Gerra garaian hazi zen Sandra Duffy ekintzaile irlandarra (Derry, Irlanda, 1976), eta duela hamabost urte hasi zuen ibilbide politikoa, Sinn Fein alderdian. Jaioterriko alkate izan zen, baita Strabane hirikoa ere, eta Ballyarnett eskualdeko zinegotzia da orain. Uhartearen batasuna eta nazioarteko elkartasuna giltzarritzat jo ditu. Hain zuzen ere, Gasteizen izan da berriki, Martxoaren 3ko sarraskiaren harira. «Beti maite izan dut Euskal Herria. Gertutik bizi izan ditut hemen gertatu diren ankerkeria eta sarraski asko, eta antzekotasunak ikusten ditut hemen eta Irlandan gertatutakoen artean», esan du. Tarte bat hartu du Irlandaren eta bereziki Ipar Irlandaren inguruan mintzatzeko.
Ipar Irlandan Sinn Fein alderdia dago gobernuan, aurrenekoz. Zer eragin izan du horrek? Zertan da egoera politikoa?
1998an, Ostiral Santuko Akordioa sinatu zen, gure bake akordioa. Geroztik, aukera izan dugu gure herriari eta komunitateari begira lan egiteko. 2024ko hauteskundeetan jaso genuen egindako lanaren saria, eta Michelle O’Neil hautatu zuten lehen ministro Sinn Feinek iparraldean duen liderra. Unionistek unionistentzat sortu zuten Stormont [Ipar Irlandako Parlamentua], eta errepublikano nazionalista bat hango buru izendatzea ospakizun handi baten parekoa izan zen guretzat. Emakume errepublikano bat dugu agintean, eta hori lagungarria zaigu gure komunitatearen aldeko aurrerapenak lortzeko, bai ekonomian, bai osasun sisteman, bai hezkuntzan... Autodeterminazioa da gure helburua, eta Irlandaren batasuna. Helburu hori lortzeko urrats moduan hartzen dugu agintea eskuratu izana.
2022ko legebiltzarrerako hauteskundeetan ere Sinn Fein izan zen eserleku gehien lortu zuen alderdia: 27 eskuratu zituen, baina DUP alderdi unionistak 25. Zer-nolako harremana duzue unionistekin?
Lanean ari gara orain ere, maila guztietan. Zailagoa da orain, hauteskunde garaia baita, eta jendea kanpaina egiten hasia da. Baina uste dut harreman sendoak sortzen ari garela. Herritarrak ikusten ari dira badagoela politika egiteko modu bat zatiketarik eragiten ez duena.
Gobernuan unionistekin batera aritzeak zaildu egiten ahal du erabakiak hartzea? Zertan?
Argi dago ez gaudela beti ados, bereziki gai sozialei eta nazioarteko elkartasunari dagokienez. Guk alderdi aurrerakoitzat daukagu geure burua, eta nazioarteko elkartasuna funtsezkoa iruditzen zaigu: Euskal Herriarekin, Palestinarekin, Kubarekin, Venezuelarekin... Zoritxarrez, DUPen ikuspegia ez da hori. DUPek bat egiten du Trumpen sinesmenekin eta iritziekin. Hor aldentzen da gure politika.
Eta barne politikari dagokionez?
Osasunaren inguruan bat egin dugula uste dut. Onartu dugu osasuna dela gure gizarteko arazorik handienetako bat, eta, hortaz, aurrekontu hori babestuta dago. Osasungintzarako jartzen dugu diru gehien. Hezkuntza sistemaren inguruan hitz egitean, aldiz, tirabira batzuk sortzen dira, batez ere eskolako gai aurrerakoien inguruan eta hainbat gai irakasteko moduaren inguruan. Desadostasun batzuk ditugu hor, eta blokeoak izaten dira.
«Onartu dugu osasuna dela gure gizarteko arazorik handienetako bat, eta hortaz, aurrekontu hori babestuta dago. Osasunerako jartzen dugu diru gehien»
Etxebizitzaren gaian buru-belarri ibili zara zu, ezta? Zertan da egoera?
1998tik ari naiz etxegabeekin lanean, bai. Oro har, egoera txarra da Irlandan. Etxebizitzaren krisia handia da, ez dugu etxe nahikorik, eta badira etxerik lortu ezinda dabiltzan gazteak eta familiak. Nik adikzioak eta buru osasuneko arazoak dituzten herritarrekin lan egiten dut batez ere. Laguntza ematen saiatzen gara, baina, horrez gain, ezinbestekoa dugu etxebizitza lehentasun izatea. Gaur egun, krisi handia dugu Irlanda osoan.
Zure ustez, lehentasunezko behar horiek ez asebetetzeak oztopatu egiten du jendeak uhartearen batasunean pentsatzea?
Uste dut batera begiratu behar zaiela bi auziei. Uharte txiki bat dugu, eta, hartan, bi etxebizitza sistema, bi hezkuntza sistema... Hori dirua xahutzea da. Irlanda batuta egongo balitz, ez genuke dirua alferrik xahutuko. Osasun zerbitzu bakarra izango genuke, etxebizitza sistema bakarra, eta uste dut eredu hori eraginkorragoa izango litzatekeela, jendearentzat oparoagoa. Elkarri bizkarra ematen dioten bi sistema apurtu izateak ez du laguntzen.
«Irlanda batasuna izango bagenu, ez genuke dirua alferrik xahutuko. Osasun zerbitzu bakarra izango genuke, etxebizitza sistema bakarra, eta uste dut eredu hori eraginkorragoa izango litzatekeela»
Zer irizten diote horri herritarrek eta, zehazkiago, gazte belaunaldiek?
Batasunaren ideia goraldian dela esango nuke. Jendeak uste du bertatik bertara ikusiko duela. Herritarrek nazioartera begiratzen dute, eta jabetzen dira zenbat xahutzen den alferrik zatitutako herrialde batean.
28 urte igaro dira Ipar Irlandan bake ituna sinatu zenetik. Zer moduzko harremana dago Londresekin?
Gobernu laborista bat dago Londresen, eta hori hobea da gobernu kontserbadore bat izatea baino. Hala ere, esango nuke Britainia Handiko Gobernuak Ingalaterran jarria duela arreta, eta ez Irlanda iparraldean [Irlanda batzearen aldekoek hala esaten diote Ipar Irlandari]. Brexit-aren porrotari aurre egin behar izan diote, eta horrek eragina izan du Irlanda iparraldea tratatzeko moduan, baita Eskozia eta Gales tratatzeko moduan ere. Harremana badugu, baina uste dugu Britainia Handiko Gobernuak ez lukeela lekurik izan behar Irlandan.
Zure iritziz, brexit-ak inorena ez den lur batean utzi du Ipar Irlanda, Erresuma Batuaren eta Irlandako Errepublikaren artean?
Bai. Horregatik egon izan gara beti brexit-aren aurka. Derryn herritarren %72k bozkatu zuten aurka. Aterarazi egin gintuzten Europatik. Baina Ostiral Santuko Akordioak babestu egin gintuen inpakturik negatiboenetatik. Nazioarteko bake akordio horren bidez, laguntza jasotzen dugu Europako Batasunetik, eta Ingalaterrak, Eskoziak eta Galesek ez dute halako babesik. Hala ere, guretzat, uhartea batzea da konponbidea, eta uharte osoa Europako Batasunaren parte izatea.