezko» honek ez ditzan are okerrago utzi talderik behartsuenak?
Esan bezala, gure xedea sistema sozialista babestea da. Horretarako, subsidioen eta soldaten sistema egokitzea erabaki da. 2025eko abenduan proposamen batzuk aurkeztu zituzten Herri Boterearen Batzar Nazionalean, aldez aurretik ia bi milioi lagunekin landu ondoren. Gero, zenbait ideia eta iradokizun atera ziren; adibidez, subsidioa beharrik handiena dutenei ematea. Gainera, oinarrizko jakitzat jotako produktuen sorta moldatuko dute, zaurgarrienen eta pentsiodunen mesedetan. Gutxieneko soldata 2.100 peso kubatarretik 3.210 pesora igoko da —%56, beraz—, eta horrek eragin onuragarria izango du berehala estatuko sektore pribatuko soldata eskalan. Negoziazioari dagokionez, erronka handia da Kubako mugimendu sindikalarentzat, dudarik gabe. Neurri berrien ondorioz, enpresa pribatua hazi egingo da. Sindikatuak garrantzia galduko al du? Inondik ere ez. Langile klaseak protagonista aktibo izan behar du arazoak hautemateko eta zuzendaritza organoetan aritzeko. Atzerriko ekonomia gurera sartzen denean, Lan Kodea bete beharko da, eta sindikatuak egiaztatu beharko du enpresetan ere bete egiten dela.