Sri Lankan gatazka armatua bukatu bada ere, propagandarenak aurrera dirau. Armadak LTTE Tamil Eelameko Askatasun Tigreen buruzagia hil zuela jakinarazi zuen herenegun. Eta zalantzarik gera ez dadin, garaipenaren erakusgarri ukaezin gisa, atzo erakutsi zuten ustez Velupillai Prabhakaranena den gorpua. Telebista kate guztiek zabaldu zituzten irudiak, bai estatuarenak bai pribatuek.
«Duela ordu batzuk topatu dugu gure herrialdea hondoratzen saiatu den lider terroristaren hilotza», esan zuen Sarath Fonseka armadaburuak.Jarraian, kalitate eskaseko argazkiak erakutsi zituzten hedabideek; sakelakoaren kamerarekin atera daitezkeenak bezalakoak. Uniformea jantzita zuen gerrillari baten gorpua ikus zitekeen haietan. Tiroa zuen kopetaren erdian, ahoa zabal-zabal, begiak ere zabalik. Esku batzuek eusten zioten burua, trapu zuri batekin erdizka estaliz.
Kamuflatzeko kolorez jantzitako hilotzaren ondoan, nortasun agiri moduko bat ere bazegoen. Gerrillarien buruzagiaren izena irakur zitekeen bertan, 0.01 zenbakiaz gain. Argazkia ere bazuen, ohiko txartelen moduan. Irudietako hildakoa Prabhakaran zela ziurtatu zuen Fonsekak, eta DNA azterketa egin ziotela. Buruzagia ez ezik, beste 350 gerrillari ere hil zituztela jakinarazi zuen.
Telebistako agerraldi horrekin isilarazi nahi izan du Gobernuak tamil tigreen liderraren heriotza zalantzan jarri dutenen ahotsa. «Nork sinets dezake mundua atzetik duen gerrillari batek nortasun agiria soinean daramala?», itaundu zuen izenik eman nahi izan ez zuen diplomazialari batek Kolonbon (Sri Lanka). Ez zen ez bakarra, ez lehena: armadaburuak gerrillaren buruzagitza osoa hil zutela aditzera eman eta berehala gezurtatu zuten berria tamilen aldekoek. «Azken gertakariengatik kezkatuta dagoen tamil komunitateari jakinarazi nahi diot gure lider maitatua bizirik dagoela, eta leku seguruan», esan zion LTTEren nazioarteko harremanetarako ordezkariak, Selvarajah Pathmanathanek, Tamilnet webguneari, elkarrizketa batean.Gertatutakoari buruz Gobernuak esandako guztia kontraesankorra zela argudiatzen zuen.
Herenegun goizean, gerrillaburua anbulantzia batean ezkutatu eta ihes egitera zihoanean erreta hil zela esan zuten militarrek; ibilgailuak su hartu zuelako, alegia. Arratsaldean, baina, Nanthikadal aintziraren ondoan tirokatu zutela adierazi zuten.
Gatazka osterako lanak
Armadaburua hedabideen aurrean agertu ostean, Parlamentuan hitz egin zuen presidenteak. Mahinda Rajapaksak «une historikoa» dela esan zuen. «Munduko talde terrorista odolzaleena garaitzeko gai izan gara. Sri Lankarentzat ez ezik, munduarentzat ere garrantzitsua da egun hau».
Sihalaz mintzatu zen lehenbizi. Zingalesen hizkuntza da hori, eta etnia horretakoak dira gehienak Sri Lankan. Baina, ondoren, tamilerari heldu zion, etnia eta erlijio zatiketak amaitu behar duela adierazteko. Hori da, hain zuzen, gatazkaren muina. «Komunitate guztientzat onargarria den irtenbidea topatu behar dugu», esan zuen. «Baina etxean pentsatutako soluzioa izango da».
Hitz horiekin, presidenteak argi utzi du beste herrialdeetan baliatu dituzten ereduak ez dituela inportatuko. Hala eskatu zioten herenegun AEBAmeriketako Estatu Batuek. Bi etniak elkarrekin bizi ahal izateko baldintzak bermatzeko prest agertu zen orduan Palitha Kohona Atzerri idazkaria: «Neurri batean tamilei boterea itzuliko dien sistema bat martxan jartzeko konpromisoa daukagu». Presidenteak, ordea, gizarteratzera deitu ditu tamilak.
Bestalde, laguntza eskatu dio nazioarteari gatazkak eragin dituen desplazatuei laguntzeko. UNOCHA Giza Gaien Koordinaziorako NBE Nazio Batuen Bulegoaren arabera, 217.093 tamil dauzka egun Gobernuak 42 kanpalekutan, Vavuniya, Trincomalee, Mannar eta Jaffnan. Eta beste 50.000 inguru gune horietarantz doaz. Giza erakundeek gogor kritikatu dituzte Gobernuak «herrixka lasaigarriak» deitu dituen kanpaleku horiek. Agentzien arabera, bizi-baldintzak onartezinak dira haietan, eta irtetea debekatzen diete zibilei.
Horreneta, oro har, urtarriletik atzora arte armadak egindakoaren kontra protesta ugari egin dituzte egunotan. Horretan ari ziren hamar ekintzaile atxilotu zituzten poliziek atzo Londresen.
Irudi bat, gerra irabazteko
Tamil tigreen buruzagiaren hilotza erakutsi du Sri Lankako Gobernuak, heriotza zalantzan jartzen zutenak isilarazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu