Islandiako herritarrek botoa emanez erabakiko dute bihar EB Europako Batasunean sartzeko negoziazio mahaian berriro eseri behar duten ala ez. Baliteke larunbateko galdeketak amaiera ematea bide diplomatiko horri, zeina izoztua dagoen 2013az geroztik. Herrialdea bi bloke oso berdindutan banatuta dago. Gallup eta Maskina etxeen azken inkestek erakusten dute baiezkoaren eta ezezkoaren arteko aldea estua dela —%51,5ek baietz eta %48,5ek ezetz, hurrenez hurren— eta, ondorioz, emaitza azken orduko mugimenduen mende geratuko dela.
Islandiako Parlamentuak maiatzaren 28an bozkatu zuen erreferendumaren inguruan; 34 kidek galdeketaren alde egin zuten, zortzik kontra, eta hamalau abstenitu egin ziren. Hautesleek galdera bakar bati erantzun beharko diote: Islandiak berrabiarazi behar al dituen EBn sartzeko negoziazioak. Boto paperean bi aukera baino ez dira agertuko: bai edo ez. Argitu beharra dago, baiezkoak irabaziko balu ere, Islandia ez litzatekeela zuzenean kide bihurtuko; erreferendum horrek elkarrizketa bideak berriro irekitzeko baimena soilik ematen dio gobernuari. Islandiako araudiaren arabera, Bruselarekin tratatu tekniko eta politiko bat adostuz gero, beste erreferendum batera deitu behar da, non herritarrek behin betiko baldintzak onartu edo atzera bota beharko dituzten.
Islandiako Gobernuak abuztuan erreferenduma egiteko hartutako erabakia ez da ustekabekoa izan, barne ekonomiaren eta nazioarteko egoeraren bilakaeraren ondorioa baizik. Islandiak 2009ko uztailean aurkeztu zuen lehen aldiz EBn sartzeko eskaera ofiziala. Negoziazioak 2010ean hasi ziren arren, 2013an agintean zegoen gobernuak erabaki zuen elkarrizketak bertan behera uztea, eta 2015ean eskaera formalki atzera bota zuen, baita erabakiaren kontrako manifestazio handiak eragin ere herrialdean. Dena den, 2024ko abenduko hauteskundeen ondoren, Samfylkingin, Vioreisn eta Flokkur Folksins alderdiek osatutako koalizio berriak 2027a baino lehen erreferendumera deitzeko akordioa sinatu zuen; azkenean, 2026ko abuztura aurreratzea erabaki dute.
Babesa eta ekonomia
Kanpo politikari dagokionez, Washingtonen eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen babesean oinarritutako ereduak eztabaida piztu du. AEB Ameriketako Estatu Batuek ezarritako merkataritza tasek eta Groenlandia anexionatzeko Donald Trump presidentearen asmoak kezka sortu dute Reykjaviken. Islandiak ez du armada propiorik, eta, hala, EBk babesleku gisa aurkezten du bere burua. Arlo ekonomikoan, koroa islandiarraren ezegonkortasunak inflazioa handitzea (%5,2) eta hipoteka tasa igotzea (%8,6 eta %9,8 artera) ekarri ditu. Islandiako Unibertsitateko Ekonomia Institutuaren arabera, euroa bereganatuz gero baliteke hipoteka tasak %2,8 eta %3,8 artera jaistea. Aitzitik, Europako Arrantza Politika Bateratuak kezka handia eragiten dio herrialdeko arrantza sektoreari, uren kontrola galduko ote duen beldur baita.
Erreferendumean baiezkoa gailentzen bada, Islandiako Gobernuak Europako Batzordeari eskatuko dio negoziazio mahaiak formalki berrabiarazteko. Elkarrizketa berriek zabalik geratu ziren atalei heldu beharko liekete: arrantzari, nekazaritzari eta ekonomiari, besteak beste. Porgerour Katrin Gunnarsdottir Kanpo Arazoetako ministroaren arabera, Islandiaren araudiaren gehiengoa Europako irizpideekin lerrokatuta dagoenez, negoziazio osoa urte eta erdi inguruko epean amaitu daiteke. Horrek Islandia EBko 28. estatu kide bihurtzeko bidean kokatuko luke.
27Zenbat estatu kide dituen EBk. EB Europako Batasunak 27 kide ditu gaur egun. Sartzen azkena Kroazia izan zen, 2013an; 2020ean, ostera, Erresuma Batuak talde komunitarioa utzi zuen.
Prozesuaren hurrengo urratsei dagokienez, baiezkoaren garaipenak epe jakin batzuei bide emango lieke. 2026ko udazkenean, Islandiako eta Europako Batzordeko talde negoziatzaileek elkarrizketa politikoaren egutegia finkatuko lukete Bruselan. Jarraian, 2026 eta 2027 artean, atal korapilatsuen itxierari helduko liokete. Ados jarritakoan, bi aldeek amaierako testu juridikoa prestatuko lukete.
Prozesu osoa 2027 eta 2028 artean bukatuko litzateke, eta, behin betiko testua eskuan, beste erreferendum bat egingo lukete Islandian. Eta, herritarrek ituna berretsiz gero, EBko kide diren estatu guztietako parlamentuek dokumentua berretsi beharko lukete, Islandia kide oso bihurtzeko eta koroatik eurorako trantsizio monetarioari bide emateko.