HAITIKO MATXINADAREN URTEURRENA

Isiltasuna eta tiro hotsak

Aristide presidente ohiak herrialdea utzi behar izan zuela urtebete da gaur; herrialdeak gatazka egoeran jarraitzen du

PORT-AU-PRINCE
2005eko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Urriaren 15 etorbideko 33. zenbakian, hiriburuaren kanpoaldean, isiltasuna ohitura bihurtu da. Duela bi hilabete erraz kontrolatutako matxinada ahalegin bat kenduta, azkenaldian ezerk ez du asaldatu urte luzez presidente ohiaren egoitza izan zena. Jean Bertrand Aristideren azken gotorlekua dago bertan. 2004. urteko otsailaren 29an ireki zen azken aldiz egoitzaren sarreran dagoen ate berdea agintari ohiarentzat. Aristideren mamua, ordea, bizirik dago hiriburuaren beste muturrean. Haren jarraitzaileek manifestazioa egin zuten atzo bertan eta borroketan bi pertsona hil ziren.

Delmas auzoan segurtasun neurriak zorrotzak dira. Gerard Latortue behin-behineko lehen ministroak agintari ohiari erbestetik indarkeria sustatzen ari izana eta chimere-ak paramilitarrak xaxatzen ari izana leporatzen dio. Haren jarraitzaileek, berriz, kargugabetzea legez kanpokoa izan zela argudiatu eta agintari berriei jazarpena abiatu izana leporatzen diete.«Lavalas alderdiko indarren gotorleku diren auzo txiroetan beste edozein auzotan baino hildako gehiago eragin dituzte azken garaietan ekintza polizialek». Aristideren agintaldiko diplomatiko ohi Edwin Paraisonen hitzak dira. Bere ustez, egungo egoerak agintarien gaitasuna gainditzen du. Lavalas alderdiko Louis Gerald Gilles senatariak iazko otsailetik 2.000 militante inguru atxilotu dituztela salatu zuen azaroan. Paraisonen arabera ordurako, baina, 500 alderdikide babestu ziren Dominikar Errepublikan.Herrialdearen erdialdea eta iparraldea kontrolatzen duten militar ohiek eta matxino ohiek alderdiko buruzagiak jazartzen dituztela diote presidente ohiaren jarraitzaileek. Hiriburuan, berriz, Poliziako kideak omen dira jazarpen horren erantzuleak. Dominikar Errepublikako Poliziari herrialdean bizi diren alderdikideak entregatzeko eskaera egin diotela gaineratzen dute.Jean Bertrand Aristidek nazioarteko begiraleek zalantzan jarri zituzten legebiltzarrerako eta presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen 2000. urtean. Oposizioaren aldarrikapenei jarraiki, nazioarteko komunitatea bizkarra ematen hasi zen gobernu autokratiko bat zuzentzen ari zela leporatuz. 2003. urtearen bukaeran protestak areagotu egin ziren eta handik hilabetera matxinada abiatu zuten iparraldean. Hiriburuan, oposizioak eta ofizialistek, ez zuten amore ematen ez zituzten nazioartearen proposamenak aintzat hartu eta krisiak dimisioa eragin zuen. NBE Nazio Batuen Erakundeko soldaduak iritsi ziren eta behin-behineko gobernu bat jarri zen martxan.AEB Ameriketako Estatu Batuak agintari ohiaren dimisioaren atzean egon zirela uste dute askok. «George Bushek haren dimisioa presionatzeko arrazoi pertsonalak izan zituen zalantzan jartzen dut. Aristiderekin herrialdearen egoera anarkiara bideratzen ari zen chimere-ek ikasleen manifestazio baten aurka indarrez erantzun zutenetik». Miami Herald egunkariak Latinoamerikarako egiten duen edizioko editore ohi Don Bohningen iritzia da: «Bush, argi dago, ez zen Aristideren laguna, baina herrialdetik aterarazteko erabakiaren atzean baldintzak hartu ziren aintzat; ez zen izan vendetta pertsonal bat».

Washingtonen esku-hartzea

Washingtoni eta Parisi agintetik bota zuen «estatu kolpearen» atzean egotea leporatu zien Aristidek. Venezuela, Hegoafrika eta Karibeko gobernuek ere gogor salatu zituzten agintaria boteretik kentzeko asmoa zuten presioak. Washingtonek behin eta berriz ukatu du krisian parte hartze zuzena eduki izana. James Foley enbaxadoreak, alta, presidenteak agintea utz zezan neurriak hartu zituela gauza jakina da. Yvon Neptune lehen ministroari, nazioarteko soldaduak iritsi bitartean, agintea bere gain hartzeko eskaera egin ziola ere ez da sekretua.

NBEko misioko bozeramaile Damian Onses-Cardona nazioartearen esku-hartzeaz mintzatu da: «Erakundeko kide diren estatuen ekintzen inguruan ez dut adierazpenik egingo. Segurtasun Kontseilua da nazioarteko zuzenbidean azken hitza duena eta erakundeko agindu batek eman zuen aukera prozesu hau abian jarri eta gu hemen egon ahal izateko». Bernard Diederich idazle eta kazetariarentzat agintari ohiaren irteera baino ez zuen bideratu Washingtonek: «Aristide lekuz kanpo zegoen autokrata zen; gaizkileez baliatzen zen oposizioari aurre egiteko; jarraitzaile asko galdu zituen eta alderdiaren oinarria ahulduta zegoen. Inoiz betetzen ez zituen promesak egiten zituen».Aristidek bere bigarren agintaldiko hiru urteak bete zituenerako egoera sostengaezina zen, eta oposizio zibila gero eta indartsuagoa. Ahultasun demokratikoa eta giza eskubideen urraketa izan ziren mandatarien amaiera sustatzeko erabili ziren argudioak. Gobernuaren kontrako droga trafiko akusazioak, gainera, ugari ziren. Aristideren kontrako auzibidea ireki dutenik ez du argitu Latortuek: «Mementoz ez nuke horretaz hitz egin nahi».

-

DOMINIKAR ERREPUBLIKA



 

Matxinoak bertan trebatu zituztela uste da





Jean Bertrand Aristideren kontra aritu ziren matxinoek Dominikar Errepublikako Armadaren sostengua izan zutela uste da. Agintariak herrialdea utzi zuen egun berean, matxinada zuzendu zuen Guy Philippe buruzagia Ðpolitikan sartuta dago orain Dajabonen ikusi zuten militar batekin hitz egiten. Louis-Jodel Chamblain bere ordezkariak matxino talde batzuk bertan trebatuak izan zirela adierazi zuen egun batzuk lehenago. Philippek, xehetasunik eman gabe, onartu egin zuen.

Haitiko Gobernuko eledun Mario Dupuyk matxinoek ezin izango zutela muga pasa agintarien laguntzarik gabe esan zuen orduan. Dominikar Errepublikak ukatu egin zuen akusazioa. Rafael Peralta eledunak, ordea, trebakuntza agintarien ezagutza gabe egin ahal izan zela onartu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.