Israel eta Libano Washingtonen bilduko dira gaur, Tel Aviven erasoek baldintzatuta

Libanoko kazetari bat nahita hiltzea egotzi dio Beirutek Tel Avivi. Nazioarteari esku hartzeko eskatu dio.

Hainbat lagun asteartean  Kfar Sir herrian, Hezbollahko kide batzuen hiletan. WAEL HAMZEH / EFE
Hainbat lagun asteartean Kfar Sir herrian, Hezbollahko kide batzuen hiletan. WAEL HAMZEH / EFE
Igor Susaeta - Julen Otaegi Leonet
2026ko apirilaren 23a
18:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelek eta Libanok hitz egiten jarraituko dute gaur Washingtonen, baina lehenaren jarrerak —aurreko ostiraletik su etena indarrean badago ere Libanori erasoka ari da oraindik— elkarrizketa horiek zailduko ditu. Tel Avivek bost pertsona hil zituen atzo iparraldeko bizilagunaren lurretan, tartean Amal Khalil izeneko kazetari bat, eta horrek Libanoko agintarien sumindura areagotu du. Bai Joseph Aoun presidenteak, bai Nawaf Salam lehen ministroak, gizadiaren kontrako krimentzat  jo dute hilketa hori, eta nazioarteari eskatu diote esku hartu dezala eta Isralen erasoak eten ditzala. Gaur, Israelek beste hiru ere hil dituela jakinarazi dute herrialdeko osasun iturriek; eta Israelgo armak esan du Hezbollahko bi kide hil dituela.

Hori gertatu ondoren bilduko dira bi aldeak, eta AEBetako Estatu idazkari Marco Rubiok egingo ditu bitartekaritza lanak. Hilaren 14an hasitako bidean pausoak ematen jarraitzekoak dira. Izan ere, duela bederatzi egun bilera egin zuten leku berean; 1993az geroztik bi aldeek edukitako lehen aurrez aurreko bilera diplomatikoa izan zen ordukoa, eta bi egun geroago adostu zuten tregoa Israelek eta Hezbollahk, Libanoko milizia xiitak. Bilkura horretan Israelek eta Libanok AEBetan dituzten enbaxadoreek parte hartu zuten; hau da, Yechiel Leiterrek eta Nada Moawadek, hurrenez hurren. Gaur ere haiek dira mahaiaren bueltan esertzekoak, beren herrialdeetako beste ordezkari batzuk lagun dituztela.

Azken orduetan, Libanok esan du duela bederatzi eguneko bileran eta gaurkoan negoziazio posibleak prestatzea zutela helburu; hau da, teknikoki ezin daitekeela adierazi negoziatzen ari direnik. Eta, Aounen arabera, negoziazioen fasera iristeko beharrezkoa da su etena behin betiko bihurtzea. Baikor mintzatu da gaurko bilera baino lehen: «Atea irekiko dio, dena behar bezala baldin badoa, ekonomia suspertzeari, berreraikitzeari eta baita beste zenbait konturi ere», idatzi du sare sozialetan. Herrialdearen egoera azaltzeko «ez da nahikoa» dei bat, eta horrexegatik espero du noiz edo noiz Washingtonera joatea, Donald Trump AEBetako bere homologoarekin biltzeko; hori bai: «Ez dut kontsideratu Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin biltzea, ezta gutxiagorik ere».

Otsailaren 28an areagotu zuen Israelek Libanoren kontrako erasoaldia; 2023ko urritik apenas izan du etenik erasoaldiak, eta 2024ko azaroan su eten bat indarrean jarri bazuten ere, Israelek urratu egin du maiz. Otsaileko azken egunean, AEBak eta Israel Iranen aurka egiten hasi ziren, eta Hezbollahk, Teherani eraso egiten ari zirela ikusita, Israelera suziri batzuk jaurtiz erreakzionatu zuen. Ordutik, Israelek ia 2.500 pertsona hil ditu Libanon; Hezbollahren eta Iranen erasoen ondorioz Israelen hildakoak 35 inguru dira.

Israelek beste zortzi lagun hil ditu gazan

Su eten bat indarrean dago Gazan urritik, baina Israelek segitzen du zerrendako palestinarrak hiltzen ia egunero. Beste bost hil zituen atzo gauean iparraldean, Beit Lahia inguruan, Al-Xifako ospitaleko iturriek gaur jakinarazi dutenez; drone batekin egindako eraso batean hil zituen, eta haietako hiru adingabeak ziren. Gaur beste hiru hil ditu zerrenda erdialdeko Maghazi errefuxiatuen kanpalekuan, osasun iturriek Asociated Press agentziari adierazi diotenez. 2023ko urritik 72.500 pertsona hil ditu Israelek; azkeneko 780ak, tregoa indarrean sartu zenetik.

Tel Avivek esaten du Hezbollah duela helburu, baina Aounek gaur nabarmendu du Israelek «nahita» egiten duela kazetarien kontra. «Israelen erasoen helburua zera da, Libanoren kontra egiten ari dena ezkutatzea». CPJ Kazetariak Babesteko Batzordea gobernuz kanpoko erakundea 1992an hasi zen zenbatzen zenbat kazetari hiltzen dituzten urtero munduan, eta daturik handiena iazkoa da: 129 guztira; gehienak, hain zuzen, Israelek Gazan hildakoak.

Libanoko lehen ministroak salatu du Israelek «modu jakin batean» jokatzen duela: «Kazetariei eraso egiten die, era sarbidea eragozten die laguntza humanitarioko taldeei; are, eraso egiten die laguntza ematera iristen direnean». Salamek azpimarratu du horrela jokatzea gerra krimentzat jo beharko litzatekeela. 

Libano hegoaldean hil zuten Khalil kazetaria. Al-Akhbar tokiko egunkariko langilea zen, eta hedabide horrek berak azaldu duenez, Israelek, aurrena, Khalil zeraman autoari eraso egin zion. Erasotik onik atera zen, eta etxe batera jo zuen. Etxeari ere eraso egin zion Israelek, eta orduan hil zuen Khalil.

Horrek guztiak eta su etenaren urratzeek —Hezbollahk ere aitortu ditu eraso batzuk— baldintzatu egingo dute gaurko bilera. Eta negoziazio posibleei begira, Libanok eskatzen du, besteak beste, Israelgo armada herrialdearen hegoaldean duen eremutik erretiratzea —milizia xiitak ere hori nahi du, nahiz eta ez dituen elkarrizketak begi onez ikusten—. Israelek ez du horretarako asmorik, ordea. Argudiatuta Hezbollahk Libano hegoaldea kontrolatzen duela eta horrek arriskuan jartzen dituela Israel iparraldean bizi direnak, eremu hori anexionatzeko asmoa dauka; eta horretan ari da, hango etxeak eta azpiegiturak birrinduz, esaterako. Tel Avivek Hezbollah armagabetu nahi du, eta iruditzen zaio Beirutek ez duela behar beste egiten hori lortzeko.

NBEren presentzia Libanon

Bestalde, Nazio Batuen Erakundeko Bake Operazioetarako Departamentuko buruak, Jean-Pierre Lacroixek, esan du zenbait «aukera» ari direla aztertzen, Unifil Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-behinekoak erretiratuta ere erakundeak orain duen «presentziari» eutsi diezaion Libanon; ekaina baino lehen aurkeztu beharko dizkiote proposamenak Segurtasun Kontseiluari. The Guardian egunkariak jaso duenez, Lacroixen hitzetan, Libanoko Gobernuak «oso argi» dauka ez duela nahi NBE herrialdetik joatea.

1978an ezarri zuten Unifil, Israelek urte horretan Libano hegoaldea inbaditu eta gero; urtez urte berritu izan dute kasko urdinen misio hori, baina Segurtasun Kontseiluak iaz erabaki zuen urte honen amaieran bukatzea —jarraian, tropek urtebeteko epea izango dute erretiratzeko—. Unifilek 8.250 soldadu inguru ditu, eta martxoan gatazka areagotu zenetik horietako bost hil dira erasoetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA